2015ean Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitu dituzten promozioaren lan munduratzeari buruzko txostena argitaratu egin da

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Lanbidek prestatzen duen laneratzeari buruzko inkestak erakusten du Deustuko 2015eko promozioko lau ikasletatik hiruk beren ikasketetara egokitutako enplegua aurkitu dutela, graduatu eta hiru urtera.
  • Artolazabal sailburuak, José María Guibert Deustuko errektorearekin batera, unibertsitateko laneratzeari buruzko 2018ko inkesta aurkeztu du.
  • Ikasleek hiru hilabete ematen dituzte enpleguaren bilaketa aktiboan hura aurkitzen duten arte, eta normalean beren prestakuntzaren araberakoak aurkitzen dituzte.
  • Artolazabal: "Datuek adierazten dutenez, unibertsitateko ikasketak egin dituztenen laneratzeak nabarmen egin du onera, eta langabezia-tasak krisiaren aurretik genituenen azpitik daude".

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak-Lanbidek Deustuko Unibertsitateko ikasleen enpleguari buruz egindako laneratzeari buruzko inkestaren arabera, “ikasketak 2015ean amaitu zituzten gradudunen lan-egoera ikusita, azken urteotako bilakaera oso positiboa izan da, eta okupazio-tasa % 91,4koa da. Aurreko promozioarekin, 2014koarekin, alderatuta, Deustuko ikasle-ohien artean langabezia-tasak 2,1 puntu egin du behera. Eta erreferentzia gisa 2009. urtea, krisia hasi zen urtea, hartuta, langabezia 6,6 puntu murriztu da”.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak Bilbon aurkeztu dute karrera 2015ean amaitu zuten ikasleen laneratzearen analisia, eta emaitzek erakusten dute unibertsitateko populazioaren jardueraren, okupazioaren eta langabeziaren hobekuntza finkatzen ari dela azken urteotan.

Deustun 2015ean graduatutako ikasleen % 72k (1.203 gaztek) parte hartu zuten inkestan, eta inkesta horren bidez Lanbidek urtero aztertzen du gradudunen laneratzea titulua lortu eta hiru urtera; denbora hori nahikotzat jotzen da, lanbide-karrera bat sektore edo lanbide jakin batera bideratzeko.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren esanetan “Lanbidek zentzu horretan prestatzen dituen azterlanak Euskadiko hezkuntza-sistemaren eta ekoizpen-sistemaren arteko trantsizioaren segimendu-plana egiteko tresnarik garrantzitsuenetako bat dira”.

José María Guibert errektorearen arabera, “errealitate horretaz eta lehenengo enplegua lortzeko unibertsitate-prestakuntzaren garrantziaz jabetuta, helburua gradudunen enplegagarritasuna maximizatzea da. Horretarako, erakunde akademikoa egunez egun ari da lanean unibertsitateko eskaintza lan-merkatura doitzeko. Alde horretatik, gaur egun eskatzen diren profil profesionalei erantzungo dieten gradu berriak diseinatzen eta eskaintzen ari gara. Esate baterako: Industria Digitaleko Gradua, eta 2020an hasiko diren beste titulu batzuk: Medikuntzako Gradua, Robotika Ingeniaritzako Gradua eta Adimen Artifizialeko Gradua”.

Guiberten ustez, “Unibertsitateak praktiken eta prestakuntza dualaren bidez sustatu behar du ikasleen esperientzia unibertsitatean ikasten ari den bitartean. Horretarako, helburua da curriculumeko eta curriculumez kanpoko praktiken politikan duen esperientzia luzea finkatzea (ikasleen % 90ek baino gehiagok egiten dituzte praktikak itunpeko 1.422 antolakundetan, eta hori, guztira, 1.071.540 praktika-ordu dira).  Titulazio dualei dagokienez, Deustuk jada hiru ditu ezarrita, eta beste 7 tramitatzen ari da”.

Lanean

2018aren amaieran, Lanbidek kontsulta egin zuenean, 2015eko promozioko 1.030 gaztek (% 86k) enplegua aurkitu zuten; beste 95ek (% 8k) lan-merkatuan lanbide-irteera bilatzen jarraitzen zuten, eta 75 (% 6) graduondoa edo beste karrera bat ikasten ari ziren inkesta erantzuteko unean.

2015eko promozioak % 8,6ko langabezia-tasa izan zuen, 2010ekoak baino 11 puntu baxuagoa (% 19,6). Enpleguari dagokionez unibertsitarioen egoerarik onena prestakuntzari lotutako enpleguaren gorakadan islatzen da; 2018an % 86koa izan zen. Halaber esanguratsua da lau pertsonatatik hiruk garai horretan beren ikasketetara egokitutako enplegu batean, hau da, ‘beren alorrean’ lan egitea”.

“Lanbideren inkestaren ondorioak oso positiboak dira; izan ere, unibertsitateko populazioaren jardueran, okupazioan eta langabezian hobekuntza finkatzen ari dela erakusten dute. Euskal enpresek talentu gaztea eskatzen dute, eta unibertsitate-eskaintza honetan aurkitzen ari dira” esan du Artolazabalek. Horrez gainera, adierazi duenez, “soldata-aldea biztanleria aktibo osoa kontuan hartuta baino askoz ere txikiagoa da, baina, hala ere, ezberdintasunak nabaritzen dira gizonezkoen eta emakumezkoen enpleguan; Deustuko Unibertsitateko emakumezkoen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa promozio bereko gizonezkoena baino handiagoa da”.

Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago lana aurkitzeko eta, batez ere, okupazioen maila altuenetan sartzeko”, nabarmendu du Artolazabal sailburuak. 

Beren unibertsitate-prestakuntzarekin bat datozen lanpostuetan lan egiten duten pertsonen % 79k euskal lurraldeko enpresetan lan egiten dute. “Euskal enpresek talentu gaztea eskatzen dute, eta unibertsitate-eskaintza honetan aurkitzen ari dira”, esan du Artolazabalek.

Lanaldi murriztuak

2015eko unibertsitateko promozioa lan-merkatura ikasketak amaitu eta 11 hilabetera sartu zen, baina hiru baino ez zituen eman enplegua aktiboki bilatzen. Gainerako zortzi hilabeteak prestakuntza-prozesuak osatzen, lan-merkatuko informazioa batzen, kontaktuak eguneratzen eta beste hainbat gauzatan eman zituen.

Deustuko unibertsitario horien erdiak baino gehiagok (% 55) kontratu mugagabea sinatu zuen, eta kooperatibismoaren edo autoenpleguaren aldeko aukera egin zuen. Gainerakoak, aldi baterako lanak izan ziren. Hala ere, 2018aren amaierarako enplegua zuten mila pertsona inguru horietatik, % 22k astean lanaldi murriztuan lan egiten zuen –% 26,5, emakumeen kasuan eta % 15,6 gizonen kasuan–.

Lanaldi partzialaren berehalako ondorio bat soldata txikitzea da. Horrela, lanaldi murriztuan lan egiten dutenen batez besteko soldata 831 eurokoa da, eta lanaldi osoan egiten dutenena 1.545 euro garbikoa, 14 pagatan banatuta. “Enpleguaren hobekuntza eta lan-baldintzen kalitatea sakontzen jarraitu behar dugu, erabateko proiektu profesionala, pertsonala eta familiarra garatzeko eragozpenik ekarriko ez duten jardunaldi eta soldatekin”, esan du Enpleguko sailburuak.

Eusko Jaurlaritzak orain dela 15 urtetik Lanbideren bidez unibertsitateko populazioari egiten dion inkesta honen ondorioak oso positiboak dira:  Deustuko gradudunen jardueraren, okupazioaren eta langabeziaren hobekuntza finkatzen ari dela erakusten dute. “Euskal enpresek talentu gaztea eskatzen dute, eta unibertsitate-eskaintza honetan aurkitzen ari dira”, esan du Artolazabalek. Berretsi egiten da, beraz, “zenbat eta prestakuntza handiagoa izan, orduan eta kalitate handiagoko enplegua” formula.

Laneratzea determinatzen duten faktoreak

Inkestan egiten den beste galdera bat da ikasleen ustez zein alderdik izan duten garrantzirik handiena enplegua lortzeko. Honakoak dira gehien ematen diren 6 erantzunak: % 55, unibertsitateko titulazioa; % 35, lan orientazioa eta esperientzia; % 27, praktikak; % 25, hizkuntzak jakitea; eta % 20 prestakuntza, espezializazioa.

Deustuko Unibertsitateak zeharkako konpetentzietako prestakuntzaren eta hizkuntzak erabiltzearen aldeko apustu irmoa ere egiten du, eta 2000. urtean, esate baterako, aitzindaria izan zen titulazio guztietan konpetentzia horien garapena eta ebaluazioa sartzen. Horrez gainera, orain dela gutxitik gradu elebidunen eta hirueledunen eskaintza zabala du. Bestalde, nazioarteko mugikortasun-programaren bidez joan den ikasturtean Deustuko 645 ikaslek ikasi zuten atzerrian. Lanbideren inkestak egiaztatu du gradudunen % 47k erabiltzen dutela ingelesa jarduera profesionalean eta % 42k euskara.

Azkenik, Deustuko Unibertsitatearen ustez funtsezkoa da gradudunei lehenengo enplegua bilatzen laguntzea, eta, horretarako, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, besteak beste, Enplegu Zerbitzua eta ikasle ohien elkarteak. Horien artean nabarmentzen dira Lan-eskaintzak –zerbitzu honen bidez 1.331 lan-eskaintza bideratu ziren–, urtero antolatzen den Ekintzailetza eta Enplegu Foroa, edo Global Training Bekak, beste erakunde laguntzaile batzuekin batera ikasketetatik lan-mundurako trantsiziorako 300 bat beka kudeatzea, eta praktika profesionalak.

Lanbidek inkesten bidez aztertzen du Euskadiko hiru unibertsitateetan (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon) urtero graduatzen diren 10.000 pertsonaren laneratze-prozesua. Analisia titulua lortu eta hiru urtera egiten du, denbora hori nahikotzat jotzen baita, lanbide-karrera bat sektore edo lanbide jakin batera bideratzeko.