Gobernuak, irailetik aurrera, bikotea eratzen duten bi pertsonentzako 18 asteko gurasotasun-baimenak jarriko ditu abian

2019.eko ekainak 12

  • Aurrerantzean, euskal administrazio publikoan lanean ari diren 70.000 pertsonek gurasotasun-baimenerako 18 aste hartzeko eskubidea izango dute, % 100ean ordainduta eta besterentzeko aukerarik gabe
  • Baimenak berdin emango zaizkie bikotea eratzen duten bi pertsonei, sexua edo gurasotasunaren motiboa edozein dela ere 

Eusko Jaurlaritzak, irailean, bikotea eratzen duten bi pertsonentzako 18 asteko gurasotasun-baimenak jarriko ditu abian. Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuekin (ELA, LAB, CCOO eta UGT)  akordio batera iristea ezinezkoa izan dela ikusita hartu du erabakia Eusko Jaurlaritzak. Horrela, iaz Euskal Ganberara bidalitako Enplegu Publikoaren Lege Proiektuan egindako hasierako proposamena hobetzen da; bertan, gutxienez 16 asteko gurasotasun-baimena proposatzen zen.

Gurasotasun-baimen hauek % 100ean ordainduko dira, parekatuak izango dira eta besterenezinak izango dira bikotea osatzen duten eta euskal administrazio publikoan lan egiten duten kideen artean. Neurriak aurrekontuan 6,5 milioi euroko eragina izango du, eta Euskadiko administrazio orokorrean, Segurtasunean, Osakidetzan, Hezkuntzan eta Justizia Administrazioan lan egiten duten 70.000 pertsona ingururengan izango du eragina.

Eusko Jaurlaritzak erabakia hurrengo Gobernu Kontseilu batean onetsiko du formalki, irailaren 1ean indarrean sartu ahal izateko.

18 ASTE

Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak honako hau esan du: “proposamen aitzindaria eta errespetuzkoa da gaur egun bizi ditugun gizarte- eta familia-errealitateekin”. Bi helburu nagusi ditu:

  1. Langile publikoen kontziliazioari bide ematea. Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzak jauzi kualitatiboa eman nahi du emakume eta gizonen erabateko berdintasunaren arloan, eta, horrela, bi sexuen artean seme-alabak zaintzeko lanek duten banaketa desparekoak dakarren desoreka zuzentzen lagundu. Andrés Zearretak bere egin du Emakunderen mezua, eta zera esan du: “Administrazio publikook eginkizun gidaria izan behar dugu eta, horretarako, gizonak etxeko lanaren erantzunkide ere izan daitezen sustatu”. Hori horrela, Funtzio Publikoko sailburuordeak honako hau gogorarazi du: “jakina da gizonek seme-alaben zainketan duten inplikazioa funtsezko elementua dela emakumeak ahalduntzeko, beren garapenerako eta ongizaterako; horrela, jaiotza-tasa sustatzen da eta gizonen beren ongizate emozionala bultzatzen da. Gainera, funtsezko elementua da genero-indarkeriaren prebentzioan”.
  2.  Familia-eredu guztiak errespetatzea; horrela, baimen horiek berdin eman nahi dizkie bikotekide biei, sexua edo gurasotasunaren motiboa gorabehera: jaiotza, adopzioa, familia-harrera edo subrogazioa…