Euskadiko Ama Esnearen Bankuak sendotu egiten du edoskitze naturalaren sustapena

2019.eko maiatzak 18

  • Maiatzak 19, Ama Esnea Emateko Mundu Eguna
  • Hasieratik 3.000 biberoi baino gehiago banatu ditu haur goiztiarrentzat edo pisu gutxikoentzat eta, horrela, dagoen eskari guztiei erantzuten zaiela bermatzen du

Urtebete eta zortzi hilabete igaro dira abian jarri zenetik, 2017an sortu zenetik, eta, harrezkero, Euskadiko ama-esnearen bankuak (EAEB) bere jarduera eta edoskitze naturalaren sustapena sendotu ditu. Horrela, euskal ospitaleetako eskariari erantzuten dio, behar duten haur guztiek, betiere medikuak aginduta, nutrizio-balio paregabea duen elikagai hori jasotzeko.

Hasieratik eta egun arte, 152 amak parte hartu dute: 80k Bizkaian, 37k Gipuzkoan eta 35ek Araban. Guztira, 622 litro giza esne jaso dira eta, horiekin, 3.173 biberoi prestatu dira; horrela, une oro erantzun ahal izan zaie neonatologiako unitate guztien beharrei. 

2019ko lehen hiruhilekoan baino ez, euskal bankuak 53 emaile izan ditu, eta, horiek 119 litro esne eman dituzte, behar izan duten jaioberriak elikatzeko.

Ama Esnea Emateko Mundu Eguna dela eta, Nekane Murga Osasun sailburuak jendaurrean eman nahi izan dizkie eskerrak esnea eman duten emakumeei: “Ni eta euskal gizarte osoa oso harro gaude, emakume hain altruistak eta solidarioak izatearren, beren denbora eta ahalegina eskaintzen dituzten emakumeak izatearren; izan ere, horrela, behar duten haurrei laguntzen diete, Euskadiko Ama Esnearen Bankuaren bidez. Nire aintzatespena, halaber, hori posible egiten duten emaginei eta erizaintzako langileei.

Euskadiko Ama Esnearen Bankuak edoskitze naturala bermatzen die oso haur goiztiarrei (kilo eta erdi baino gutxiagoko  haurrak) edo 32 aste baino lehenago jaiotakoei eta ama-esnea hartu ezin dutenei.  Laguntza hori oso garrantzitsua da; izan ere, ama-esneak enterokolitis nekrosatzailea prebenitzen duelako ebidentzia zientifikoak daude, eta kontuan hartu behar da gaixotasun horrek jaioberrien heriotza eragin dezakeela.

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), UNICEFek eta haurren zaintzan inplikatuta dauden zientzia-sozietateek bizitzako lehen sei hileetan bularreko elikadura esklusiboa egitea gomendatzen dute, eta, beste elikagai batzuekin batera, haurrak bi urte dituen arte edo amak eta umeak nahi duten arte. Esnerik ez dagoenean, emandako gizakiaren esnea da aukerarik onena.

Gaur egun, bederatzi puntu daude gaituta, ematen den ama-esnea batzeko:

  • Gurutzeta UO
  • Txagorritxu AUO
  • Donostia UO
  • Urduliz O
  • Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGEEZ), Galdakao-Usansolo ospitalean
  • TGEEZren egoitza Durangon: Durangoko anbulatorioa
  • TGEEZren egoitza Vitoria-Gasteizen: Olagibel anbulatorioko 4. solairua (Vitoria-Gasteiz)
  • TGEEZren egoitza Donostian: Manuel Lekuona 1, behea (Donostia)
  • TGEEZren egoitza Bilbon: Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioa (Bilbo)

Edozein emakume osasuntsu izan daiteke emaile, hiru aste eta sei hilabete bitartean lehenago ama izan dena eta haurrari bularra zailtasunik gabe ematen ari zaiona. Interesdunek, informazio gehiago jasotzeko, Euskadiko ama-esnearen bankuarekin jar daitezke harremanetan, honako helbide elektroniko honen bidez: bancolecheeuskadi@osakidetza.eus, edo dagokigun pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari kontsultatu.