Eusko Jaurlaritzak herritar guztien eskura jarri du "Itzultzaile Automatiko Neuronala", adimen artifizialetik abiatuta herritarren erabilerarako sortu duen proiektu praktikoa

2019.eko urriak 16

  • Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu dute tresna berritzaile hau.
  • Nabarmendu dutenez, hainbat urtez bildutako itzulpen-memoriak baliatuta, “kalitate handiko” itzulpenak lortzen ditu. 

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’ aurkeztu dute gaur, Eusko Jaurlaritzak adimen artifizialetik abiatuta herritarren erabilerarako sortutako proiektu praktikoa. Donostian egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, gaztelaniatik euskarara zein euskaratik gaztelaniara egiten ditu itzulpenak, "kalitate handia" lortuz. Itzultzaile berri hau herritar guztien eskura dago www.euskadi.eus/itzultzailea webgunean.

Itzultzaile Automatiko Neuronala’ hainbat urtetako lanaren ondoren sortu da eta 20 urtez IVAP-ek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, bildutako itzulpen-memoriak erabiliz hobetu da. Erkoreka sailburuak nabarmendu du urteetako esperientzia hori oso baliagarria izan dela itzultzailea hobetzeko: “Euskadin esperientzia handia dugu itzulpengintzan, bereziki euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpenean. Munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzek baino ez dute Euskadin dugun terminologia- eta hizkuntza-oinarria. Gainera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 20 urte daramatza itzulpen-memoriak sortzen. 10 milioi segmentu baino gehiago dituzten datu-baseak ditugu, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Balio kalkulaezina duen itzulpen sistematikoko corpus bat dugu”. Eta horrek ahalbidetu du lortu den emaitza: “’Quantum’ hori hartu eta algoritmo bat aplikatu diogu, kalitate-maila altua duen itzultzaile bat eskuratuz. Jauzi kualitatibo argia eman dugu”. 

ERABILERA PRAKTIKOA 

Bingen Zupiria sailburuak ‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’-ren funtzionamendua eta erabilera praktikoa azaldu du gaurko aurkezpenean. Itzultzaile berria www.euskadi.eus/itzultzailea webgunean eskegi berri da, itzultzaile gramatikalarekin batera. Momentuz beta bertsioa jarri da, hiritarrek proba dezaten eta itzultzailea bera treba dadin. Hilabete batzuen buruan behin betiko bertsioa eskegiko da. Edonola ere, beta bertsioak kalitate handiko itzulpenak egiten ditu. Erabilera oso erraza da. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea hautatu behar du eta, horren ostean, testua sartu behar du horretarako prestatutako gunean. ‘Itzuli’ botoia sakatuz, segundo bakar batzuetan itzulpena eskura izango du. Itzultzaileak 4.000 karaktere dituzten testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko.

Zupiria sailburuak azpimarratu du tresna honen helburua “laguntzea” dela, eta ez itzultzaileen lana ordezkatzea: “Makina batek egindako itzulpena beti gainbegiratu behar da eta zuzendu behar da. Laguntza-tresna da, eta laguntza-tresna moduan erabili behar dugu. Beste hizkuntzetako itzultzaileren bat erabili duenak badaki nola erabili horrelako tresna bat. Orain arte egondako sistemekiko aldea da neuronalek testu koherenteak eta irakurtzeko errazak egiten dituztela. Hala ere, aipatu behar da batzuetan akatsak egin ditzaketela. Hortaz,  arretaz gainbegiratu behar da makinak egindako itzulpena. Helburua ez da, inola ere, itzultzaileak ordezkatzea, baizik eta punta-puntako laguntza bat eskaintzea bi hizkuntzetan aritzen direnei, lan-munduan, arlo akademikoan eta abarretan”. Halaber, sailburuak nabarmendu du jatorrizko testuak ondo idatzita eta puntuatua egon behar duela emaitza onak lortzeko.

Bestalde, Zupiria sailburuak gaineratu du ‘Itzultzaile Automatiko Neuronala’ positiboa izan daitekeela euskararen erabileraren aldetik: “Uste dugu positiboa izan daitekeela euskara gehiago erabil dadin hainbat arlotan eta, horrekin batera, erabilgarria izan daitekeela euskara jakin bai baina menperatzen ez dutenentzat edota ikasten ari direnentzat”. Azaldu duenez, hizkuntzen teknologiak agertu zirenetik, Eusko Jaurlaritzaren ardura izan da “euskara Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan edo Ingurune digitalean integratzea, oso lagungarria izango baita euskara indartzeko bidean”. “Proiektu honen bidez apustu hori berresten dugu”, adierazi du.

Urtea amaitu baino lehenago eskuko telefonoetarako eta tabletetarako app-ak prest izango dira; gainera, telefonoetan posible izango da ahotsaren bidez itzulpenak eskatzea, hau da itzulpena diktatzea.

GIZA-GARUNAREN FUNTZIONAMENDUA 

Sare neuronalen bidezko itzulpen automatikoa teknologia berri samarra da, adimen artifizialaren garapenetako bat da. Esan daiteke sistema horiek azken hiru urteotan hasi direla erabiltzen modu produktiboan. Itzulpen automatikoari dagokionez, jauzi kualitatiboa  da orain arte erabili izan diren sistemekin alderatuta (gramatika-analisian eta –transferentzian oinarritutakoak, sistema estatistikoak edo horien hibridoak). Zupiriak azaldu duenez, giza garunaren funtzionamendua imitatzen saiatzen dira, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko.

Urte batzuk joan dira Eusko Jaurlaritza lanean hasi zenetik itzultzaile automatikoa garatzeko lehenengo urratsak ematen, 2007an, eta itzulpen automatikoaren alorrean sekulako jauzia gertatu da. Gramatikan eta analisian oinarritutako itzulpenak onak, zuzenak, direnean, badute halako kutsu ortopedikoa. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia  dutelako, esaldiaren barruko elementuen arteko lotura ondo mantentzen dutelako”, gaineratu du.

Esan daiteke horrelako itzultzaileak etengabe ikasten ari direla; alabaina, horretarako, corpus elebidun handiak behar dituzte, hau da itzulpen-memoriak behar dituzte, kalitatekoak (kalitatea ematen hasteko 3 milioi itzulpen-unitate behar dira). Horregatik, proiektu hau aurrera ateratzeko Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinak aritu dira elkarlanean. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea ekimen honen atzean izan dira, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin eta hizkuntza lantzen duten beste erakunde batzuekin batera, hala nola, EITB. 

ERALDAKETA DIGITALA ETA ADIMEN ARTIFIZIALA

Erkoreka sailburuak azaldu duenez, "aurrean dugun eraldaketa sozialaren gakoetako bat erronka teknologiko-digitalari erantzutea da. Eta erronkan dago aukera: eraldaketa digitalaren boterea baliatzea, izan nahi dugun gizartea bilakatzeko". Adimen artifiziala da bilakaera hori lortzeko lehentasunetako bat. Honako hau adierazi du: "Teknologia hori modu eraginkor eta egokian txertatzea ongizatea modu jasangarrian hobetzeko, horrela Giza Garapen Iraunkorra lortuz".