Euskadik bere etxebizitza-politika eta lurraldea planifikatu eta garatzeko ereduak azalduko ditu Txilen

IMG_3814.jpg

2019.eko martxoak 25

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak martxoaren 25etik 31ra bitarteko astean misio instituzional eta merkataritza-prospekzioko batean parte hartuko dute Txilen
  • Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak duen gizarte-eginkizuna eta bertako hiri-berroneratzea dira Txileko agintarien artean interes handiena piztu duten alderdiak
  • Cristián Monckeberg Txileko Etxebizitza eta Hirigintzako ministroak eta Iñaki Arriola sailburuak etxebizitzaren, auzoen, hiriaren eta lurraldearen arloko lankidetzari buruzko hitzarmen-memorandum bat sinatuko dute

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak martxoaren datorren astean misio instituzional eta merkataritza-prospekzioko batean parte hartuko dute Txilen. Euskal ordezkaritzak, Iñaki Arriola buru duela, hainbat bilera egingo ditu herrialde hegoamerikar horretako Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioaren arduradunekin; Euskal Autonomia Erkidegoko plangintza- eta garapen-prozesuekin, alokairuko etxebizitza publikoaren sustapenarekin edo etxebizitzaren gizarte-eginkizunarekin zerikusia duten alderdiak aztertzeko.

Gai horiek ezarriko dute Ordezkaritzaren lan-agenda, honako programa hauekin batera: etxebizitza hutsa erakartzea; gazteenek etxebizitza eskuratzeko laguntzak; narriatutako auzoen berroneratzea; birgaitzeko laguntzak; edo Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak lantzeko prozesua. Nabarmentzekoa da etxebizitzaren, auzoen, hiriaren eta lurraldearen arloko lankidetzaren inguruan Cristián Monckeberg Etxebizitza eta Hirigintzako ministroak eta Iñaki Arriola sailburuak sinatuko duten hitzarmen-memoranduma.

Memorandumean aurreikusita dago jarduera-esparru hauetako lankidetza: hiri-agenda; lurralde-plangintza eta gobernantza; auzoen erabateko berroneratzea; azpiegitura berdeak eta naturan oinarritutako irtenbideak, hiriaren inguruan artikulatutako hiri-parkeetan aplikatutakoak; etxebizitza-politika, arreta berezia jarrita 2018-2020 aldirako EAEko Etxebizitzaren Gida Plana; eta lankidetza publikorako sistemak lurzoru- eta etxebizitza-politiketan.

Txilera egingo duten bidaian, Santiago eta Concepción hiriak bisitatuko dituzte. Horren helburua da banakako eta taldeko bilerak egitea eraikuntzaren sektoreko enpresekin eta entitate eta erakunde publikoekin ere. Gainera, Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak ostegun arratsaldean hitzaldi bat egingo du, babes ofizialeko etxebizitzako politikak kudeatzearen inguruan, Txileko Unibertsitateko Arkitektura eta Hirigintza Fakultatean.

Txileko merkataritza-misiora joango den Eraikuneko ordezkaritzaren buru Jon Ansoleaga antolamendu-kudeatzailea izango da, eta klusterrari lotutako hainbat erakundek osatuko dute. Horien artean daude, besteak beste, Tecnalia, NorthBIM, Lanik         eta IDOM. Bidaia honen helburua da bi herrialdeetako sektoreko enpresen artean harremanak sendotu eta estutzea, sinergien eta etorkizuneko lankidetzen bila.

Erakunde publikoekin egiteko planifikatutako topaketen barruan, bilerak egingo dira eraikuntzaren sektorera bideratutako zenbait berrikuntza-zentrorekin (CIPYCS, CITEC) eta erakunde aldeaniztun batzuekin, hala nola honako hauekin: Banco Interamericano de Desarrollo (BID) eta Corporación de Fomento de la Construcción (CORFO).

Era berean, bilerak egingo dira Cámara Chilena de la Construcción ganberarekin eta Consejo Nacional de Desarrollo Urbano kontseiluarekin, enpresek eraikuntzaren sektoreari lotutako zerbitzuak garatu ahal izateko aukerak identifikatzea helburu dela.