Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrari bidali dizkio Lehendakariak datorren ostiraleko Politika Orokorreko Debateko bere jardunaren funtsezko lerroak

2019.eko irailak 17

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Osasuneko sailburu Nekane Murgarekin batera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, gaur goizean Legebiltzarrari bidali dizkio Lehendakariak datorren ostiraleko Politika Orokorreko Debateko bere jardunaren funtsezko lerroak.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Lehendakariak xehatu egingo ditu Eusko Jaurlaritzaren jarduera nagusiak eta estrategiaren erronkak lehentasunezko lau ardatzen inguruan: Giza Garapena, hazkunde iraunkorra, Bizikidetza eta Giza Eskubideak, eta Autogobernua.

Gainera, Erkoreka sailburuak jakinarazi duenez, Legealdiaren azken urtean garatu beharreko ekimen nagusiak aurkeztuko ditu Lehendakariak. Horien artean, ondokoak nabarmendu ditu: ekonomia suspertzea eta enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa sortzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna indartzeko Lege Proiektua onestea; Hezkuntzako Lege berria Legebiltzarrera igortzea; ETAren indarkeria esplizituki barnean hartuko duen lehenaldiari buruzko hausnarketa kritiko global bat lortzea; eta autogobernuak egindako bidea aintzat hartzea.

Azkenik, Erkoreka sailburuak esanda, Lehendakariak partekatu egingo du Euskadiren erronkak 2030 horizontean ikuspegia. “Eusko Jaurlaritza konfiantza handiagoaz ari zaio begira etorkizunari eta hurbiltzen ari da joera sozialetara eta herritarren ongizate-baldintzetan eta bizi-kalitatean eragina izango duten eraldaketa globaletara”, adierazi du. Josu Erkorekak azpimarratu duenez, Gobernuak defendatzen duen ereduan akordioa eta lankidetza behar dira eta erantzun-esparrua Agenda 2030ek eta Garapen Iraunkorrerako Helburuek zehaztutakoa da.

Estatuaren Gobernagarritasuna

Estatuaren gobernagarritasunari buruz Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritza zuhurtzia handienarekin jokatzen ari da Gobernu zentrala osatzeko negoziazioa noraezean dela ikusita. “Sortu den egoera zeharo ulertezina eta arduragabea da”, gaineratu du. Bozeramaileak behin eta berriro adierazi bezala, ikusi eta entzuten denez, saihestezina da, antza, hauteskundeak errepikatzea. “Hala gertatuz gero, azaldu egin beharko diote gizarteari zergatik eskualdatzen dieten herritarrei haiek berengain hartu nahi izan ez duten erantzukizuna”, nabarmen du.

Poliziaren abusuen biktimei ordaina

Poliziaren abusuen biktimei ordaina emateko eskaerak aurkezteko 2 urteko epea ireki izanari dagokionez, Erkoreka sailburuak azaldu du, ebazpena onetsitakoan, argitaratu bezain laster irekiko dela eskaerak jasotzeko epea. “Epe luzea da, 2 urtekoa, biktimei behar adina denbora eman nahi diegulako lege horren existentziaren berri izan dezaten”, zehaztu du. Gainera, Josu Erkorekak nabarmendu duenez, eskaerak aztertzeko prozesu zabal bat sustatzea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa, haiek sakon analizatu eta ebatzi ahal izateko, behar den arreta eta dedikazio guztiarekin.

LEP Lehen Mailako Arreta

Osasuneko sailburu Nekane Murgak Osakidetzako Lehen Mailako Arretarako Lan Eskaintza Publikoaren hurrengo deialdiaren hasiera ezagutzera eman du. Murga sailburuak azaldu duenez, 2020ko lehenengo hiruhilekoan egingo dira probak, eta adierazi du deialdi honetan Lehen Mailako Arretako 215 plaza aterako direla lehiaketara: 176 Familiako eta Komunitateko Medikuntzakoak, eta 39 Pediatriako Medikuntzakoak. “Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten dio enplegu egonkor eta kalitateko baten alde hartua duen konpromisoari, eta horrek bultzatuko du Lehen Mailako Arreta maila asistentzial erakargarriago bat izatera profesionalentzat”, adierazi du. Zentzu horretan, Nekane Murgak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arretarekin hartua duen konpromisoa irmoa da. “Maila asistentzial hau erakargarriagoa izatea lortu nahi dugu eta horretarako enplegua egonkortuko dugu”, zehaztu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena