Eusko Jaurlaritzak onartu du Ipurua estadioa birmoldatzeko lanetan 1.000.000 euro jartzea (Gobernu Bilera 2019-04-30)

fotoconsejo.jpg

2019.eko apirilak 30

  • Jaurlaritzaren, Eibarko Udalaren eta Eibar Kirol Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen batek elkarlan honen detaileak eta baldintzak zehaztuko ditu

Gobernu Batzordeak bere gaurko saioan onartu duen akordio-proposamen baten bitartez, Eusko Jaurlaritzak 1.000.000 euro jarriko ditu Eibarko Ipurua estadioa birmoldatzeko lanetan. Proposamen honen arabera, Jaurlaritzaren, Eibarko Udalaren eta Eibar Kirol Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen batek elkarlan honen detaileak eta baldintzak zehaztuko ditu. Hiru parteen arteko akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team Fundazioak kirol instalazioak eta bestelako guneak erabiltzeko eskubidea izango dute estadioan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak iragan abenduaren 5ean eman zuen ezagutzera Ipurua estadioaren lanetan laguntzeko bere asmoa, birmoldatzeko lanak ikusteko egindako bisita batean. Eusko Jaurlaritzaren inbertsioari esker Ipuruako mendebaldeko harmaila birmoldatzeko lanen zati bat ordainduko da. Ipar eta ekialdeko harmailak berritu ondoren, mendebaldekoa birmoldatzeko lanekin amaituko dira erreforma-beharrak Ipuruan. Klubetik aurreikusten dutenez, lanak 2019-2020 denboraldiaren hasierarako amaituta egon litezke.

Mendebaldeko harmailak lehen soto bat izango du eta parking bat izango du kalearen parean, han izango da partidu egunetarako behar den azpiegitura guztia. Mendebaldeko harmailaren hurrengo solairua izango da jokalari eta teknikarien aparkalekua jasoko duen solairuartekoa; han izango da, baita ere, logistika kontuetarako zonalde bat. Solairu bat gorago gimnasio berria izango. Harmaila berriak hiru sarbide izango ditu, bat Santaines kalean eta beste biak zelai berriaren kale paraleloetan. Eraikin berriak, halaber, bi taberna eta zerbitzu berriak izango ditu. Ipuruan egiten ari den birmoldaketaren ostean, 8.050 lagun sartu ahal izango dira, lanak hasi aurretik baino ia 1.000 gehiago.

Hiru aldeek sinatuko duten lankidetza-hitzarmenak jasoko du Eibarko Udalaren eta Eibar Kirol Elkartearen konpromisoa espazioak (aretoak, bulegoak, lokalak…) jartzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Basque Team Fundazioaren eskueran, prestakuntza-funtzioak betetzeko eta bilerak egiteko.

Ipuruako estadio 1947an inauguratu zen eta, Eibarko Udala jabea bada ere, Eibar Kirol Elkarteak esklusibotasunez erabiltzen du; 2014tik Eibarrek Lehen Mailan jokatzen du.