Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzak Poloniako hiltegi bateko haragi-lote bat gelditu du

2019.eko otsailak 01

  • Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi nahi du haragiak ez baitu osasunerako arriskurik suposatzen

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Poloniatik datorren behi-haragiaren lote bat lokalizatu eta gelditzeko agindua eman du. Izan ere, Zuzendaritzaren iritziaren arabera, ez du kontsumitzeko osasun-berme nahikoa betetzen. Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua helarazi nahi du gelditutako haragiak ez baitu osasunerako arriskurik suposatzen.

Estatu Mailako Alerta eta Informazio Sistemaren Sareak (SCIRI) jakinarazi du Estatu espainiarrera Poloniako hiltegi batetik datorren, eta antza denez  saltzeko eta kontsumitzeko heriotza ondoko kontrolak bete ez dituen, behi-haragia sartu dela. Informazio honetan Euskal Autonomia Erkidegoko sei salmenta-gunetara banatu dela ere ohartarazi dute.  Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak haragi loteak lokalizatu eta gelditu ditu, kautela-neurri gisa.

Osasun Sailak egoera horren bilakaeraren berri emango du, bestelako neurririk hartu behar bada.