Lonja gunearen bidez Untzi Museoak kontsulatuaren dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berreskuratu du

  • Lonja gunearen bidez Untzi Museoak kontsulatuaren dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berreskuratu du

  • DataMartxoak 20
  • Gaia Ondarea

Untzi Museoko LONJA Albaolak dinamizatutako espacio bizia izango eta San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza prozesuarekin zerikusia duten hainbat tresna eraiki, gorde eta erakutsiko dira bertan: upelak, arraunak, txalupak, etab.

Maria Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Raul Perez Iratxetak, Xabier Agote Aizpuruak eta Xabier Alberdi Lonbidek, Untzi Museoko zuzendari nagusiak, zuzendari kulturalak eta zuzendari zientifikoak, hurrenez hurren, komunikabideen aurrean aurkeztu dute LONJA izeneko erakustaretoa. Untzi Museoaren beheko solairuan kokatzen da eta bere leloa hauxe da: “Itsasorako lanean”.

Untzi Museoa hartzen duen eraikina Donostiako Kontsulatuak XVIII. mende erdialdean eraiki zuen. Dorretxea portuko jarduera kontrolpean izateko eta zerbitzu batzuk emateko sortu zen. Kontsulatuaren 1766ko Ordenantzen arabera etxe honetan bizi ziren Kaiko Tenientea eta haren bedela. Tenientearen eginkizuna badian edo inguruetan zeuden eta zailtasunak zituzten itsasontzi guztiei laguntza ematea zen, merkataritza itsasontziak nahiz gerraontziak. Horretarako, biltegi bat zeukan, eta bertan, kableak, kalabroteak hainbat soka, eta mota guztietako aingurak eta aingura txikiak zeuden. Era berean, “txalupa handia” zeukan, beti prest egon behar zuena, beharrezkoa zenean eta denboralea zegoenean laguntza ematearren.

Dorretxearen jatorrizko eginkizunetako bat berrekuratzeko asmoz, Untzi Museoak LONJA izeneko espazio hau irekitzen du, bertan maniobra eta nabigaziorako hainbat tresnak ekoitzi, gorde eta erakutsiko direlarik: sokak, arraunak, mastak, txalupak, etab.

Era berean, gune honek Pasaian, Albaola Itsas Kultur Faktoria bultzatzen ari den San Juan baleontziaren erreplika zehatzaren eraikuntza proiektuarekin zuzenean lotzen du Untzi Museoa. Gaur egun, itsas historia eta ondarearen berreskuratze eta ezagutza arloan mundu mailan aurki dezakegun ekimenik nagusienetako eta garrantzitsuenetako bat da. Historian lehenengo aldiz XVI. mendeko nao edo galeoi baten erreplika zehatza eraikitzen ari dira. Untzi Museoa ezin daiteke garatzen ari den gertakari historiko honetatik at geratu. Helburu honekin, LONJA guneak tailer bat hartzen du, non San Juan baleontziak eramaten zituen lumera garraiatzeko upelen erreplikak eraikiko diren, publikoaren aurrean.

Hau dela eta, Untzi Museoak Albaolarekin bat lan egingo du, itsas jarduerei loturiko ofizio zaharrak berreskuratzeko, balioan jartzeko eta zabaltzeko, besteak beste, upelgintza, ontzigintza, etab. Gainera, parte hartzeko interesa duten pertsona guztiek egin ahal izango dute, boluntario modura, Albaolako adituen gidaritzapean antolatuko diren tailerretan. Museoak jakintza honen gizarteratzea bermatzeko lan egingo du.

Gune dinamikoa eta bizia bezala sortzen den LONJA erakustaretoak Museoa, gizakiaren eta itsasoaren arteko harremana hedatzeko eginkizunean, ekipamendu irekia, jendearengandik hurbila eta aktiboa izaten lagunduko du. Albaolarekin sortutako elkarkidetza honen bidez, Museoak beste helburu nagusienetako batekin aurrera doa: kanpo-harremanen sare bat osatzea, Museoa erreferentzia izan dadin euskal itsas historiari eta kulturari lotutako ekimenen artean.

Sarrera konbinatua Albaola + Untzi Museoa:

Elkarkidetza hau indartzeko, bi ekipamentu kultural hauek bisitatzeko, sarrera konbinatua eskainiko dugu.

Sarrera konbinatua orokorra: 7,00 €
Sarrera konbinatua murriztua: 5,00 €

Ordutegia:

Asteartetik larunbatera: 10-14 / 16-19

Igande eta jai egunetan: 11-14 / udan, arratsaldez ere irekia

Astelehenetan itxita

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri