Mundu Itunak, 3 enpresari-elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu dute, 2030 agenda sustatzeko Euskadiko enpresetan

2019.eko martxoak 04

  • GJHek (Garapen Jasangarrirako Helburuek) enpresarietatik soluzioak eta teknologiak garatu eta ezartzeko aukera dakarte, munduan garapen jasangarriaren arloan dauden erronka handienei aurre egin ahal izateko
  • Enpresak funtsezko eragile gisa ageri dira Agenda 2030 ezartzeko

Global Compact edo Mundu Itunak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hiru enpresari-elkarteekin batera, CEBEK, SEA eta ADEGI, euskal enpresa-egituran Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) zabaltzeko duten lankidetza sendotzea erabaki dute. Horrela, akordioa sinatu da, euskal enpresetara egokitutako trebakuntza-produktutan, Agenda 2030eko prestakuntza-tresnak eta Agenda 2030ean oinarritutako enpresa-kudeaketako tresnak kontratatzeko; horrela, enpresei trebakuntza emango zaie, solaskide egokiak izateko eta, gainera, horien emaitzak hobetzeko, jasangarritasunaren ikuspegitik.

Zehazki, aurreikusita dago akordioak honako eginkizunak garatuko dituela: Online prestakuntza-plataforma sortzea; Prestakuntza-modulua egokitzea; Online prestakuntzaren erabileraren segimendua egitea; GJH online kudeaketa-tresna egokitzea eta pertsonalizatzea eta Kudeaketa-tresnaren erabileraren segimendua egitea eta aholkularitza ematea.

Proiektuan, Ekonomiaren Garapen Sailak eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak dihardute lankidetzan elkarrekin, eta, abian jartzeko, hasieran jakinarazpena bidaliko zaie 4.000 enpresari; 2019ko martxoan hasiko da eta urte bereko abenduan amaitu.

2015eko irailaren 25ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onetsi zuen Garapen Jasangarrirako 2030erako Agenda: pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plana, Garapen Jasangarrirako 17 Helbururekin (GJH); hura betetzeko epea 2030. urtera artekoa da.

Eusko Jaurlaritza lurraldean GJHen ekarpen eta ezarpenerako urratsak ematen ari da. Horrela, 2018ko apirilean, Eusko Jaurlaritzak Agenda Euskadi Basque Country 2030 onetsi eta jendaurrean jarri zuen. Hala ere, Euskadin hasitako urratsen amaiera ez da Eusko Jaurlaritzak eta politika publikoek Agenda 2030i egiten dioten ekarpena. Eragile askok egiten dute lan Euskadin Agenda 2030en alde, sektore pribatuak besteak beste.

Sektore pribatuak ere eginkizun nagusia du ibilbide-orri hau zehazten eta ezartzen; aldi berean, aurrekaririk gabeko erantzukizuna eta aukera dakartza, negozio baten helburuek zuzentasunaren eta jasangarritasunaren helburuekin bat egiteko. Hori dela eta, enpresak funtsezko eragile gisa ageri dira Agenda ezartzeko, bai eta funtsezko tresna gisa ere GJHak finantzatu eta lortzeko; horrela, ezinbesteko kolektibo bilakatzen da Agenda 2030en ezarpenean.

GJHek enpresarietatik soluzioak eta teknologiak garatu eta ezartzeko aukera dakarte, munduan garapen jasangarriaren arloan dauden erronka handienei aurre egin ahal izateko. GJHek gure gizarteen garapenerako agenda globala eratzen dutenez, enpresa liderrek aukera izango dute erakusteko beren negozioek nola laguntzen duten garapen jasangarrian aurrera egiten, bai eragin negatiboak murrizten laguntzen, bai pertsonetan eta planetan eragin positiboak areagotzen.

Global Compact edo Mundu Ituna sektore pribatuko enpresa-jasangarritasunerako NBEren ekimena da, eta enpresek eta erakundeek GJHak lortzeko egiten dituzten ahaleginen katalizatzailea da. Gainera, unibertsalki onartutako 10 Printzipioren sustapenean ere lan egiten du, lau arlo tematikotan: giza eskubideak, lan-estandarrak, ingurumena eta ustelkeriaren aurkako borroka.

Mundu Itunak eta Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzate elkarrekin lanean, euskal enpresa-egituran GJHak zabaltzeko. Lankidetza horren emaitza da euskal hiru enpresari-elkarteekin batera sinatu duten akordioa.