"Esadazu gezurra, ahal baduzu: testigantzaren sinesgarritasunaren ebaluazioa" izenburupean egin da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Parez-Pare jardunaldia

2019.eko maiatzak 09

Saioan testigantzen fidagarritasuna neurtzeko teknikak eta tresnak aztertu dituzte

Arkaute, 2019ko maiatzak 9.

Testigantzaren psikologia oso diziplina konplexua da, eta helburu nagusia du gertaera baten lekuko izan den pertsona batek gertaerari buruz emandako informazioaren kalitatea zehaztea. Deklarazio baten sinesgarritasun-maila zehaztu beharrak ekarri du kontakizunaren egiazkotasuna neurtzeko zientifikoki baliozkotzat jotako hainbat teknika garatzea, eta ageriko eragin praktikoak ditu arlo juridiko-kriminologikoan eta segurtasunaren arloan. Testigantzaren sinesgarritasuna izan da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak Parez-Pare Jardunaldian gaur aurkeztu duen gaia, ‘Esadazu gezurra, ahal baduzu: testigantzaren sinesgarritasunaren ebaluazioa’ izenburupean.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bi mahai-inguru egin dira gaur deklarazioa hartzean eta epaiketetan erabakigarria den eta berebiziko garrantzia duen gai bat eztabaidatzeko eta aztertzeko: gertaera baten lekuko izan diren pertsonen testigantzaren sinesgarritasuna.

 

“Jardunaldi hauetan testigantzen fidagarritasuna neurtzeko teknikak azaldu dira, premisa metodologiko jakin batzuetatik abiatuta, delako pertsona sinesgarria den ala ez erabakitzeko. Azken batean, helburua da pertsona baten testigantza sinesgarria den ala ez, egia esan duen ala ez, jakitea”, adierazi du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak, eta, aldi berean, jarduera honen garrantzia balioetsi du, egoera horietan kontakizuna faltsua izateak nahastu egin baitezake legezko ikerketa bat eta arriskuan jar baititzake ikerketa horren emaitzak.

 

 

Horrela, Parez-Pare jardunaldietako saio honetan hainbat ikuspegitatik aztertu dira deklarazio baten baliozkotasuna egiaztatzeko teknika eta tresna nagusiak, eta arreta berezia eskaini zaio polizia-eremuan izan dezaketen ezarpenari.

Horrela, lehenengo mahaiko gaia izan da Testigantzaren ebaluazioa: tresnak eta ezarpena polizia-eremuan. Lehenengo txostenaren aurkezpena Kriminologiaren Euskal Institutuko (UPV/EHU) Delinkuentziari,  Marjinaltasunari eta Giza harremanei buruzko Nazioarteko Zentroko zuzendariak, César San Juanek, egin du, eta bere hitzaldiaren gaia izan da ‘Tresna forentseak: irizpideetan oinarritutako edukiaren analisia (CBCA) eta testigantzaren sinesgarritasunaren ebaluazioa (SVA)’.

 

Bigarren hizlaria Cristina Andreu Nicuosa izan da, Aragoiko Lege-medikuntzako eta Zientzia Forentseetako Institutuko psikologo forentsea, eta bere hitzaldiaren gaia izan da ‘P300 gogoratutako potentzialaren bitartekotasuna eta bere aplikazioa  polizia-ikerketan’.

 

Bigarren mahai-inguruaren gaia izan da Testigantzaren sinesgarritasunaren eta ebaluazioaren aplikazio kriminologikoak: adingabeak eta susmagarriak. Testigantzaren psikologian aditua den eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Psikologiako irakaslea den Antonio Manzanerok  ‘Sexu-abusua izan duten adingabeko biktimen testigantzak’ gaiaz hitz egin du eta Polizia Nazionaleko inspektore-buruaren hitzaldiaren gaia ‘Galdeketa susmagarriei’ izan da.

 

Moderatzaile-lanetan Ertzaintzako Polizia Judizialaren Ataleko Arabako ofizial burua, Luis Alberto Gredilla, aritu da.