Gobernuak EEE-ren eta IVAP-en artean IVAP-ek Bilbon duen egoitzan eraginkortasun energetikoa hobetzeko lankidetza-hitzarmena sinatzea onetsi du (Gobernu Bilera 2019-02-12)

fotoconsejo.jpg

2019.eko otsailak 12

  • Auditoretza energetikoak eta bestelako azterlanak egingo dira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Bilbon duen egoitza jasangarriagoa izateko 

Gobernu Kontseiluak, gaur, “Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen  (HAEE) artean IVAPen mendeko eraikin eta instalazioetan jasangarritasun energetikoa sustatzeko lankidetza-hitzarmena” onetsi du. Horrela, bi erakundeek dute jasangarritasun energetikoan aurrera egitea eta IVAPen eraikinen edo zentroen kudeaketa eraginkorra hobetzea helburu.

EEE - Energiaren Euskal Erakundeak eta HAEE - Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak sinatutako hitzarmenak honako jarduketa hauek jaso ditu: 

  • Auditoretza Energetikoak, IVAPek Bilbon duen egoitzan (Recalde zumarkalea 18) efizientzia energetikorako neurriak identifikatzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko. Auditoretzak “Eusko Jaurlaritzako Jasangarritasun Energetikoko Batzordeak” jardun-planean eta ondoko berrikuspen-proposamenetan ezarritako irizpideen arabera egingo dira.
  • Beste azterlan tekniko batzuk, egin beharreko jarduketak zehazteko eta IVAPen Jardun Plana ezartzeko beharrezkoak.
  • Bilboko egoitzako ziurtagiri energetikoa.
  • Efizientzia energetikoaren eta energiak berriztagarriekin edo jasangarriagoak direnekin ordezkatzeko neurriak jaso dituen Jardun Plana prestatzea.

Akordioak ezartzen du EEE arduratuko dela auditoretzez, ziurtagiri energetikoez, horien analisiaz eta osteko onespenaz, bai eta IVAPi bere eraikin eta instalazioetan efizientzia energetikoko neurriak ezartzeko eta energia berriztagarriak baliatzeko Jardun Plana idazten laguntzeaz ere.

Era berean, IVAPek konpromisoa hartzen du auditoretza, ziurtagiri eta azterlanetarako alderdi teknikoak berrikusi eta onesteko eta horiek aurrera eramateko beharrezko informazioa emateko. Gainera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aktiboki parte hartuko du emaitzen analisian, Jardun Plana prestatzeko fasean eta hura praktikan jartzean, aurrezpenaren eta berriztagarrien gomendioei jarraikiz.

Hitzarmena urtebetez egongo da indarrean, eta luzatu ahalko da, gehienez 4 urtez. EEEk eta IVAPek bakoitzak ordezkari bat izendatu du, hitzarmenaren Segimendu Batzordea sortzeko; organo horrek lankidetza-hitzarmenean ezarritako jarduketen garapenean sortzen diren informazio, komunikazio, zalantza edo aldaketak transmititzeko bitarteko gisa jardungo du.

JASANGARRITASUN ENERGETIKOA

Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen  (HAEE) artean IVAPen mendeko eraikin eta instalazioetan jasangarritasun energetikoa sustatzeko lankidetza-hitzarmenaren bidez irailaren 22ko 178/2015 Dekretuak ezartzen duen konpromisoari erantzuten zaio; konpromiso hori Euskadiko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoaren ingurukoa da, sektore publikoan aurrezpena, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera arautzeko. Dekretu horrek ezartzen du sektore publikoko eraikinek eta instalazioek eraikin eta instalazioen auditoretza energetikoak eta jardun-plana izan behar dituztela.