Euskadik bere aireportuen potentzialtasuna aurkeztu du Routes 2019 Hannoverren, Europa osoko aireko konektibitate azoka nagusian

routes_03.JPG

2019.eko apirilak 09

  • Anfitrioi izan zen 2018ko azoka arrakastatsuaren ondoren, Euskadik bere indarguneak erakutsi ditu berriro, aireko konektibitate azpiegitura sendoen eta turismo eskaintza anitzaren bitartez  
  • Eusko Jaurlaritza, VIA, BilbaoAir eta Ortzibia stand bateratuarekin joan dira, eta laneko 50 topaketa baino gehiago itxi dituzte aire konpainia nagusiekin

Duela urtebete BECen egin zen Routes Euskadiren arrakastaren ondoren, Hannover 2019n parte hartzea, Euskadi - Basque Country konektibitate maila handiko lurraldea dela erakusteko beste aukera bat da, Europako aire jarduera diseinatzen eta kudeatzen dutenei Euskadiko aireportuen potentzialtasuna erakusteko aukera. Berriro ere Routes formula arrakastatsuaren aldeko apustua egiten da, Euskadiko aireportuen potentzialtasun osoa eta Europa hego-mendebaldean duen kokaleku estrategikoa erakusteko, intermodalitate osoaren eta eraginkorraren balio erantsiarekin.

Routes aukera paregabea da aireko konektibitate arloko preskriptore garrantzitsuenak gure gaitasunez, Euskadik negozio eta turismorako jomuga gisa dituen berezitasunaz eta aniztasunaz jabe daitezen, jomuga erakargarri gisa dugun posizioa hobetuz.

Laneko 50 topaketa baino gehiago itxi dira. Topaketa horietan erlazio zuzena ezartzen da airelineekin, behar adina elementu tekniko ematen zaizkie, operadore horietako batzuek Euskadirekin ibilbide berriak ezartzeko, edo gaur egun dituzten konexioak hobetzeko apustua egin dezaten, plaza kopuru handiagoko eskaintzaren edo urtaroen araberakoa izango ez den (adibidez, une honetan neguan aritzen ez diren ibilbideak lortuz) operatibaren bitartez. Dagoeneko bertan aritzen diren ibilbideen finkapena oso garrantzitsua da aireportuen emaitza onei eusteko.

Ekitaldia ahalmen operatibo eskaintzaileen (aireportuen) arteko topalekua da. Ahalmen hori SLOT, esleitutako denbora segmentu izenekoen, eta aire konpainiek horiei buruz dituzten eskarien artean segmentatzen da.

Hitzordu horietan, BilbaoAir-en lehentasunak Europa Ekialdea (Varsobia, Mosku), herrialde Nordikoak (Kopenhage, Helsinki) eta egun dauden loturak hobetzea (Frantzia, Erresuma Batua) izango dira. VIArentzat, lehentasuna gaur egun Forondan indarrean dauden konexioak kontsolidatzea eta operadore berriak erakartzera da. Ortzibiaren helburua, Londresekin konexioa ezartzea da.

Horretarako, ezinbestekoa izan da 3 sustapen sozietateen arteko lankidetza: VIA, BilbaoAir eta Ortzibia; eta baita plangintza bateratua ere. Eusko Jaurlaritzatik, osagarritasunean oinarritutako euskal aireportu kudeaketa eredua garatu da, eta bertan hiru aireportu, Hondarribia/Donostia; Loiu/Bilbo eta Foronda/Gasteiz. Aireportu bat, hiru terminal.

Helburu horren barruan, sustapen sozietate bakoitzak lurralde bakoitzeko administrazio guztien laguntza du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiena, batez ere.

Routes Bilbaotik Hannoverrera

Euskadik bere lekua hartu du Hannoverreko nazioarteko aire konektibitatearen arloan. Sektoreko 1.200 profesional baino gehiago jasoko dituen foro batean parte hartzen ari da: 100 airelinea, 300 aireportu, garraio eta turismo agintariak, eta sektoreko goi mailako hizlariak.

Aireportuen, erakundeen eta aire konpainia nagusien arteko topaketarako foro nagusia da. Ekitaldi horretako presentzia instituzional bateratua estrategikotzat hartzen da Euskadiko Aireportuen eta Euskadi-Basque Country jomugaren sustapena hobetzeko. Azpimarratzekoa da konpainiek gure aireportuekiko interes handiagoa erakusten dutela, iaz gure jomuga zuzenean ezagutzeko aukera izan baitzuten.

Aireportuen sustapenerako hiru sozietateek (VIA, BilbaoAir eta Ortzibia) Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin hartzen dute parte Hannoverreko ekitaldian. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila batera ari dira lanean euskal azpiegituren sustapenean, Euskadiren konektibitatea eta turismoaren promozioa lortzeko.

Sailen arteko lan horri esker, beste lorpen batzuen artean, Euskadi Routes azokaren egoitza izan zen 2018an. Horrez gain, beste ekitaldi batzuetan ere hartu du parte, Belfasteko Europa mailako topaketan edo 2017an Bartzelonan egin zen mundu mailakoan, besteak beste. Helburua, euskal aireportuek lanerako estrategia osagarriak, eta jarduketa esparru komuna definituta edukitzea da, AENArekin koordinatuta garatzeko.