Elgorriaren hiru kasu berri egiaztatu dira Bizkaian

2019.eko urtarrilak 09

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiaztatu egin ditu elgorriaren hiru kasu berri Bizkaian, azkeneko bi asteetan. Hiru kasuetan ez zuten txertoa jarrita eta, egin zaien azterketa epidemiologikoan zehaztu ahal izan denez, joan den azaroaren amaieran gaixotasun hori Tailandian hartu zuen pertsonan du sorburua haien kutsadurak; bidaiatik itzultzean ospitaleratu behar izan zuten, Osasun Sailak komunikatu batean jakinarazi zuen bezala.

Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak aktibatuta dute protokoloa kutsadura potentzialak detektatzeko. Zehazki, egiaztatu diren azkeneko kasuak hiru pertsonarenak dira; 31 eta 38 urte bitartekoak dira, eta abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra bitartean hasi ziren sintomak garatzen.

Osasun Publikoaren Zuzendaritzak kutsapenak saihesteko isolamendu-neurriak aplikatu ditu. Halaber, protokoloari jarraikiz, kontaktuei buruzko azterketak egiten ari dira, eta beharrezkoak diren neurriak hartu dira kasuekin zerikusia izan duten pertsonekin.

  1. urtetik 2018. urtera arte ez da elgorri-kasurik detektatu Euskadin. Hala ere, gaixotasun hori ez da desagertu, inondik ere. Aitzitik, Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroaren (ECDC) datuen arabera, Europa osoan gora egin duela egiaztatu da. 2018. urtean sei elgorri-kasu egiaztatu dira Euskadin eta kasu bat aurten; zazpi kasu hauetatik, sei Bizkaian eta bat Gipuzkoan eman dira. Kasu guztiak eremu epidemikoetara egindako bidaietan gertatu diren kutsapenak dira.

Gogorarazi beharra dago gaixotasuna izan ez duten edo behar bezala immunizatu gabe dauden pertsona guztiek har dezaketela elgorria, behar bezala txertatuta ez badaude. Euskadin, zehazki, elgorriaren aurkako txertoa haurren txertoen egutegian sartuta dago, Hirukoitz Birikoaren (elgorria-hazizurriak-errubeola) lehen dosiaren estaldura % 96,05ra iritsi da, eta bigarrenarena, berriz, % 94,7ra. Estaldura horiek OMEk gomendatutako adierazleak betetzen dituzte.

Azpimarratu beharra dago, berriz ere, oso garrantzitsua dela txertoa jartzea zenbaitetan hilgarriak izan daitezkeen gaixotasun infekzioso larriei aurrea hartzeko. Halaber, txertoen egungo segurtasuna azpimarratu behar da.  

Beste neurri batzuk hartu behar izanez gero, Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 9a