Cristina Uriartek eta Pedro Azpiazuk lagun izango dituzte Lakuara bisitan etorriko diren ehun ikasle inguru, ekonomia itunaren dibulgazio-ekitaldien barruan

2019.eko ekainak 17

URIARTEK ETA AZPIAZUK EKONOMIA ITUNAK EUSKAL ERAKUNDEETAN DAKARTZAN INPLIKAZIOAK AZALDU DIZKIETE ZERGA HEZKUNTZAKO MODULUKO ESKOLA-UMEEI

  • Cristina Uriarte eta Pedro Azpiazu 70 eskola-ume baino gehiagorekin izan dira Eusko Jaurlaritzak Lakuan dituen instalazioak bisitatzen, bigarren urtez jarraian
  • Ikasleak Arrasateko, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko ikastetxeetakoak izan dira

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua DBHko eta Batxilergoko 70 ikasle baino gehiagorekin izan dira, Lakua bisitatzen, Ekonomia Ituna eta Zerga Hezkuntzako baterako programa zabaltzeko jardueren esparruan. Helburua Lakuako ateak irekitzea izan da, Eusko Jaurlaritzaren lan-zentro nagusira hurbildu daitezen; bertan betetzen dute beren egitekoa 2.300 pertsona inguruk.

Ekonomia Ituna euskal erakundeei beren politika publikoak garatzeko aukera ematen dien finantzaketa-tresna da, eta bi sailburuek uste dute garrantzitsua dela Zerga Hezkuntzako moduluan parte hartu duten ikasleak Euskadin batzen diren zergen zati bat zertara bideratzen den jakiteko lekuko izatea.

Lakuara hurbildu diren ikasleak honako zentro hauetatik etorri dira: Vitoria-Gasteizko Unamuno BHI, Bilboko Martín de Bertendona BHI eta Arrasate BHI. Modulu horretan 5.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute, eta horiek ikasle guztien ordezkari gutxi batzuk baino ez dira.

Lakua bisitatu ondoren, ikasleek Euskadiko erakunde-, ekonomia-, gizarte- eta kultura-errealitatearen azalpen laburra entzun dute, Itziar Agirre Ogasuneko sailburuordearen eskutik. Sailburuordeak, gainera, Ekonomia Itunaren oinarriei buruzko azalpen atsegina eman du. Berarekin batera, Ane Etxenausia Zerga Administrazioko zuzendariak eta Aitziber Beldarrain Erakundeen Baliabideetako zuzendariak ere parte hartu dute.

Zerga Hezkuntza

Zerga Hezkuntzako Modulua foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute, eta Zerga Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Baterako Planaren barruan sartzen da, prebentzio-estrategiak garatzeko; estrategia horiek adin goiztiarretik hezkuntza-ingurunean zerga-kontzientziazio handiagoa sustatzean oinarritzen dira. Modulua LHko, DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzentzen zaie; ikastetxe bakoitzak aukeratuko du.

2018/2019 ikasturteko programaren parte-hartzea 2018ko irailean hasi zen, eta LHko, DBHko eta Batxilergoko 5.326 ikaslek parte hartu dute, honako ikastetxe hauetatik: 21 Araban, 78 Bizkaian eta 66 Gipuzkoan.

Datorren 2019/2020 ikasturterako helburuaren %43a lortu da jada, aurreikusitako 201 ikastetxeetatik jadanik 87k eman baitute izena, 1.581 ikaslerekin.

Atxikipena borondatezkoa da, eta 2017/2018 ikasturtean abian jarri zen proiektua behintzat 2021era arte jarraitzea aurreikusten da.

Dagoeneko zabalik dago 2019/2020 ikasturterako ikastetxeek aurretiaz izena emateko epea.

Zerga Hezkuntzaren Moduluari buruzko informazio gehiago:

https://bit.ly/2F356XI