Barakaldoko mea-kargalekuak kontserbatzea eta ezagutaraztea adostu dute Eusko Jaurlaritzak, Barakaldoko Udalak eta Bilboko Portu Agintaritzak

2019.eko apirilak 04

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Barakaldoko Udala eta Bilboko Portu Agintaritza akordio batera iritsi dira portuaren eremuan, Barakaldoko udalerriaren barruan, zeuden mea-kargaleku zaharrak ezagutarazi, birgaitu, kontserbatu eta zaintzeko. Helburu nagusietako bat da herritarrek, bereziki Barakaldokoek, ondare horretaz gozatu ahal izatea.

Akordioa gaur eman dute ezagutzera, Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Portu Agintaritzako presidente Ricardo Barkalak.

Mea-kargaleku zaharrak, Barakaldoko udalerrian kokatuak, Rontegi zubiaren inguruan daude, ibaian gora eta behera. Gehienak interes historiko/artistiko edota arkitektonikoko instalazioak dira, eta Bilboko Portuaren eremuan daude kokatuta, Portuak bere zerbitzuak eskaintzen dituen inguruan. Horregatik iritsi dira administrazio arteko lankidetza batera, eta aurrera eramango diren ekintzak eta helburuak jardute-protokolo batean jasoko dira; protokoloa datorren asteetan sinatuko da, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordean horren berri emandakoan.

Protokoloan bildu diren ekintzen eta helburuen artean daude:

- Nerbioi itsasadarrean kokatutako mea-kargaleku zaharren berezitasun eta garrantzi historiko/artistikoa edota arkitektonikoa aztertzea, batez ere Orconera, Sefanitro y Cía eta Franco Belga izenekoena, baita bideragarritasun teknikoak eta ekonomikoak ere, egin behar izango zaizkien birgaitze- eta kontserbazio-lanen arabera.

- Aipatutako analisi instituzional bateratu horren emaitzaz, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa barnean direla, gai horretan eskumena duen Estatuko Administrazio Orokorreko organoaren aldetik, egokitzat hartzen diren kasuetan, kargaleku horien eta horietako baten berezitasun eta garrantzi historiko/artistikoaren edota arkitektonikoaren aintzatespena sustatzeari ekitea.

- Espainiako Ondare Historikoaren ondasun higiezinak birgaitu, kontserbatu edo aberasteko lanak finantzatzeko aurreikusitako laguntzak tramitatzea, Kultura eta Kirol Ministerioak kudeatutako “kulturarako % 1,5a” programaren barruan; laguntza horien zati bat Bilboko Portu Agintaritzak ordaintzen du berak sustatutako portuko obren urteko inbertsioen bitartez. Izan ere, 16/1985 Legearen 68.1. artikuluak eta bere garapen partzialerako urtarrilaren 10eko 111/1986 Errege Dekretuaren 58.1. artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako Programatik datozen dirusarrerak Espainiako Ondare Historikoa kontserbatu eta aberasteko lanak finantzatzeko izango dira, edo sormen artistikoa sustatzeko, “obrari berari edo bere gertuko inguruneari lehentasuna emanez”.

- Adierazitako ondasunen lagapen edota ustiapenerako eta udal kudeaketarako formulak aztertu eta ezartzea, birgaitu ondoren, portuko zerbitzuen eremuan, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen Testu Bateratuaren arabera eta Administrazio Publikoen Ondareari buruzko Legerian jasotako aurreikuspenekin bat etorriz, udalerriko kudeaketen eremuan kargaleku horien kontserbazioa eta Barakaldoko herritarrekiko elkarrekintza bultzatzearren.

- Behar izanez gero, portuko edota udaleko plangintza-baliabideak aldatzeko tramiteak hastea, portuko ondasunen balizko desafektazioa barne, udal kudeaketaren menpe gera daitezen.

Ondare artistiko industrial bat

XIX. mendean 23 kargaleku zeuden Olabeagatik oraingo La Benedicta kairaino, Itsasadarraren inguruan zegoen meatzaritza- eta esportazio-jarduera handiari erantzuteko. Trenbideko garraioak, baita ontzietako zamalan-premiek eta mareek ere, kargaleku berezi bat definitu zuten, Itsasadarraren mugak karakterizatu eta itxuratu zituena, eta horrela eratu zen karga eta balio historiko handiko paisaia-konposizioa, nortasun nabarmena duena.

Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrak multzo monumental kategorian hartzen ditu barnean Barakaldoko mea-ontziralekuak eta -kargalekuak (2016ko irailaren 12ko ebazpena)

Kargaleku horiek dira:

  • Franco-Belga konpainiaren kargalekuak hiru ziren eta 1886koak dira. 3. zenbakiduna deitzen zaiona bakarrik kontserbatzen da; su hartu ondoren 2002an zaharberritu zuten. Zenbait konpainiaren ekimenez eraikitako kargaleku bakanetako bat da eta bere jatorrizko elementu ugarirekin iritsi da gure garaira. Galindo ibai-ahotik gertuen mantentzen dena da. Kargalekuak XX. mendeko laurogeiko hamarkadara arte egon ziren jardunean, jabe desberdinekin.
  • Orconera Iron Ore Company Limited konpainia Europako siderurgia-enpresek 1871 eta 1876 artean Bizkaian sortutako meatzaritza-enpresa filialetatik garrantzitsuena izan zen. 5 izan ziren eraikitako zamalanetako kaiak, guztiak antzeko ezaugarriekin. Gaur egun, haietatik guztietatik 5. zenbakidun kargalekua kontserbatzen da (1876an eraikia) eta ia osorik mantentzen da bere egitura. Gainerako kargalekuetatik (3. zk. eta 4. zk.) ur gaineko azken muturreko goi-habeak geratzen dira bakarrik, baita oholtzaz eratutako kaien hondakinak ere, zurezko oztopo-zutoinen gainean.

Orconera konpainiaren burdin mearen kargalekua, Gateshead-eko Dunston Staiths konpainiarenarekin batera (harrikatzarena), XIX. mendeko zurezko egitura murgildua duten bi kargaleku bakarrak dira, ustez munduan zutik geratzen diren bakarrak.

  • Sefanitro konpainiaren kargalekua egitura garai bat da eta trenbideen pasabidea salbatzen du. Ondoren egindako eraikuntza bat da eta 1941an sortutako Sociedad Española de Fabricaciones Nitrogenadas, S.A. enpresari lotzen zaio. Enpresak eraikin-multzo handi bat garatu zuen, Germán Agirre eta Hilario Imaz arkitektoek diseinatuak. Eraikinek mugimendu modernoaren ezaugarriak gehitzen dituzte, baita arkitektura arrazionalista espresionistaren irizpideak ere. Konplexu industriala eta Itsasadarreko zamalanerako gunea lotzen zituen kargalekuaren estilo arkitektonikoa erabakitzailea izan zen.