Jon Martín: «Saiatu gara ahalik eta zentzumen gehien kitzikatuko dituen diskoa egiten»

  • Jon Martín: «Saiatu gara ahalik eta zentzumen gehien kitzikatuko dituen diskoa egiten»
    Ariane KAMIO | DONOSTIA
Naiz

  • DataUrtarrilak 19
  • Gaia Musika

Bere hirugarren lanarekin zentzumen musikatuak biziarazi ditu Beira taldeak. «Braillean» diskoak bizitzari eskaintzen dio kantua, bere zentzurik zabalenean. Lain, «Moro», Ane Guria, Xendarineko Ahizpak eta Iñigo Asensio izan dituzte bidelagun, eta Irati Odriozola taldekide egin dute

Izenburutik hasita. «Braillean». Ukitzeko musika da proposatzen duzuena?

Saiatu gara ahalik eta zentzumen gehien kitzikatuko dituen diskoa egiten. Horretarako, zentzumen bakoitza ahalik eta gehien kitzikatzeko letrak eta musikak sortu ditugu. ‘Braillean’ izeneko kantu bat daukagu eta horrek ematen dio izenburua. Uste dut izenburu iradokitzaile samarra dela, normalean musikan ez delako oso kontuan hartzen ukimena. Gure taldea beste musika talde askoren aldean desberdina da, abiapuntua letrak direlako, edo letrek garrantzi berezia daukatelako, nahiz gero sorkuntza prozesuan bertan ez den nabaritzen. Ez da musikaren kaltetan. Gehiago da lan egiteko modua edo proiektuaren sor puntua.

Lehentasuna letrek izaten dute, beraz. Lehenengo letrak egiten dira eta horren gainean musika?

Ez da hainbeste lehentasuna horri ematea, gehiago da ordena kontua. Kantu bat beti sortzen da nik letra bat idazten dudanean. Baina horrek ez du esan nahi letra hori izango denik gero diskoan argitaratuko duguna. Batzuetan gertatzen zaigu nik letra bat idaztea, Igorrek (Arruabarrena) melodia bat konposatzea eta melodia entzun eta gero letra berridaztea, ez delako letrarik egokiena musika horrentzat. Abiapuntua beti da letra, baina musikak letrak adinako garrantzia dauka. Denbora guztian berraztertzen dugu ea zer den egokiena kantu bakoitzarentzat. Kantu bakoitzak sorkuntza prozesuan pauso desberdinak ematen ditu.

Bertsogintzak badu zuengan garrantzi berezia.

Beira sortu genueneko helburu nagusietako bat zen bertsolaritzara ekartzea existitzen ez ziren metrika batzuk. Egia da denborarekin helburu hori lausotu egin dela, musikari garrantzia eman ahala, konturatu garelako doinu asko aldendu egiten zirela bat-bateko sinpletasunetik. Disko honetan, adibidez, sonetoaren egitura metrikoa hartzen dut eta doinu bat sortzen diogu. Gehienekin inprobisa daiteke bertsotan ere. Dena den, denborarekin, bertsoetatik abiatuta dagoela gero eta gutxiago nabaritzen da. Nik uste oreka kontua dela. Alegia, lehen agian oso ebidentea zen kanta entzunda bertsolari bat zela, eta orain esango nuke polibalentea dela. Baduela bertsolariaren ukitu hori, baina ez dela funtsezkoa, musika beste edozein talderen pare dagoelako.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri