Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Islandia bisitatu du, genero ikuspegia duten aurrekontuetan sakontzeko

IMG_8792.jpg

2019.eko martxoak 21

PEDRO AZPIAZU OGASUN ETA EKONOMIA SAILBURUAK ISLANDIA BISITATU DU, GENERO IKUSPEGIA DUTEN AURREKONTUETAN SAKONTZEKO

 

  • Euskal ordezkaritza Islandiako Gobernuko Ekonomia eta Finantza Ministroarekin, Islandiako Legebiltzarreko Aurrekontu Batzordeko presidentearekin eta Reikiavic-eko Udalarekin elkartu da 
  • Genero ikuspegia duten aurrekontuek, aurrekontu prozesuaren testuinguru orokorraren barruan generoari buruzko ikuspegi argia integratzea bilatzen dute  
  • Islandiak lehenengo lekua betetzen du 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Foro Ekonomikoko Genero Arrakalaren Indize Orokorrean  

 

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburua Bjarni Benediktsson Islandiako Ekonomia eta Finantza Ministroarekin elkartu da gaur goizean, genero ikuspegia izango duen aurrekontu prozesua lantzeko formula elkarren artean aztertzeko. Lehenengo bilera horren ondoren, euskal ordezkaritzak bilerak izan ditu Willum Þór Þórsson Islandiako Legebiltzarreko Aurrekontu Batzordeko presidentearekin eta Reikiavic-eko Aurrekontu Zuzendariarekin eta bere taldearekin, izaera teknikoagoa izango duen topaketan. Topaketa guztien helburua, nazioarte mailan berdintasunaren arloan erreferentziazkoa den herrialdeetako baten erakundeetan erabiltzen den metodologia gertutik ezagutu ahal izatea izan da.

Genero ikuspegia duen aurrekontua, “aurrekontu prozesuaren testuinguru orokorrean generoari buruzko ikuspegi argia sartzea”dela dio OCDEk, prozesu berrien eta tresna analitikoen bitartez, generoan zentratutako politikak sustatzeko xedez”.

Genero ikuspegia duten aurrekontuen jardunbideak ezartzeko baliabideek, gehienetan aurrekontuetara mugatzen ez diren forma desberdinak har ditzakete. Helburua ez da bakarrik genero berdintasuna lortzera zuzendutako ekimen zehatzak finantzatzea; zerga politikak eta aurrekontuei buruzko erabakiak eta horiek genero berdintasunean duten eragina aztertu behar dira.

Eusko Jaurlaritzak Islandia aukeratzeko izan duen arrazoia, 144 herrialde sailkatzen dituen Munduko Foro Ekonomikoko Genero Arrakalaren Indize Orokorrean herrialde horrek lehenengo lekua betetzen duela da.

Islandia 2009an hasi zen aurrekontuak genero ikuspegiarekin lantzen, eta ordutik konpromiso sendoa dute aurrekontuak ikuspegi horretatik aztertzearekin.

Halaber, Islandiako Gobernuak administrazioan berdintasuna bultzatzeko tresna espezifikoa sortu du, eta duen ibilbidea eta lortu dituen emaitzak kontuan izanda, mundu mailako erreferentzia da alor horretan.

Izan ere, lantaldean 25 pertsona baino gehiago dituzten enpresa publikoetan eta pribatuetan emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala debekatu duen lehen herrialdea da (2018), zehapenak ezarriz eta enpresei soldata berdintasun ziurtagiria eskatuz.

 

Konpromiso ukigarria

Eusko Jaurlaritzak, “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana” onetsi zuen. Plan horren bitartez, egunero, bere eskumenen barruan, berdintasun erreala eta efektiboa lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du. Horrez gain, berdintasunaren aldeko politikekin duen konpromisoari eusten dio, eta eskubideak bermatzeko eta jasangarriagoa eta berdintsuagoa izango den gizarte eredua lortzeko esfortzua egiten du.

