Eusko Jaurlaritzak bi alternatiba planteatu ditu Topoa Irunen integratzeko: lur azpian sartzea edo trazatua lekuz aldatzea, biak ere geltoki intermodal berriarekin

20190314-AIZ-FERROCARRIL-118.jpg

2019.eko martxoak 14

  • Eusko Jaurlaritzaren helburua Topoaren lineak Irunen “metro” motako maiztasunak eskaintzea da, 10 minututik beherakoak
  • Belaskoeneako eta Coloneko geltokien artean beste geltoki intermodal bat egongo litzateke, VíaIrun izeneko hirigunean

Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak Ficoban egin den Trenbidearen 10. Komunikazio Jardunaldian aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritza bi alternatibatan ari da lanean, Irunetik igarotzean topoa integratzeko. Lehenbizikoa, gaur egun Euskotrenek zirkulatzen duen trazatua lur azpian sartzea izango litzateke, mugako hiritik igarotzean. Bigarrenak, Adifen egungo trenbide zabalgunearen lurretatik joango litzatekeen saihesbidea eraikitzea aurreikusten du. Bi kasuetan, Belaskoeneako geltokiaren eta Coloneko geltoki berriaren artean, beste geltoki intermodal bat eraikitzea aurreikusten da.

Irunen ospatu den Trenbidearen hamargarren Komunikazio Jardunaldian egin du iragarkia Aizek, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ziurtatu egiten duela bi alternatiba horietatik edozeinek konponduko duela behin betiko trenbidearen integrazioaren arazoa, eta hiriari 60.000 m² baino gehiago itzuliko dizkiola (33.888 m² Adifenak,  12.366 m² ETSrenak eta 17.769 m² hiriarenak). Azalera horrek hainbat erabilera izan ditzake.

“Hiri integrazioari dagokionez inolako zalantzarik gabe ekarriko dituen hobekuntzez gain, bi aukeretatik edozeinek tren zerbitzua hobetzeko aukera ematen digu, trazatuaren bikoizketari, geltoki intermodal berriari eta Irun-Coloneko geltoki berriari esker. Geltoki horren behin betiko kokalekua aukeratutako alternatibaren arabera definitu beharko da”, azaldu du sailburuordeak.

Aizek adierazi duenez, zerbitzuaren hobekuntza Hendaia-Irun-Donostia erlazioan maiztasunak hobetzetik ere igaroko da: “Topoaren linea osoan, Lasarte-Oria eta Hendaia artean, 10 minututik beherako maiztasunak eskaintzeko ari gara lanean. Azken hamar urteetan igarobide horretako ia bederatzi kilometro bikoiztu ditugu. Horri esker, Irun eta hiriburua 15 minutuz behin lotzen ditugu. Donostiako Lugaritz-Easo saihesbidea eraikitzean Amarako muga-geltokia desagertzen denean, zerbitzua hobetzeko aukera berria irekiko da”. 

2018an, Topoak 7,9 milioi erabiltzaile izan zituen, eta horietatik 1.311.206 bidaien jomuga edo jatorria Bentak, Belaskoenea, Colon, Ficoba eta Hendaia geltokiak izan ziren. Bidaia horien erdia baino gehiago Irun Colonek hartzen ditu. Izan ere, eskariari dagokionez Topoaren hirugarren geltokia da, Amararen eta Anoetaren atzetik bakarrik, eta ETSren sare osoko laugarrena.

Hitzarmena eta alternatibak

Aizek gogorarazi duenez, joan den urtarrilaren 16an, ETSren, Adifen, Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean Irungo egungo tren geltokiaren ingurunearen hiri birgaitzerako eta garapenerako sinatu zen hitzarmenean berariaz jasotzen da “euskal administrazio orokorraren esku dagoen lineari dagozkion trenbide azpiegituren berrantolakuntza integrala trenbideko garraio zerbitzu jasangarria bermatzera zuzentzen dela, egungo eta etorkizuneko hiri bilbearen egituraketa lortzeko, ‘Topoaren’ linearen iragazkortasunaren eta lur azpian sartzearen ondorioz”.

Helburu horrekin, eta ETSk hitzarmena sinatzean bereganatu dituen konpromisoetan oinarrituta, Aizek euskal trenbide erakundeak esku artean dituen bi alternatibak zehaztu ditu. Konpromiso horien artean, “administrazio horren esku dagoen trenbidearen trazatuaren estaldura partzialerako eta, beti ere, iragazkortasun handiagorako, aukera emango duten jarduketen azterlan teknikoak eta ekonomikoak” egitea daude, “trenbideko bilbea osatuz HAPOaren Aldaketaren xede den eremuan”.

Horietako lehenean, egungo trazatuaren kokalekuari eutsiko litzaioke Belaskoenearaino. Geltoki hori gainditu ondoren, trazatua lur azpian sartuko litzateke. Irun Coloneko geltokia orain dagoen toki berean egongo litzateke, baina lur azpian. Horrez gain, Belaskoeneako eta Coloneko geltokien artean, beste geltoki intermodal bat eraikiko litzateke.

Bigarren aukerak ere Belaskoenea une honetan dagoen tokian utziko luke. Dena den, geltoki hori gainditu eta gero, gaur egun Topoak daraman trazatua utzi eta Adifen trenbide zabalgunea hartuko lukeen saihesbidea planteatzen da. Bertan egongo litzateke geltoki intermodala. Irun Colon mendebalerantz aldatuko litzateke, trenbide zabalgunearen beste aldera, eta erdi lur azpian eraikiko litzateke, Adifen trenbideen estaltze lanak baliatuz, Colon pasealekuko zubiaren eta Lope de Irigoyen biribilgunearen artean, Anzaran auzora arte. Aktuazio haui 2015ean onetsitako HAPOan aurreikusten da.

Aiz sailburuordeak martxoaren 7an izandako erakundeen arteko hitzarmenari buruzko batzordearen bileran jakinarazi zuen bezala, “ETSk baztertu egiten du egungo trazatua modu partzialean estaltzeko alternatiba”. Aizen iritziz, “Irunentzat eta Topo zerbitzuaren egituraketarako historikoa den aukeraren aurrean gaude, Donostia erdialdean eskaintzen duguna bezain lehiakorra eta modernoa izango den eta ezaugarri berberak izango dituen zerbitzua eskainiz”.