Eusko Jaurlaritzak tratamenduak betetzeko Dekretua egokitu du, kolektibo ahulenentzako laguntza ekonomikoei eusteko (Gobernu Bilera 2019-02-05)

logoconsejo.jpg

2019.eko otsailak 05

Gobernu Kontseiluak, gaur, 447/2013 Dekretua aldatzeko dekretua onetsi du. 447/2013 Dekretuaren bidez, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dira. Aldaketa hori onuradunen zehaztapena Estatuko arauketa berrira egokitzeko eta, horrela, urtero 2013tik ematen dituen laguntza ekonomikoen ildoari eutsi ahal izateko egin da. 

2017ko azaroan, Eusko Jaurlaritzak Dekretuaren beraren lehen aldaketa onetsi zuen, onuradunen bi kolektibo berri sartzeko: batetik, langabeziako legezko egoeran egon eta langabezia-prestazioaren hartzaile direnak, eta, bestetik, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) hartzaile direnak, beren lan-errenten osagarri gisa. Bi kasuetan, diru-sarrerek ezin dute 18.000 €-tik gorakoak izan. Kolektibo horiez gainera, ordura arte honako kolektibo hauek ari ziren laguntzak jasotzen: urtean 18.000 eurotik beherako urteko diru-sarrerak dituzten pentsiodunak; prestazio ekonomikorik gabeko langabe-egoeran dauden pertsonak; eta egoitza-egoera irregularrean dauden etorkinak.

Gaur Gobernu Kontseiluak Jon Darpón Osasun sailburuak proposatuta onetsi duen Dekretuak, orain, jatorrizko testuaren terminologia 7/2018 Errege Lege Dekretuak Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko Legean sartutako aldaketara egokitu du; horrela ezartzen du osasuna babesteko eta osasun-arretarako eskubidearen titular, batetik, Espainiako nazionalitatea duten pertsona guztiak eta beren bizilekua Espainiako lurraldean finkatuta duten atzerriko pertsona guztiak direla, eta, bestetik, Espainiako estatuan egoiliar gisa erregistratuta ez dauden eta baimenduta ez dauden atzerritarrak direla, biak ere baldintza beretan.

Araudiaren aldaketa hori ezinbestekoa da, ahultasun-egoera dela eta, koordainketa farmazeutikoak ezarritako kostu gehigarriari aurre egin ezin dieten pertsonetan tratamendu farmazeutikoak betetzen direla bermatzeko Eusko Jaurlaritzak 2013an ezarritako laguntzei eusteko.