Osasun Sailak elgorriari lotutako protokoloa jarri du abian, Gasteizen kasu bat detektatu ondoren

2019.eko martxoak 11

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak kontaktu potentzialak detektatzeko protokoloa jarri du abian, Gasteizen elgorri-kasu bat egiaztatu ondoren. Kutsatutakoa, 28 urteko emakumea da, eta lehen sintomekin martxoaren 2an hasi zen, nahiz eta analisiek martxoaren 8ra arte ez zuten baieztatu kasua.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kutsapenak saihesteko isolamendu-neurriak aplikatu ditu. Halaber, protokoloari jarraikiz, kontaktuei buruzko azterketak egiten ari dira, eta beharrezkoak diren neurriak hartu dira kasuarekin zerikusia izan duten pertsonekin.

2012 urtetik joan den urtera arte, ez da elgorri-kasurik detektatu Euskadin. Hala ere, gaixotasun hori ez da desagertu, inondik ere. Aitzitik, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren (ECDC) datuen arabera, Europa osoan gora egin duela egiaztatu da. 2018. urtean sei elgorri-kasu egiaztatu ziren Euskadin eta beste hiru kasu aurten; bederatzi kasu hauetatik, zazpi Bizkaian, bat Gipuzkoan eta azken hau Gasteizen eman dira. Orain arte kasu guztiak eremu epidemikoetara egindako bidaietan gertatutako kutsapenak izan dira, baina oraingo honetan, kutsatutako pertsonak ez du gogoratzen eremu hauetara bidaiatu duen inorekin harremanetan egon denik, beraz ikerketa epidemiologikoa abian jarri da jatorria zehazteko.

Gogorarazi beharra dago gaixotasuna izan ez duten edo behar bezala immunizatu gabe dauden pertsona guztiek har dezaketela elgorria, behar bezala txertatuta ez badaude. Euskadin, zehazki, elgorriaren aurkako txertoa haurren txertoen egutegian sartuta dago, Hirukoitz Birikoaren (elgorria-hazizurriak-errubeola) lehen dosiaren estaldura % 96,05ra iritsi da, eta bigarrenarena, berriz, % 94,7ra. Estaldura horiek OMEk gomendatutako adierazleak betetzen dituzte.

Azpimarratu beharra dago, berriz ere, oso garrantzitsua dela txertoa jartzea zenbaitetan hilgarriak izan daitezkeen gaixotasun infekzioso larriei aurrea hartzeko. Halaber, txertoen egungo segurtasuna azpimarratu behar da. 

Beste neurri batzuk hartu behar izanez gero, Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute.

 

Gasteizen, 2019ko martxoaren 11a