Euskalmeten arabera, aurtengo maiatza mende honetako bigarren hotzena izan da

Argitalpen-data: 

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du joan den maiatza, tenperaturei dagokienez, mende honetako bigarren hotzena izan dela, 2013koaren atzetik, eta 1981-2010 aldiko batez besteko klimatologikoari dagokionez -1,3 ºC-ko diferentzia izan da EAEn.

Euskalmeten arabera, datuek adierazten dute hilaren 6an erregistratutako tenperaturak EAE barnealdeko estazioetan maiatzeko hilabeteetan neurtutako baliorik baxuenak izan zirela, eta, esate baterako, -4,6 °C erregistratu ziren Iturrietan eta -3,5°C Agurainen.

Berez, maiatzean beranduko izotzak egin zituen, eta ez da batere ohikoa urte-sasoi honetan. Horrez gainera, oso egun gutxitan egin zuen bero; izan ere, maiatzaren 31n bakarrik gainditu ziren 30 °C-ak. Hala eta guztiz ere, eta hilabetea nahiko hotza izan den arren, intsolazioa ohikoa baino % 10-15 handiagoa izan da.

Prezipitazioari dagokionez, berriz, azpimarratu behar da hil honetan balioak oso ezberdinak izan direla leku batzuetatik besteetara. Horrela, nahiz eta, orokorrean, nahiko lehorretik normalera bitarteko balioak izan ditugun, Gipuzkoa ipar-ekialdean hilabetea oso hezea izan dela esan genezake, eta, esate baterako, Eskasen 432,1 l/m² pilatu ziren eta Añarben 320,5 l/m². Beste muturrean, kopuru askoz ere baxuagoak ditugu, 24,3 l/m²-ko gutxienekoarekin Tobillasen eta 27,2 l/m²-koarekin Moredan.

Zenbatutako euri-egunen kopuruari dagokionez ere, aldeak nabarmenak dira; itsasbazterrean 12 eta 15 bitartean erregistratu ziren, Arabako Lautadan 10 (batez bestekoaren barruan) eta Arabako Errioxan 5 bakarrik, espero zitekeenaren erdia.

Hileko gertaerarik okerrena maiatzaren 18an eta 19an erregistratu zen, eta prezipitazioak gogorrak, iraunkorrak eta ugariak izan ziren Gipuzkoa ipar-ekialdean. Egoera horren ondorioz uholdeak eta lur-jauziak gertatu ziren Donostia eta Bidasoa Behea eskualdeetan.