Artolazabal: "Aniztasun funtzionala duten emakumeen kolektiboak lehentasunezko arreta behar du; arreta hori erakundeen, hirugarren sektore sozialaren, enpresaren eta gizartearen elkarlanari esker eskaintzen ari da"

2019.eko ekainak 26

  • “Desgaitasuna duten emakumeen ahalduntzea ez da emakumeentzat bakarrik, baita gizarte osoarentzat ere”
  • “Emakumeek soberan dituzte etiketa mugatzaileak; izan ere, gizarteak aprobetxatzen jakin behar duen gaitasun eta interes batzuk eskaintzen dituzte”.
  • Legebiltzarreko agerraldia: “Euskadin, hamar emakumetik batek desgaitasuna edo aitortutako mendekotasun-egoera bizi du”

VG 26 06 19

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera, “aniztasun funtzionala duten emakumeen kolektiboak lehentasunezko arreta behar du; arreta hori erakundeen, hirugarren sektore sozialaren, enpresa-munduaren eta gizartearen elkarlanari esker eskaintzen ari da, baina, hala ere, oraindik lana dago egiteko”.

 

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako zuzendariarekin batera, Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean honako hau nabarmendu du: “desgaitasuna duten emakumeen ahalduntzea ez da emakumeentzat bakarrik, gizarte osoarentzat da; izan ere, desgaitasuna duten emakumeak, oroz gain, emakume dira. Ez dira beste baldintza batzuk aurretik jarri behar; izan ere, beraiek soberan dituzte etiketa mugatzaileak, gizarteak aprobetxatzen jakin behar duen gaitasun eta interes batzuk eskaintzen baitituzte”.

 

“Euskadin, Berdintasunerako Legea dugu, eta hark bazterketa anizkoitzaren kontzeptua jaso du. Herrialde honetan, prebentzio- eta babes-politikak garatzen ditugu, ahalduntzekoak eta gaikuntzakoak, eta bizitza independentea izateko proiekturako estrategian aurrera egiten dugu, ‘bizitza independentea’ren mugimenduak planteatzen duenarekin bat etorriz. Aniztasun funtzionala duten pertsonen ahalduntze handiagoaz ari gara, hautatzeko gaitasun handiagoaz, autodeterminaziorako eta beren bizitzen kontrolerako duten eskubidearen aitorpenaz”, esan du Artolazabalek.

 

Beatriz Artolazabalek Euskal Ganberan esan duenez, “arlo sozial horretan urrats garrantzitsuak eman ditugu, eta, oraindik, beste batzuk daude aurretik emateko.  Guztion artean ondo egiten ari garela uste dut. Bidean gaude, eta oraindik lana dago egiteko. Erakundeok eta gizarteak desgaitasuna duten emakumeek bizi dezaketen bereizketari aurre egin eta jasaten duten “ikusezintasuna” gainditzeko neurriak aktibatzen ditugu. Desgaitasuna duten emakumeek talentu eta trebetasun ugari dituzte gure gizartea aberasteko; beraz, beren ekarpena sustatu behar da”.

 

Arriskuak

“Hezkuntza- eta lan-politika inklusiboak eta irisgarriak direla eta, desgaitasuna duten emakumeek erabat balia ditzakete beren eskubideak. Garrantzitsuena da guztiok dugula horren kontzientzia”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “aniztasun funtzionala duten emakumeek bereizketa anizkoitza jasateko arrisku gehiago dute eta, hori nahikoa ez balitz, indarkeria matxistaren eragin handiagoa jasan ohi dute eta ahulagoak dira egoera horretan. Erakunde-politikek generoa eta desgaitasuna zeharka aurreikusi behar dituzte. Horretarako, koordinatuta lan egin behar da desgaitsuna duten emakumeekin harreman zuzenean dauden hirugarren sektore sozialeko elkarte eta erakundeekin”.

 

“Erronka handia gizartearen beharrei erantzuten dieten eta gizabanako bakoitzaren behar berezietara egokitzen diren neurriak diseinatzea da. Hori guztia, aniztasunaren aitorpenetik abiatuta, aniztasun funtzionaletik eta jatorriaren, sexuaren edo adinaren aniztasunetik. Kontziente izan behar dugu eta aitortu kolektiboak eurak –emakumeak eta aniztasun funtzionala duten pertsonak– anitzak eta heterogeneoak direla”, esan du sailburuak.

 

“Administraziook, biztanleentzako zerbitzuak antolatzeko orduan, plangintza unibertsaletik eta humanistatik egin behar dugu, eta pertsonak izan behar du erdigune. Sarritan, desgaitasuna duten emakume eta neskatoei ukatu egiten zaie emakume direla; beren desgaitasuna baino ez da ikusten, eta emakumearen baldintza eman edo ukatu gabe”, esan du Euskadiko gizarte-politiketako eta enpleguko arduradun nagusiak.

 

Artolazabalek prebentzio- eta babes-politikak zehaztu ditu, ahalduntzekoak eta gaikuntzakoak, eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen norberaren bizitza-proiektura eta autonomiara bideratutakoak.

 

Lehendabizikoen artean zenbait erakundek eta organismok ematen dituzten datuak aipatu ditu, “eta, hartan, genero-indarkeriaren eta desgaitasunaren bateratzea oso kezkagarria da: Munduko emakumeen % 19,2k desgaitasunen bat du. 5 emakumetik 1ek desgaitasuna du.  Baina emakume horiek guztiak ez dira desgaitasun batekin jaio; izan ere, desgaitasuna duten emakume gehiago daude desgaitasuna duten gizon baino. Hori emakumeek eta desgaitasuna duten pertsonek jasaten dituzten indarkeriaren eta abusuen ondorio da; % 60 emakumea eta neskatoa da”.

 

10etik 1

“Euskadin, hamar emakumetik batek desgaitasunen bat du edo mendekotasun-egoera aitortuan bizi da, eta, hori dela eta, badakigu ahultasun handiagoko egoeran egon daitezkeela. Badakigu emakumeen kolektibo batzuen ahultasunak indarkeria matxistaren tasa handiagoak dakartzala. Desgaitasun fisikoa, intelektuala, psikikoa edo sentsoriala duten emakumeen kolektiboa horietako bat da”, esan du.

 

Artolazabalen hitzen arabera “indarkeria jasaten da, ez bakarrik fisikoki tratu txarra ematen dizutenean, kontrolatzen zaituztenean, isolatzen, izutzen zaituztenean, nahi ez dituzun gauzak egitera behartzen zaituztenean, baita jateko, medikaziorako, norbere garbitasunerako, aulkitik ohera joateko edo ohetik aulkira joateko laguntza ematen ez dizutenean ere, besteak beste.  Kasu horietan okerreko zaintzez edo zaintzarik ezaz hitz egitean ere indarkeriaz ari gara".

 

“Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean, gainerako euskal erakundeekin koordinazioan dihardugu lanean, guztiok eskubide- eta aukera-berdintasunean bizitzeko; horretarako, kolektibo ahulenak bultzatzen ditugu, ekitate-printzipioetan oinarritzen gara eta, oso garrantzitsua dena, hainbesteko balioa dakarkigun hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik egiten dugu”.

 

Eraso baten ondoren bizitza-proiektua autonomiaz garatzea dela eta, Artolazabalek gogorarazi du honako baliabide hauek jartzen direla eskuragarri: “ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoa eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE); unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikasketetarako bekak; etxebizitzako laguntzak eta enpleguko eta prestakuntzakoak: genero-indarkeriarako tutoretza, Lanbideko bulego bakoitzean”.

 

“Aniztasun funtzionala duten neskato eta emakumeen ahalduntzea dela eta, euskal hezkuntza-sisteman egiten den lana aipatu behar da; izan ere, hezkuntza inklusiboa sortzen da hezkuntzarako eskubidea gizarte bidezkoagoaren oinarrizko giza eskubidea delako uste osotik. Komeni da ziurtatzea ikasle bakoitzak ahalik eta garapen pertsonaleko maila altuena lortu ahal izatea, hezkuntza-inguruneak bikaintasunerako bilakaera oztopatu gabe”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

“Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planak eta Gizarteratzeko Planak zeharkako neurri heterogeneo hori jaso dute. Gizarteratzeko Plana Gizarte Eskubideen Europako Zutabean jaso diren printzipioetan oinarritzen da; bertan, aukera-berdintasunaz hitz egiten da. Gizarte Politiken eta Gizarte Zerbitzuen Sistemaren esparruan, Euskadin, hirugarren sektore sozialeko erakundeek erantzukizun publikoko gizarte-zerbitzu gisa finkatu diren zerbitzuak abiarazi dituzte”, esan du Artolazabalek.

 

Eusko Jaurlaritzak Fedeafesekin dihardu elkarlanean, gaixotasun mentala duten emakumeek bizi duten indarkeriaren ikerketan eta baliabide soziosanitarioen eskaintzaren analisian. Aldi berean, Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiak, bere jarraibideen artean, honako hau hartzen du barne: “bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonen desgaitasun- eta mendekotasun-egoeren aitorpenari bide emateko neurri bereziak martxan jartzea”.

 

Neurriak

Halaber, aniztasun funtzionala duten emakumeek bizitza independentea garatzeko bide ematen duten neurriak ere antolatzen dira. Esate baterako, Lan Aktibazioko Zuzendaritzan, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako enplegurako orientazio-ildoa dago. Aurrekontua –2019tik 2021era– 1.093.984 €-koa da, eta orientazioko 32.176 ordukoa. Proiektu bereziak direla eta, ildoa partekatzen da Prestakuntzako eta DSBEko Zuzendaritzarekin, eta laguntzek lehentasunezko kolektibo gisa aniztasun funtzionala duten pertsonak aurreikusten dituzte.

 

Desgaitasuna duten pertsonen enplegua sustatzeko kontrataziorako laguntzen programa dela eta, lan-merkatu arruntean kontratazio mugagabea finantzatzen da; gaur egun, lanaldi osoko kontratua, 3.907€-rekin, eta, kontratua lanaldi partzialekoa bada, proportzioan finantzatzen da. Gainera, kontratua indarrean dagoen bitartean, enpresek hobarietara jotzen dute Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan, lan-istripuak eta lanbideko gaixotasunak barne, eta baterako bilketa-kuotetan, % 70ean 45 urtetik behera kontratatutako desgaitasuna duen langile bakoitzeko. Emakumeen kontratazioaren kasuan, % 90ekoa da. Laguntza duten enpleguen programan, finantzaketa % 10 areagotzen da, kontratatzen dena emakumea bada.

 

Europar Batasunak, azaroan, Europako Parlamentuaren agindua jaso zuen, genero- edo desgaitasun-arrazoiengatik diskriminazio guztiei aurre egin eta debekatzeko. “Euskadin, horretan ari gara aktiboki lanean. Erakundeok eta gizarteak desgaitasuna duten emakumeek bizi dezaketen bereizketari aurre egin eta jasaten duten “ikusezintasuna” gainditzeko neurriak aktibatzen ditugu”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.