Osakidetzak karrera profesionalaren 2012tik aurrerako osagarriak ordainduko ditu

2019.eko maiatzak 02

Osakidetzako Mahai Sektoriala

 OSAKIDETZAK KARRERA PROFESIONALAREN 2012TIK AURRERAKO OSAGARRIAK ORDAINDUKO DITU

 

Osakidetzak gaur eman die erabaki honen berri Mahai Sektorialean dauden sindikatuei

Sindikatuek eta Osakidetzak Lehen Mailako Arreta indartzeko proposamena aztertu dute

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka Osakidetzak jarritako kasazio-errekurtsoan atzera egitea adostu zuen Osakidetzako Administrazio Kontseiluak asteartean, apirilak 30. Erabaki horrek ahalbidetu egingo du datozen hilabeteetan 130 milioi euro baino gehiago ordaintzea Osakidetzako langileei, orain arte etenda zegoen karrera profesionalaren aintzatespen-prozesuari dagozkion zenbatekoetatik. Osakidetzako Mahai Sektorialean dauden sindikatuei gaur jakinarazi zaie erabakia.

Gaur Gasteizen egindako Mahai Sektorialaren bileran, Lehen Mailako Arretan sartu beharreko hobekuntzekin lotutako eskaeren inguruan sindikatuek egindako proposamenak ere aztertu dira.

 

KARRERA PROFESIONALA

Osakidetzako Administrazio Kontseiluak errekurtsoan atzera egiteko hartutako erabakiak berekin dakar 2012tik 2018ra arte dagozkion zenbatekoak datozen hilabeteetan ordaintzeko izapideei ekitea. Euskal Osasun Zerbitzuak 130 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu helburu horretarako, eta Osakidetzako 10.165 langileri zuzenduta egongo da.

 

LEHEN MAILAKO ARRETA

Mahai Sektorialaren bileran, Lehen Mailako Arretarekin lotutako eskaeren inguruan sindikatuek egindako proposamenak ere aztertu dira. Osakidetzako Zuzendaritza elkarrizketarako prest agertu da arlo horretan hobetzeko neurriak hartzeko, eta Mahai Sektorialaren beste bilera bat deitu du, hitzarmenak eta horien inguruko neurri zehatzak bilatzeko.

Bestalde, Osasun Saila eta Osakidetza, dagoeneko, otsailean aurkeztutako Lehen Mailako Arretarako Estrategian jasotako indartze-neurriak zabaltzen ari dira. Estrategia horrek 35 neurri zehatz biltzen ditu baliabide pertsonalak eta materialak indartzeko, osasun-langileen lana desburokratizatzeko edo Erizaintzaren egitekoa indartzeko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 2a