Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek ohartarazi dute berrikuntza areagotu behar dela, agente publiko eta pribatu guztien konpromisoarekin

2019.eko ekainak 21

  • Regional Innovation Scoreboard 2019 izeneko txostenak egiaztatu duenez, Euskadi berritzaileagoa da, baina atzera egiten ari da Europako batezbestekoarekin alderatuta
  • Inbertsio publiko-pribatu urria (krisiaren ondorioz) eta Espainiako estatuko efektu zuzentzailea direla eta, Euskadi goi-mailako berrikuntzako eskualdea izatetik moderatu plus izatera jaitsi da.
  • Euskadi lehenengo tokian dago Espainiako estatuan, baina Eusko Jaurlaritzarentzat ez da nahikoa
  • Ahulezia nagusia ETE txikienen berrikuntzarik eza da
  • Innobasquek ETEentzako laguntza indartzen jarraituko du eta berrikuntzaren bidea hartzera animatu ditu enpresak
  • Tapia sailburuak finantzaketa eta laguntza espezifikoak areagotzeko konpromisoa hartu du, ETEek berrikuntzari hel diezaioten

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Innobasqueko presidente Manuel Salaverríak ezohiko prentsaurrekoa eskaini dute, Regional Innovation Scoreboard 2019 txosten berria baloratu eta aztertzeko. Txosten horrek egiaztatu duenez, Euskadik, 2017ko azterketan baino berrikuntza-maila handiagoa izanik ere, pisu erlatiboa galdu du berrikuntzan.

Izan ere, Euskadik azken 8 urteetan hobetu egin du bere errendimendua berrikuntzan (74,8 2011. urtean, EBko 2011ko batezbestekoari buruzko datu erlatiboen arabera, eta 83,6 2019. urtean).

Hala ere, hobekuntza hori ez da nahikoa izan Goi-mailako Berrikuntzako Eskualde izaten jarraitzeko, Europako berrikuntzaren batez besteko mailak proportzio handiagoan egin baitu gora. Horrela, beraz, Euskadi Moderatu Plus Eskualdea da orain, eta lehenengo tokian jarraitzen du Estatuko autonomia-erkidegoen sailkapenean.

Aldaketa hori honako bi arrazoi hauengatik gertatu da nagusiki: inbertsio publiko-pribatu urria krisiaren ondorioz, eta Espainiako estatuko efektu zuzentzailea; izan ere, Estatuko berrikuntza-maila txikiak penalizatu egin ditu autonomia-erkidego guztiak, eta Euskadiko katalogazioa aldatzea eragin du horrek.

Europako txostenak eskualdeen berrikuntza-maila neurtzen duten 17 adierazle hartzen ditu kontuan.

Euskadik sendo jarraitzen du I+G+Baren eragin-adierazleetan (teknologiaren eta ezagutzaren arloko sektore trinkoetako produktu berrien salmentari eta enpleguei dagokienez), baita gazteen hezkuntza-mailan ere (Europako eskualde liderren artean kokatuta dago alderdi horretan).

Hala ere, Euskadik hobetu egin behar du ETEen berrikuntzari eta industria-jabetzaren babesari lotutako adierazleetan.

Tapia sailburuak “kezkagarritzat” hartu du txostenaren emaitza, eta alarmismoa alde batera utzi nahi izan badu ere, esparru horretan gertatzen denari oso adi egon beharra dagoela adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak

Eusko Jaurlaritzak hiru konpromiso hartu ditu berrikuntzan aurrera egiteko.

  1. Euskal administrazioaren finantzaketa areagotzeko konpromisoa. Eusko Jaurlaritzak % 5eko (hasieran) eta % 6ko (ondoren) urtetik urterako igoerak egin ditu 2015. urteaz geroztik I+G+Baren arloan, eta etorkizunean areagotzeko konpromisoari eutsi nahi dio.
  2. Berrikuntza azken bazterreraino zabaltzeko eta ETErik ikusezin eta txikienetara iristeko konpromisoa. Berrikuntza ez-teknologikoko INNOBIDEAK estrategiaz gain, PROGRAMA BERRI bat abiaraziko da uztailetik aurrera. HAZINNOVA programaren deialdia irekiko da, eta uztailaren lehen hamabostaldian emango da ezagutzera.
  3. Euskadi berritzaile baten posizionamenduarekiko konpromisoa, ospe handiko industria- eta teknologia-sarea duen herrialde txiki honek barneko indarrak eta sinergiak batu behar baititu proiekzio handiagoa lortzeko. “Gure joko-eremua, adierazi du Tapiak, Europa da, eta gure Liga ere Europakoa da. Nahiago dugu lehen mailako azkenak izan bigarren mailako txapeldunak baino”.

Erakundeen eta enpresen autoexijentzia eta gogoetarako deia

Sailburuak adierazi du txosten horrek eragingarria izan behar duela berrikuntzaren bidean indarberritzeko. Gaineratu duenez, exijentziarik handieneko jarrerak Eusko Jaurlaritzan bertan hasi behar du, eta gainerako erakunde publikoak, entitate pribatuak, fundazioak eta enpresak beren egoerari buruzko gogoeta egitera eta etorkizunari begira hobetzeko dauden aukerak aztertzera animatu ditu.

Innobasqueren laguntza ETEentzat

Innobasqueko presidente Manuel Salaverría enpresei eta, bereziki, ETEei zuzendu zaie, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziaren atea jotzera animatu ditu. Lankidetza eta laguntza eskaini die arrazoi batengatik edo besteagatik orain arte berrikuntza-prozesuetan esperientziarik izan ez duten enpresa guztiei.