Estefania Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuaren eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren arteko bilera Lakuan

2019.eko uztailak 04

  • G-7koen bilera Biarritzen izateak Euskadin izan ditzakeen eraginak aztertu dituzte

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak bilera egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, eta, besteak beste, G-7ren bilera abuztuaren 24, 25 eta 26an Biarritzen izateak Euskadin izan ditzakeen eraginez hitz egin dute.

Bileran Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Jesús Loza Gobernuaren ordezkariak ere parte hartu dute, eta halako topaketa batek bakoitzaren eskumen-esparruan eskatzen duen segurtasuna izan dute hizpide, bai poliziaren ikuspegitik bai bide-segurtasunaren eta ibilgailuen zirkulazioaren eta babes zibilaren ikuspegitik.

Bilera honen ostean Barne ministroa Frantziako Christophe Castaner kidekoarekin elkartuko da, abuztuaren 24tik 26ra Akitania Berrian egitekoa den G-7ren 45. Bilerako segurtasun-neurriez hitz egiteko.

Segurtasuneko sailburua eta Barne ministroa iazko abenduan elkartu ziren lehenbiziko aldiz, eta 2017ko uztailean Segurtasun Batzarrak hartutako erabakien garapena eta bilakaera aztertu zuten bertan Euskadiko eta Espainiako Estatuko segurtasunaren arloko arduradunek.