Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak "Euskadin kirolarekin lotura duen indarkeria modu partekatuan kudeatzeko talde-lanean egindako diagnostikoa eta proposamenak" txostena aditzera eman du Eusko Legebiltzarrean

2019.eko martxoak 25

  • UPV/EHUko irakasleek egin dute azterlana, Eusko Legebiltzarrak mozio bitartez Eusko Jaurlaritzari eskatu ostean.

 

Gasteiz, 2019/03/25          

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendari Jon Redondok ‘Euskadin kirolarekin lotura duen indarkeria modu partekatuan kudeatzeko talde-lanean egindako diagnostikoa eta proposamenak’ txostena aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzak agindu zuen aipatu azterlana, 2018ko martxoaren 16an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen mozio bati erantzunez, zeinak kiroleko indarkeriaren aurkako jardunaldi bat antolatzea eta etorkizunari begira hartu beharreko neurriak bilduko zituen ondorio-txosten bat egitea eskatu baitzion erakunde Betearazleari.

Azterlanaren xedea da abiapuntua ezartzea, gerora kiroleko indarkeriaren aurkako borrokan aurrera egin ahal izateko. Honela, proiektuak bi helburu zehatz ditu:

  • Kirolari batutako indarkeriaren fenomenoaren diagnostikoa egitea (arreta berezia eskainiz futbolari), arazoaren tamaina zehazten saiatuz, kirol profesionalean zein amateurrentzako kirolean, bai eta azalpenezko kontzeptu-marko bat eta kirolari lotutako indarkeriaren aurka borrokatzeko jardunbide egokien katalogo bat garatuz ere.
  • Kirolari batutako indarkeriaren aurka borrokatzeko gomendio-proposamenak egitea.

Hainbat eragilerekin batera

Juan Aldaz eta Marian Izpizua UPV/EHUko irakasleek egin dute txostena. Eginkizun horretan, ondokoen laguntza izan dute: Eusko Jaurlaritzako ordezkariak (Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritza, Joko eta Ikuskizunen zuzendaritza eta Segurtasuna koordinatzeko zuzendaritza/Ertzaintza), kirol talde profesionalak (futbol talde profesionaletako segurtasun buruak, oinarriko kirola, eskola kirola eta kirol amateurra). Horiekin batera, hiru aldundietako kirol zuzendaritzek, Gesto Deportivo elkarteak, Euskadiko Futbol Federakundeak eta Euskadiko Futbol Arbitroen Batzordeak ere lagundu dute.

Txosten zabal honen diagnostikoa lau ardatz nagusitan oinarritzen da:

  • Kiroleko indarkeriaz baino, eraso fisikoez eta ahozko erasoez hitz egin beharko genuke futbolean, profesional mailan zein oinarriko eta amateurren arteko futbolean (detektatutako kasu guztien % 95etik gora).
  • Kasuen % 97an errudun izan direnak gizonak dira.
  • Indarkeria onartzeko maila altuagoa denez kirol arloan, beste testuinguru batzuetan onartuko ez liratekeen indarkeriak onartzen ohi dira.
  • “Eremu beltz” (salatzen ez diren indarkeria-adierazpenak) handia duen arazo bat da.

Ondokoek, txostenaren gomendioak laburbiltzen dituzte:

  • Zigorrak aplikatzea (denbora zein formari dagokienez).
  • “0” tolerantzia indarkeriazko portaeren aurrean, beren intentsitatea dena dela.
  • Sentsibilizazio-programa iraunkorrak eta jarraituak denboran zehar.
  • Esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko guneak sortzea (bottom up – foroa), indarkeriaren aurka borrokatzeko ekintza zehatzak gara ditzagun.
  • Etengabeko jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat ezartzeko beharra, indarkeriaren aurkako politikak bideratu ahal izateko.