Eusko Jaurlaritzak 350.000 euro onartu ditu kultura jaialdien programazioa diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-07-16)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg
  • Iazko deialdiaren bitartez era askotako 30 jaialdik jaso zituzten Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzak

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak 350.000 euroko kontu-saila onartu du, bere gaurko saioan, kulturaren arlo ezberdinetan jaialdien programazioa diruz laguntzeko. Deialdi honi esker, musikaren, literaturaren, antzerkiaren, dantzaren, ikusizko arteen eta ikus-entzunezkoaren arloan antolatzen diren jaialdiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babes ekonomikoa izango dute.  Iazko deialdiaren bitartez 30 jaialdiren jarduera diruz lagundu zen.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2016. urtean zehar deialdia berregituratu eta eraberritu ostean, dirulaguntza lerro hau 2017an jarri zen abian ostera ere. Bere formatu berrian, deialdia jaialdi pribatuetara mugatzen da, eta erakunde publikoek antolatutakoak ezin izango dira aurkeztu (jaialdi publiko askok Eusko Jaurlaritzak bultzatutako deialdi izendunak jasotzen dituzte). Deialdiak bi multzotan banatzen ditu jaialdiak. Alde batetik, jaialdi handiak daude, 100.000 euro baino gehiagoko aurrekontua dutenak; bestetik, jaialdi txikiak daude, 100.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak. Banaketa berri honen helburua da jaialdi nagusien eta txikien arteko lehia desorekaturik ez sortzea.

Gutxieneko aurrekontua eskatuko zaie jaialdiei dirulaguntza jaso ahal izateko, bideragarritasuna bermatze aldera. Deialdiaren azken edizioan 30 jaialdik jaso zuten dirulaguntzaren bat. Loraldia Jaialdia, Gasteiz Calling, Zinegoak Jaialdia, Zinemakumeak Gara, edota Azken Muga izan ziren diruz lagundu ziren jaialdietako batzuk, beste askoren artean. Deialdi honetaz aparte, Eusko Jaurlaritzak zenbait jaialdi laguntzen ditu dirulaguntza izendunen bidez.