Gripea ia erdira jaitsi da astebetean

2019.eko otsailak 07

Lehen mailako arretako osasun-zentroetan gripearen ondoriozko kontsultak murriztu egin dira proportzio berean; aste honetan, 3.725 kontsulta erregistratu dira, eta, pasa den astean, 6.868

 

Gripeak Euskadin jarraitzen du beheranzko joerarekin, azken astean bildu diren datuek erakusten dutenez. Gripearen intzidentzia-tasa 217,6 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, duela astebetekoaren erdia ia. Asistentziaren eskariak jarraitzen du beherantz egiten; izan ere, azken aste honetan, 3.725 kontsulta erregistratu dira gripearen sindromeagatik Euskadiko lehen mailako arretako osasun-zentroetan; aurreko astean 6.868 erregistratu ziren.

Hala jaso da Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenean; gripearen jarduera aztertu da, urtarrilaren 28tik otsailaren 3ra bitartean. Txosten horretan, era berean, 0 eta 4 urte bitarteko neska-mutiletan gripearen intzidentziak nabarmen behera egin duela antzematen da, kontuan hartuta adin-tarte horretako taldeak izaten dituela kutsadura-tasarik handienak. Oraingoan, 937,5 kasuko tasa erregistratu da 100.000 biztanleko eta, aurreko astean, 1.568 kasukoa.

Gripearen bilakaera datozen asteotan nolakoa izango den ez badakigu ere, datuen arabera badirudi Euskadin gripearen jarduerak murrizten jarraituko duela eta atalase epidemikotik (55,7 kasu 100.000 biztanleko) beherako erregistroetara itzuliko dela.

Denboraldia hasi zenetik, 1.433 pertsona ospitaleratu behar izan dira eta 364k larritasun-irizpideak izan ditu. Gainera, 63 pertsona hil dira gripearekin lotuta dauden konplikazioak izan dituztelako; horiek guztiak arrisku-taldean zeuden, alegia, 65 urtetik gorakoak ziren edo gaixotasun kronikoren bat zuten.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute herritarrek beren esku dituztela osasun-baliabideak, gripearen beraren sintomak antzematen badituzte, baina baliabide horiek arduraz erabiltzea zer garrantzitsua den azpimarratu dute.

Hori horrela, gogorarazi behar da gripea gaixotasun desatsegina dela, baina onbera biztanle osasuntsuetan, eta ez duela tratamendu berezirik; beraz, atsedena hartzea, likido ugari hartzea eta sukarra arintzeko antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak jarraitzen badu, familia-medikuarenera joan beharko dugu, edo Etengabeko Arretako Gune batera edo, bestela, ospitale-larrialdietara.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 7a