Lehendakariak euskal notarioek euskal gizartearen berezitasunei erantzuteko duten konpromisoa nabarmendu du

2019.eko urtarrilak 21

  • Lehendakaria Euskal Herriko Notario Elkargoaren X. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldian izan da
  • Lehendakariak nabarmendu du Gernikako Estatutua osorik betetzeko aldarrikapenak erakunde-erantzukizuna eta euskal herritarren borondatearekiko errespetua dituela oinarri
  • Lehendakariaren hitzen arabera, segurtasun juridikoa gakoa da ekonomia- eta gizarte-garapenerako

Iñigo Urkullu Lehendakaria Euskal Herriko Notario Elkargoaren X. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldian izan da 

Ekitaldia Bilboko Guggenheim museoan izan da eta, bertan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua, Mª Jesús San José Lan eta Justiziako sailburua, Bakartxo Tejería Legebiltzarreko lehendakaria, Jesús Loza Gobernuak Euskadin duen ordezkaria eta Carmen Adán del Río EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal burua ere izan dira.

Lehendakariak Notario Elkargoaren Ohorezko Liburuan sinatu ondoren, agintariak Entzungelara joan dira. Ekitaldi ofiziala hasi aurretik, Ohorezko Aurreskua dantzatu dute, eta Bilboko Ingeniarien Elkargoko Abesbatzak abestu du. Ekitaldian, omenaldi gisa, Elkargoaren Ohorezko domina eman da; domina X. urteurrena ospatzeko sortu da. Domina Bilboko eta Euskal Herriko elkargoetako dekano-kargua izan duten notarioei eman zaie. Ekitaldia amaitzeko, Ingeniarien Elkargoko Abesbatzaren emanaldia izan da, eta Agur Jaunak abestia abestu dute.

Lehendakariak euskal notarioek Gernikako Estatutuan jaso diren euskal gizartearen berezitasunei erantzuteko duten konpromisoa nabarmendu du. Hori horrela, notarioek hizkuntzari eta zuzenbide zibilari eskainitako arretaren balioa nabarmendu du Lehendakariak, eta bi gai horiek nuklearrak direla aipatu du. Baina Lehendakariak gogorarazi du Estatutuan jaso diren gainerako gaiak ere ezinbestekoak direla duela 40 urte hitzartutako eta onetsitako autogobernuko kotetara iristeko. “Eusko Jaurlaritzak hura osorik betetzeko aldarrikapenak erakunde-erantzukizuna eta euskal herritarrek demokratikoki adierazitako borondatearekiko errespetua ditu oinarri”, esan du.

Era berean, notarioek prebentziozko segurtasun juridikoaren bermean duten eginkizuna ere nabarmendu du Lehendakariak. Lehendakariaren hitzen arabera, segurtasun juridikoa funtsezkoa da ekonomia- eta gizarte-garapenerako; izan ere, bere iritziz, argitasuna eta konfiantza lortzeak zuzenean laguntzen dio gizarte baten dinamismo ekonomikoari. “Segurtasunak, zorroztasunak eta egonkortasunak gizartean konfiantzazko giroa sortzen laguntzen dute, eta horiek sustatzen duten lanerako ekosisteman eragile guztiek bete dezakete beren eginkizuna ahalik eta eraginkorren”, esan du.

Lehendakariak gogorarazi du eragile juridikoekin eta erakunde publikoekin elkarlanean jarduteak aukera ematen duela gizartearen eskariei eta erronkei ematen zaien erantzunean aurrera egiteko.