Euskadik eta Galiziak harremanak estutu dituzte osasun eremuan

Darp_n_Galicia_1.jpg

2019.eko martxoak 06

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari harrera egin diote Alberto Núñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak eta Jesús Vázquez Galiziako Osasun sailburuak, Santiago de Compostelan; bertan, Euskadiko eta Galiziako osasun-politikaren gaurkotasuna aztertu dute. 

 

Jon Darpón sailburuak Xuntako presidenteari eta Galizian bere homologoa denari Euskadiko Osasun Sailaren jarduketa-ildo nagusien berri eman die, 2013-2020rako Osasun Planean jasotzen direnen berri. Gainera, Jon Darpónek bi ordezkariei Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia eta 2018-2023rako Euskadiko Plan Onkologikoa entregatu dizkie. Lan-topaketan bi gai horien inguruko jardunbide egokietan sakondu eta partekatu dute. 

Bi gobernuek partekatu dute diagnostikoa eta lehen mailako arreta sendotzeko beharra, osasun-sistemara sartzeko atea den aldetik. 

Jon Darpón sailburuak azaldu du Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategia, oraintsu aurkeztu dena, eremu horretako profesionalen lankidetzaren emaitza dela. Dokumentuak 35 ekintza zehatz jaso ditu, pertsonen arreta kalitate handiagokoa izan dadin eta hura osatzen duten profesionalek antolamendu hobea izateko. 

Euskadiko Plan Onkologikoak saria jaso du Estatuan eta oso balorazio positiboa egin dio Minbiziari buruzko Ikerketaren Espainiako Elkarteak. Helburua da, Darpón sailburuaren hitzetan, “minbiziaren biziraupenean hobekuntza etengabeari eustea eta, gainera, arreta onkologikoaren humanizazioan sakontzea eta, horretarako, gaixoen behar fisiko eta emozionaletan zentratzea”.  Zehazki, humanizazioa eta pazienteen parte-hartzea, beren osasunaren arduradun diren aldetik, topaketan aztertu duten beste gaietako bat izan da.

Arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak lan-saioa izango du Galiziako Pazienteen Aholku Batzordeko arduradunekin; bertan, aipatutako gai horiek berrikusiko dituzte, bai eta Galiziako gizarteak osasun-eremuan dituen kezka eta behar nagusiak ere.

Azkenik,  Galiziako Osasun Zerbitzuko (Sergas) eta Osasun Kontseilaritzako Plataforma Logistikoa bisitatuko du, ospitale-logistikarako biltegi bakarra; horren bidez, baliabideen optimizazioa eta kostuen murrizketa lortu nahi da. 

Jon Darpón sailburuak Galiziako Osasun Kontseilaritzara eginiko bisita Euskadiren eta Galiziaren arteko osasun-berrikuntzako Lankidetza Plana sinatu zeneko hirugarren urteurrenean izan da. Osasun sailburuak eta Galiziako homologoak biek uste dute lankidetza oso gogobetegarria dela; bi autonomia-erkidegoek osasun-arloko emaitzak eta pertsonen ongizatea hobetzeko duten interesaren ondorio da.

Jon Darpónekin batera Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Fátima Ansotegi Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordea, Nekane Murga Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria eta Isabel Octavio Kabineteko zuzendaria izan dira.

 

Santiago de Compostela, 2019ko martxoaren 6a