Esne ekoizpenari buruzko lan batek irabazi du NEIKER saria euskarazko dibulgazio artikulurik onenarentzat

NEIKER_sari_berezi_2019.JPG

2019.eko maiatzak 16

Urtero zientzia eta teknologiari lotutako gai eta ikerketen euskarazko zabalkundea aitortzen duten CAF-Elhuyar sarien parte da

Nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzari buruzko ikerketen NEIKER sari bereziaren hirugarren edizioa da, eta 2.000 euroko zenbatekoa du.

Epaimahaiaren iritziz, Izaro Zubia Ibarguren albaitariaren lanak lagundu egiten du sektorearen benetako arazo bati irtenbideak bilatzen, hau da, proteinen eduki handia duten lehengaiak inportatzearen menpe egoteari, alternatiba lokal jasangarriagoak bilatuz.

Izaro Zubiria Ibarguren albaitariaren lan bat, “Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteina erabili?” izenekoa, saritu du NEIKER sari bereziarekin, CAF-Elhuyar sarien barruan. Sariak euskarazko dibulgazioa aitortzen eta sustatzen du, nekazaritza- abeltzaintza eta basogintzari lotutako gai eta ikerketen inguruan.

Epaimahaiak artikuluaren ikerketa lan argi eta zehatza baloratu du, eta, horrez gain, sektorearen benetako arazo bati erantzuten laguntzen du, hau da, proteina eduki handia duten lehengaiak inportatu behar izateagatik dagoen menpekotasun handiari, azienda elikatzeko alternatiba lokal jasangarriagoak bilatuz. Izaro Zubiria Ibarguren lizartzarrak proteaginosoen eta oleaginosoen erabilerari buruz ikertu du, esnetarako animalien jasangarritasunerako.

Zaragozako Unibertsitatean Albaitaritza ikasketak amaitu eta gero, animali nutrizioaren eta elikaduraren segurtasun eta kalitatearen arloetan prestatzen jarraitu du.

Sariak 2.000 euroko zenbateko bat dauka eta, Imanol Andonegi artistaren eskultura batekin batera, CAFek Beasainen dituen instalazioetan egindako ekitaldi batean entregatu da.

NEIKER-Tecnalia eta Elhuyar hitzarmena

Saria NEIKER-Tecnaliaren eta Elhuyar Fundazioaren artean 2016ko uztailean ikerketaren arloan euskara sustatzeko hasi zen hitzarmenaren parte da. Hitzarmenaren ondorioz, NEIKER-Tecnaliaren eta Elhuyarren arteko lankidetza Elhuyarren beste proiektu estrategiko batera ere zabaltzen da: Zientzia Azoka, gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko, gizartean zientziaren kultura bultzatzeko eta bertako eta egungo zientziaren hedapena egiteko. NEIKER-Tecnaliak aukera ematen die Zientzia Azokako parte hartzaile gazteei bere zentroak bisitatzeko, eta, sarien artean, zentro horietan egonaldiak egiteko aukera eskainiko da.

Hitzarmenak jasotzen duen beste lankidetza arlo bat da lehen sektorean eta elikaduraren industrian erabiltzen den hizkuntza askotako terminologia biltzea eta zuzen kudeatzea. Lanaren emaitza hiztegi bat izango da, 1.500 kontzeptu jasoko dituena lau hizkuntzatan.

NEIKER- Tecnalia, tokian bertan berritzen

NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik gabeko erakunde publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dago. NEIKER-Tecnaliaren ahalegina nekazaritzako elikagaien sektorea berritzera zuzentzen da, hainbat ardatzetan, betiere irtenbide berritzaileak eta transferigarriak emateko, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzako produkzio sistemen lehiakortasuna hobetzeko. Jarduera horien emaitzek laguntzen dute nekazaritzaren sektorean etengabeko hobekuntza eta berrikuntza izaten, esaterako: ekonomiatik bioekonomiarako konbergentzia lortzeko soluzioak sortzea, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintzaren sektorean medikamentu eta fitosanitarioen arrazionalizazioa lortzea, datu prediktiboen eta zientifikoki aurreratuen modelizazioa eta tratamendua egiteko tresnak sortzea, edo laboreetako teknikak bilatzea produktu berriak sortzeko, naturalagoak, osasungarriagoak, sentsorialki hobetuak eta tokian-tokian sustraituak.