Eusko jaurlaritzak bigarren urtez jaulkiko du bere "Euskadi Bonu Iraunkorra", 600M / "-ko balioarekin

2019.eko apirilak 08

  • Zenbatekoa, 2018ko lehenengo jaulkipena baino 100M/€ gehiagokoa izango da, eta baldintzek horrela gomendatzen dutenean zabalduko da merkatuetara
  • Jaurlaritza inbertitzaile berriekin jarriko da harremanetan, Holandan, adibidez, eta baita erakunde berriekin ere, La Caixarekin edo Banco Sabadellekin, besteak beste

  • Finantzatu beharreko programen aukeraketan %83 gizarte arloko programak izango dira, eta %17 ingurumen arloko proiektuak, guztiak ere Euskadiko aurrekontuetan jasotzen direnak

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordeak eta Javier Arnaez Finantza Zuzendariak lagunduta, “Euskadi Bonu Iraunkorra” izenekoaren jaulkipena iragarri du, bigarren urtez jarraian, 600M€-ko balioarekin. Zenbateko hori, iaz egin zen lehen jaulkipena baino 100M€ handiagoa da. Oraingo honetan, Jaurlaritzak bilerak izango ditu gaur, bideo-konferentzia bitartez, inbertitzaile posibleekin, eta Bonu Iraunkorra, baldintzek horrela gomendatzen dutenean, zabalduko da merkatuetara.

2018an finantza produktu horrek jaso zuen harrera bikaina ikusita, Jaurlaritzak merkatu berriak aztertu ditu, Holanda, adibidez, eta erakunde gehiago ere sartu dira partaidetzan, La Caixa edo Banco Sabadell, besteak beste.

Eusko  Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du bonu iraunkorren merkatuaren garapenean leku garrantzitsua betetzeko helburu sendoarekin, finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatuz, ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetan Euskadik dituen erronkei erantzun ahal izateko. Aurten, Bonu iraunkorra BBVA, Credit Agricole CIB, HSBC, Norbolsa, Banco Santander, La Caixa eta Sabadell erakundeek bideratuko dute.

Finantzatu beharreko programen %83 gizarte arloko proiektuak izango dira, eta %17 ingurumen arloko programak. Jarduketa eremuak hauek dira:

  • Prezio oneko etxebizitza.
  • Funtsezko zerbitzuetarako sarbidea, Hezkuntzara eta Osasunera.
  • Gizarte Politikak.
  • Enpleguaren sorrera.
  • Energia berriztagarriak.
  • Garraio jasangarria.
  • Ingurumen kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Uraren eta hondakin uren kudeaketa jasangarria.

Finantzatu beharreko programen aukeraketa Eusko Jaurlaritzako Iraunkortasuneko Bonuen Batzordeak egiten du. Batzordea, Ogasun eta Ekonomia Saileko lau ordezkarik eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Ingurumen, Lurraldearen Plangintza eta Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte Politika ,eta Osasun eta Hezkuntza Sailetako ordezkari banak osatzen dute.

Finantzaketa horretatik kanpo geratzen dira langileen gastuak, finantza kostuak, kontingentzia funtsak eta finantza aktiboak eta pasiboak.

 Lehen pausoa 2018an

Batzordeak maiatzean entregatuko du 2018ko Bonu Iraunkorraren gaineko eragin txostena, bakoitza ordaindu eta hurrengo 12 hilabeteetan hori egiteko konpromisoa baitago.

Eusko Jaurlaritzak, Euskadi Bonu Iraunkorraren jaulkipenaren eskaintza hirukoiztu zuen eskaria jaso zuen iaz. Horrela, 100 inbertitzaile baino gehiagok 1.583M/€ eskatu zituzten, erabilgarri zegoen zenbatekoa 500M€-koa zenean. Eskariak 13 herrialdetatik heldu ziren.

Bonuen %65 nazioarteko inbertitzaileen esku geratu ziren, eta gainerako %35 Estatuko eta Euskadiko inbertitzaileek jaso zuten. Jaulkipenaren negoziazioaren ondorengo tasa nominala %1,45ekoa izan zen, hamar urtera, oinarrizko 15 puntuko spread-arekin.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak eta bere taldeak egin duten road show-aren helburu nagusietakoa, Eusko Jaurlaritzaren zorra atzerriko inbertitzaileei zabaltzea izan zen, horrela dibertsifikatu ahal izateko.  Espainia (172M), Frantzia (115,75M), Alemania (94,85M), Austria (34,77M), Italia (19,45M), Holanda(19,2M), Suitza (14,45M), Korea (10M), Luxenburgo (8,2M), Suedia (5,5M), Portugal (4,6M), Erresuma Batua (1,21M) eta Emirerri Arabiar Batuak (0,1M), izan ziren 2018an bonuak eratu ziren 13 herrialdeak.

Inbertitzaile gehienak Inbertsio Funtsak izan ziren (%38,66), eta horien ondoren Aseguruen Sektoreko erakundeak (%25,96) eta Bankuak (%22,92), etorri ziren, eta Pentsio Funtsek, Banku Zentralek eta Enpresa Pribatuek  partaidetza txikiagoa izan zuten.

Euskal zor publikoaren egoera

Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak 150M€-ko ezarpen pribatua egin zuen 30 urtera, %2,35ean. Alemaniako eta Espainiako sei inbertitzailek banatu dute ezarpen hori, eta Alemaniak 87,3 hartu du bere gain. Kopuru osoaren %90,7a Aseguru-etxeek eta Pentsio Funtsek eskuratu dute, eta gainerako %9,3 inbertitzaile pribatuek.

Eusko Jaurlaritzak 9.134M€-ko zorrarekin itxi zuen 2018a, hau da, %13,6ko zorpetzearekin. Hori dela eta, Euskadi Estatu osoan zor gutxien duen erkidegoa da, izan ere, batezbesteko zorpetzea %24,3koa da.

2019rako aurrekontu egonkortasun helburuak betetzeko Euskadiri dagokion helburua %13,8ko zorpetzea da, eta 2020rako %13,2koa. Datuak ikusita, Eusko Jaurlaritza argi eta zorrotz ari da bere helburuak betetzen.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 8an