Gripeak jarraitzen du gora Euskadin

2019.eko urtarrilak 17

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute zer garrantzitsua den baliabideak arduraz erabiltzea, gaixotasun honen berezko sintomak nabaritzean

 

Euskadin gripeak gora egin du, berriro, azken astean; jarduera-tasa 362,4 kasukoa da 100.000 biztanleko. Denboraldiaren hasieratik, gripe egiaztatuagatiko 500 ospitaleratzeren berri eman da; 165ek larritasun-irizpideak izan dituzte. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute zer garrantzitsua den baliabideak arduraz erabiltzea, gripearen berezko sintomak nabaritzean, eta kasu bakoitzean erabilgarri dauden osasun-zerbitzuak balioestea.

Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean urtarrilaren 7aren eta 13aren bitarteko aldia aztertu da eta, bertan, gripearen sindromeagatiko asistentzia-eskaria handitu dela jaso da. Azken aste honetan, 6.716 kontsulta egon dira gripearen sindromeagatik Lehen Mailako Arreta Sarean. Bizkaia da, momentuz, asistentzia-eskari gehien izan duen lurraldea.

Gainera, gripearen denboraldia hasi zenetik, 19 heriotza erregistratu dira eta, guztira, 500 ospitaleratu. Kasu larrienetan, 165 kasutan, batez besteko adina 64 urte izan da, eta nabarmendu behar da arrisku-kasutzat hartzen zirenetatik % 53,5ek ez zuela txertoa jarrita.

Gripearen berezko sintomak nabaritzen dituztenen kasuan, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aholkua honako hau da: osasun-baliabideak arduraz erabiltzea eta, horrela, sintomatologiaren arabera, beren arazoari arreta eta konponbidea emateko osasun-zerbitzu egokiena zein den baloratzea (familia-medikua, etengabeko arreta-guneak edo EAGak eta, azken aukera gisa, konplikazio larrien kasuan, ospitaleetako larrialdiak). Horrela, berriz ere esan dute ez dela egon behar izango alferrik itxaroten arreta jasotzeko eta, aldi berean, ez dugula osasun-sistema bera kolapsatuko.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripe a gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, medikuarekin kontsultatu beharko dugu. Era berean nabarmendu behar da eritasun birikoa dela eta antibiotikoak kasu horretan ez direla eraginkorrak (oso kasu jakinetan baino ez lirateke hartu beharko, eta betiere medikuak hala aginduta); aldi berean gomendatzen da, transmisio- eta kutsadura-maila altua denez, zuhurtziazko neurri higienikoak hartzea, esaterako, eztul edo doministiku egitean ahoa edo sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak sarri garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

Gasteizen, 2019ko urriaren 17an