Legebiltzarrak 2019-2022 epealdirako Euskal Estatistika Planaren Legea onetsi du

2_azpiazu_parlamento.JPG

2019.eko ekainak 27

LEGEBILTZARRAK 2019-2022 EPEALDIRAKO EUSKAL ESTATISTIKA PLANAREN LEGEA ONETSI DU

 

  • 229 estatistika eragiketa hartzen ditu barne
  • Euskal Estatistika Planaren VIII. Lege Proiektua da, eta Legebiltzarrean Lege bitartez onartzen den Jaurlaritzaren Plan bakarra

 

Legebiltzarrak 2019-2022 epealdirako Euskal Estatistika Planaren Lege Proiektua onetsi du gaur. Legearen xede nagusia, datozen lau urteetan EAEko estatistika jarduera arautuko duen tresna bilakatzea da, eta urtero Jaurlaritzak onesten dituen Estatistika Programen bitartez gauzatuko da. Lege horrek EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen aldeko botoak, EH-BILDUren boto zuria eta Elkarrekin Podemosen abstentzioa izan ditu. Euskal Estatistika Planaren VIII. Lege Proiektua da, eta Eusko Legebiltzarrean Lege bitartez onartzen den Jaurlaritzaren Plan bakarra.

Estatistika ofizialaren presentzia ezinbestekoa da gizartearen errealitate sozio-ekonomikoa ezagutu ahal izateko. Estatistikek ematen dituzten emaitzak funtsezkoak dira, eragin zuzena baitute erabakiak hartzeko orduan, sektore publikoan zein pribatuan.

Lege horretan, 2022ko abenduaren 31ra arte egingo diren estatistikak biltzen dira. Zein informazio eskainiko den, estatistikak zelan egingo diren eta horiek egiteaz nor arduratuko den ezartzen du. Horrela, erabiltzaileek, 2022ra arte Euskadiko Autonomia Erkidegoko informazio estatistikoaren ekoizpena eta, ondorioz, eskuragarritasuna, zein izango den jakin ahal izango dute.

2019-2022 epealdirako Euskal Estatistika Planaren Legearen barruan 229 estatistika eragiketa egitea jasotzen da. Eustat da 124 estatistika eragiketaren arduraduna, eta Sailek banaketa hau dute:

 

  • Ingurumena, Lurraldearen Plangintza eta Etxebizitza: 21 eragiketa
  • Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak: 21 eragiketa
  • Kultura eta Hizkuntza Politika: 15 eragiketa
  • Enplegua eta Gizarte Politikak: 12 eragiketa
  • Osasuna: 12 eragiketa
  • Gobernantza Publikoa eta Autogobernua: 9 eragiketa
  • Segurtasuna: 4 eragiketa
  • Ogasuna eta Ekonomia: 4 eragiketa
  • Lana eta Justizia: 4 eragiketa
  • Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa: 3 eragiketa

2019-2022 epealdirako Euskal Estatistika Planean jasotzen diren estatistika eragiketak gaikako 22 arlotan biltzen dira. Kostu handienekoa “Azpiegitura estatistikoa” izenekoa da. Kostu osoaren %13,38 hartzen duten 14 eragiketa biltzen ditu. Ondoren, kostu osoaren %13,03 hartzen duten 30 eragiketa biltzen dituen “Demografia eta gizarte arloko ohiturak” izenekoa dator, eta, hirugarren lekuan, kostuaren %10,72 berenganatzen duten 26 eragiketa batzen dituen “Kontu ekonomikoak” atala.

Eusko Legebiltzarrak onetsi duen Legea, Euskal Estatistika Kontseiluan bildutako gizarteko eragileen gogoeta prozesuaren ondorioa da: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, Udalak, Unibertsitateak, Enpresa Elkarteak, Sindikatuak, Merkataritza Ganberak eta Kontsumitzaileen Elkarteak.

Beraz, Jaurlaritzak egiten duen gauza bakarra, gizarteko euskal eragileek planteatu dituzten informazio beharrak Eusko Legebiltzarrera bideratzea da.