Hazi ekologikoen araudi berriaren aurreko erronkak

jornada_semillas_neiker.jpg

2019.eko maiatzak 06

Nekazaritza ekologikoaren sektorea datorren maiatzaren 8an eta 9an elkartuko da Vitoria-Gasteizen hazi ekologikoen etorkizuneko araudiari buruz eztabaidatzeko eta ekoizleek eta erabiltzaileek jarduteko lehentasunak zehazteko.

LIVESEED EU proiektuaren esparruan jasotako azken datuek adierazten dute Espainiako lurraldean nekazari ekologikoen euren sailetan ekoitzitako hazien erabilera oso baxua dela (guztiaren %1 edo gutxiago). Hazi ekologikoko mintegiak erosten dituztenean aurkitzen dituzten prezioak batez bestekoa baino %10-%25 garestiagoak dira. Horregatik, hazi ekologiko gehienak atzerriko enpresetatik datoz.

Egoera horri etorkizuneko erronka berriak gehitu behar zaizkio, izan ere, hazi ekologikoen inguruko arau berriak inplementatu behar dira, eta horrek Europa osoko hazi ekologikoen ekoizleei eta erabiltzaileei eragingo die. Arrazoi hori tarteko, Nekazaritza Ekologiko/Agroekologiako Espainiako Elkarteak (SEAE) “Hazi ekologikoak: arau berriak, erronka berriak” jardunaldiak antolatu ditu, datorren maiatzaren 8an eta 9an, Vitoria-Gasteizeko hainbat kokagunetan. Topaketaren asmoa da sektore ekologikoko nekazari, teknikari, ekoizle eta beste eragile batzuen ordezkaritza handi bat elkartzea, eta antolamenduan laguntzaileak dira NEIKER-Tecnalia, ENEEK, Vitoria-Gasteizeko Udala eta Euskadiko Hazien Sarea.

Jardunaldiak Europako LIVESEED EU proiektuaren esparruan garatuko dira, eta hazien ekoizpen, merkaturatze eta kontserbazioari eragiten dioten gaur egungo arazoak eta Erregelamendu berriak aztertuko dira, hazi eta landare ekologikoen ekoizleen ordezkariekin, hazi sareetako ordezkariekin, Unibertsitatekoekin eta kontsumitzaile elkarte eta erakundeetakoekin. Helburua da hainbat lehentasun ezartzea nekazariek dituzten premia nagusien aurrean, elkartuko diren eragile guztien eztabaidaren bitartez. Sektorearen beste eztabaida foro batzuen ondorioak ere aurkeztuko dira.

Hazi ekologikoen sektorearen arazoak eta aukerak

Madrilen aurrez elkartu zen LIVESEED proiektuaren topaketa batean, zeinean Europa mailako eragileek parte hartu baitzuten (FiBL, IFOAM EU…), Espainiako hazi ekologikoen sektorearen hainbat arazo eta aukera identifikatu ziren. Horien artean arazo bat nabarmentzen da: Espainiako merkatuan ez dago behar besteko hazi ekologikorik eskuragarri, eta, aldi berean, ez dago behar besteko eskaririk. Horren arrazoi nagusia da kostu handia, eta nekazariek erraz lortu dezaketela salbuestea askoz merkeagoak diren hazi konbentzionalak (tratatu gabeak) erabiltzeko.

Halaber, adierazi zenez, ez dago pizgarririk hazi konbentzionalen konpainiek ekoizpen ekologikoan inbertitu dezaten, izan ere, ez dituzte negozio errentagarritzat jotzen, eta ez dute hazi kopuru handirik barietate bakoitzerako. Azpimarratu zen beste gai bat izan zen haziei buruzko datu baseak ez daudela eguneratuta, eta haziak merkaturatzeari buruzko legedia ere aipatu zen, zaildu egiten duelako barietate tradizional eta lokaletako hazi ekologikoak erabiltzea.

Vitoria-Gasteizeko topaketan inplikaturiko eragile guztien gomendioak jasoko dira gai hauei buruz: Legedia, barietate tradizionalak, merkaturatzea, ekoizpena, erabilera… Jardunaldietako sarrera doan izango da aurrez izena emanda.