Eskozia euskal kulturaren erakusleiho berri bat izango da 2019an zehar

Eskozia.jpg

2019.eko urtarrilak 16

- Euskal artista eta sortzaileen talentua ikusteko aukera izango da  Eskozian urtean zehar burutuko diren 20tik gora kultur ekitalditan
- Etxepare Euskal Institutuak antolatutako programak Eskozian eta nazioartean euskara eta euskal kultura ezagutaraztea eta prestigioa ematea du xede
- Kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin estutzea bilatzen duen egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza jaso du

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Eskoziako hiri nagusienetan 2019. urtean zehar burutuko den programa kultural eta artistikoa aurkeztu du gaur goizean Donostian. Egitasmoaren helburua da euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera ematea eta kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez Eskoziarekin harremanak estutzea. Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundien laguntza jaso du Institutuak ekimena antolatzeko, eta aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatua eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariarekin batera, Kalakan, Huntza, Oreka Tx, Korrontzi eta Tosta Banda taldeetako kide batzuk ere izan dira.

Literatura, arte eszenikoak, musika eta zinea jorratuko ditu, besteak beste, #ScotlandGoesBasque egitasmoak. Diziplina anitzeko programa honek euskal artista eta sortzaile garrantzitsuenetako batzuk aurkeztuko ditu Eskozian urtarriletik urrira bitarte.

Ekimenak, sorkuntza garaikidea eta hizkuntza ardatz hartuta, 20tik gora kultur jarduera, foro eta topaketaz osaturiko eskaintza biltzen du. Proposamen honen bidez euskal kulturaren aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukera izango du Eskoziako eta nazioarteko publikoak, baita akademiako, eta kultura eta sormen industrietako profesionalek ere.

Urtarriletik urrira 100 inguru artistak beren talentua eta sormena erakutsiko dute Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan, hala nola, Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival,  Edinburgh International Film Festival eta Fringe – Dance Base-en (Edinburgo). Halaber, euskara eta euskal kulturarekin loturiko eduki akademikoa landuko da Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibertsitateetan.

Eskoziako kultur jaialdiek nazioarteko ospea dute, eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako programak jaialdi horietan euskal edukiak txertatzea du xede, euskal kulturara leihoak irekitzeko, eta euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko, ez soilik Eskozian, baita nazioartean ere.

Gure artista eta sortzaileen hedapenerako erakusleiho paregabea ez ezik, jaialdi hauek gure kultur eta sormen industriak (KSI) nazioarteko merkatuetan sartzeko plataforma aparta dira, nazioarteko banatzaile eta programatzaile ugari bertaratzen baita. Horrek guztiak gure KSIak nazioartekotzeko jomuga estrategiko bilakatzen du Eskozia.

Bestalde, kultura, arteak eta hizkuntzaren bidez, eta sortzaileen arteko elkarrizketa baliatuz, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko bokazioa du egitasmoak. Etxepare Euskal Institutuak espero du programatutako kultur jarduerek, alde batetik, euskal kultura hobeto ezagutu dadin laguntzea, eta bestetik, elkarrizketa berriak sortzen, elkartrukeak areagotzen, eta sinergiak eta lankidetzak eragiten laguntzea.

Zentzu horretan, aipatzekoa da dagoeneko elkarlanerako bideak ezarri direla Eskoziako eta Euskal Herriko hainbat kultur eragileren artean, hala nola, Durangoko Azoka, Literaktum, eta Gutun Zuria, literaturaren arloan, eta Atlantikaldia eta Dantzagunea dantzaren esparruan.

 

Celtic Connections: munduko musikekin hitzordua

Euskal sortzaileentzat lehenengo hitzordua urtarrilaren 17tik otsailaren 3ra Glasgowen egingo den Celtic Connections jaialdia izango da. Nazioartean World Musik delakoaren erreferente den festibal honetan lau euskal talde arituko dira: Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka Tx. Hauekin batera, Tosta Bandak ere kontzertu bat emango du. Igor Otxoa eta Mixel Ducauk zuzenduriko proiektu honek hizkuntza minorizatuak balioan jartzea du helburu, eta Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskal Herriko musikariak daude kideen artean.

Bestalde, jaialdiaren baitan Eskoziako kultur eragileekin topaketa profesional bat ere egingo da. Euskal Herriko musika industriako hamar bat profesional, elkarte sektorialetako ordezkariak eta musikaren alorrean lan egiten duten sektore publikoko hainbat profesionalek hartuko dute parte. Halaber, munduko musiken generoaren baitan kokatu daitezkeen euskal artisten katalogoa argitaratu da, festibalera bertaratuko diren profesionalek jasoko dutena.  Horrekin batera CD bilduma bat ere prestatu da, nazioartean herri-musiketan erreferente den Songlines aldizkariarekin banatuko dena.

Eskozia: lehentasunezko lurraldea

Eskozian egingo den kultur programa Etxepare Euskal Institutuaren 2017-2020rako bide-orriaren lehentasunen artean kokatzen da. Izan ere, Institutuaren ildo estrategikoetako bat da herrialde zehatzetan nazioarteko inpaktua duten ikusgarritasun handiko ekintzak gauzatzea.

Era berean, egitasmoa Eusko Jaurlaritzaren Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Estrategiaren testuinguruan dago kokatuta. Kultura da estrategia horren ardatzetako bat. EBC 2020k Euskadiren nazioartekotzerako estrategikoak diren herrialde eta eskualdeak identifikatzen ditu. Hauek atzerrian Euskadiren interesen zati garrantzitsu bat biltzen duten lurraldeak dira, 2018-2020 aldian lehentasunezko arreta jasoko dutenak.

Besteak beste, EBC 2020k lehenesten ditu Euskadiren Nazioarteko Aliantza Estrategikoen Sareko kideak. Dela gertutasun geografiko eta lotura historiko eta multisektorialengatik, edo dela nortasun errotua duten herrialde homologoak direlako, horien artean daude Akitania, Flandes, Gales, Eskozia, Bavaria eta Quebec. Azken lurralde honetan jarriko du fokua Institutuak 2020. urtean.