Durango abentura-kirolen hiriburu bihurtuko da maiatzaren lehen hiru egunetan Kirolene Film Fest ekitaldiaren eskutik

2019.eko apirilak 29

  • A land shaped by women” Anne-Flore Marxer suitzarraren dokumental sarituak emango dio hasiera emakumezkoak protagonista izango diren edizioari
  • Lehiaketa irabazi duten film laburren sari banaketa ostiralean, maiatzaren 3an, izango da San Agustin Kultur Gunean

 Durangoko herriak Kirolene Film Fest, esparru naturalean egiten diren kirolen film laburren II. lehiaketa biziko du maiatzaren 1, 2 eta 3an.

 Festibala asteazkenean, maiatzaren 1ean, hasiko da nazioarte mailan 13 sari jaso dituen filmaren emanaldiarekin: A land shaped by women”. Anne Flore-Marxer snowboardeko munduko txapeldun ohia Durangon izango da ikusleen galdereei erantzuteko. Filmak emakumezkoen ikuspuntua eskaintzen du gizonezkoak nagusi izan diren surf eta snowboard kirolen praktikan. Feminismoa eta kirola uztartzen dituen film honetan,  protagonista Islandiaraino doa, genero berdintasunean eredugarri izan den gizartea eta paisaia paregabeak gordetzen dituen herrialdera.

  Ostegunean, maiatzaren 2an, Durangaldean ekoiztutako bi dokumental eskainiko dira, hauek ere lehiaketatik kanpo.

 Pastoreak” dokumentalean, egungo gizarte globalizatuan artzain izatea erabaki duten andre-gizonek transmisio eta balio istorioa dakarkigute.

 Eta “Tor” lanean, munduko ultratrail lasterketa gogorrenetarikoan Silvia Trigueros korrikalari bizkaitarrak bere gaitasun fisikoa eta psikikoa muturreraino eraman duen bizi esperientzia azalduko du.

Ostiralean, maiatzaren 3an, Kirolene Film Fest irabazi duten film laburren egileei sariak banatzeko ekitaldia egingo da.  Aurten 29 film labur aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino 3 gahiago, eta horrrek esan nahi du Kirolene Film Fest sendotu eta erreferente bihurtzen ari dela esparru naturalean kirola egiteaz eta esperientzia hori konpartitzeaz gozatzen duten kirolari guztien topagune gisa.

Aipaturiko filmen sinopsia eta fitxa teknikoak, hemen ikus daitezke.

 Eskia, snowboarda, mendia, ur- kirolak eta naturan eginiko beste kirol batzuen (parapentea, mendiko bizikleta, skatea…) inguruko film laburrak sarituko dira. Kirolene, kirol irakaskuntzarako Eusko Jaurlaritzaren ikastetxe ofizialaren filosofia da kirol praktika balioetan oinarritzea. Horregatik, aipamen berezia jasoko dute ezgaitasuna duten kirolarien inklusioari buruzko film laburrik onenak, euskaraz egindako onenak eta, aurten lehenengoz, emakumezkoek egindako film laburrik onenek. Orain arte gizonezkoen esparru izan diren abentura-kirolean emakumezkoen parte hartzea bultzatu nahi du Kirolene Film Fest-ek sari honekin. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak emango du saria.

  Festibalaren hiru saioak San Agustin Kultur Gunean, Durangon, izango dira arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak bertan erosi ahal izango dira, edo aurretik, Kutxabankeko orotarako kutxazainetan.