Ildo berean, Euskadin Soldata Arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintzako Plan Operatiboaonetsi zuen. Planaren helburua, 2030erako Euskadi soldata arrakala txikiena duten Europako bost herrialdeen artean egotea da.

Ogasun eta Ekonomia Sailetik uste da oso ekarpen garrantzitsua egin daitekeela Berdintasunerako bide horretan, Berdintasun alorrean planteatutako politika publiko guztietan jasotzen diren neurriak ukigarri eta erreal bilakatuz.

Eusko Jaurlaritzak hamar urte baino gehiago daramatza aurrekontu prozesua genero ikuspegiarekin lantzen, politika publikoen eraldaketa bultzatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren lorpenaren helburu nagusia zeharka barnera dezaten.

Gobernu Programaren barruan, 2020-2030 Estrategian, GJH-ODS izenekoekin lerrokatuta dagoen konpromiso politikoa jasotzen da. Garapen Jasangarrirako Helburu horien artetik bosgarrena “Genero Berdintasunari” dagokiona da. Horrez gain, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren barruan, gobernu onerako helburu gisa, “Aurrekontuetan genero ikuspegia barneratzea” dago.

Genero eraginaren azterketa, aurrekontu orokorrak egiteko ohiko administrazio prozeduran sartu da.

Sail eta erakunde autonomo guztiek euren aurrekontu programak aztertu behar dituzte, eta azterketaren emaitza Ogasun eta Ekonomia Sailari bidali behar diote.

Planteatzen den erronka, genero berdintasunari dagokionez Euskadi Europako lehenengo 4 herrialdeen artean jartzea da. Horretarako, beharrezkoa izango da Enplegu, Diru, Ezagutza, Denbora, Botere eta Osasun dimentsioetan bilduta dauden 26 adierazletan aurrera egitea.

Politika publikoak hobetzea ere bilatzen da, genero ikuspegia barnera dezaten, aurrekontu prozesuaren maila guztietan genero zeharkakotasun kontzeptua aplikatuz, eta diru-sarrerak eta gastuak berregituratuz, genero berdintasuna sustatzeko.

Islandiara joan den euskal ordezkaritza hauek osatu dute: Azpiazu Sailburuak; Itziar Agirre Ogasun Sailburuordeak; Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordeak; Yurdana Burgoa Gabinete Zuzendariak; eta Hernando Lacalle Aurrekontu Zuzendariak. Bisita ofizialean aurreikusitako agenda hau izan da:

 

Osteguna, 2019ko martxoaren 21a

ISLANDIAKO GOBERNUA

09:30-10:45 Bilera Bjarni Benediktsson Islandiako Finantza eta Ekonomia Ministroarekin. (Pedro Azpiazu, Itziar Agirre, Alberto Alberdi, Yurdana Burgoa eta Hernando Lacalle)

10:45-11:30 Generoan oinarritutako aurrekontuen ezarpenari buruzko bilera teknikoa Herdís Sólborg Haraldsdóttir arduradunarekin (Yurdana Burgoa eta Hernando Lacalle).

 

LEGEBILTZARRA

11:45-13:00 Laneko bazkaria Willum Þór Þórsson Aurrekontu Batzordeko presidentearekin; Jón Magnússon Batzordeko Idazkari Nagusiarekin; eta batzordeko bost kiderekin. (Pedro Azpiazu, Itziar Agirre, Alberto Alberdi, Yurdana Burgoa eta Hernando Lacalle)

 

REIKIAVIK-EKO UDALETXEA

  1. 13:30-14:30 Bilera teknikoa Birgir Björg Sigurjónsson Reikiavic-eko Finantza Zuzendariarekin;  Örn Þórðarson Reikiavic-eko Udaleko kidearekin; Halldóra Káradóttir Aurrekontu Zuzendariarekin; eta Freyja Barkardóttir genero aurrekontuen arduradunarekin. (Alberto Alberdi, Yurdana Burgoa eta Hernando Lacalle).

Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 21ean