Akordeen sugarra ez da itzali

  • Akordeen sugarra ez da itzali
    30 urtez oholtza gainean aritu ostean, antzokietan barrena egin zuen bira Su Ta Garrek iaz. GONTZAL GARATE ARRIETA
Berria

  • DataUrtarrilak 19
  • Gaia Musika

Su Ta Garrek 'Antzokietan' disko bikoitzean eta DVDan jaso du joan den urtean egindako bira berezia. Aurten 30 urte beteko dira oholtza gainera lehenengoz igo zirela
Bi gitarra, baxua eta bateria; pianoa bazter batean. Isiltasuna eta iluntasuna nagusi. Lehen akordeek hautsi dute tentsioa, baina igarri da urduritasuna. «Antzokietako formatuan eszena gainera igo ginen lehen aldi hartan, lehen abestian, oso urduri geunden», aitortu du Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko abeslariak. Jendeak arretaz aditu du Zoramena abestia, eta, amaitzerako, txalo zaparrada batez lehertu da aretoa. «Sekulako indarra eman zigun; benetako erronka izan da antzokietako bira». Hala, sumatu zuten taularatze lasaiagoa izanagatik ez zutela sugarra galdu. Bizipena nolabait gorde behar zela pentsatu zuten, eta, horregatik, Antzokietan disko bikoitza eta bideoa kaleratu dute: «Ez dadin soilik jendearen oroimenean gelditu».

Oholtzan kementsu aritzera ohituta dago taldea, eta antzokiaren biluztasunak «errespetua» ematen ziela azaldu du Gorosabelek: «Ez genuen gure abestien bertsio akustiko bat egin nahi; gure kanturik intimoenak oholtzaratu nahi genituen gure indarra galdu gabe». Horretarako aukera aproposa bilatu zuten 2016an Maitasunari pasioa diskoa argitaratzean: «Ez zen kalean jotzeko disko bat, eta antzokietako formatua lehenetsi genuen aurkezpen bira egiteko». Joan den urteko ekainera arte aritu ziren aretoz areto diskoa aurkezten, eta Donostiako Viktoria Eugenian, birako azken kontzertuan grabatu zuten argitaratu duten zuzenekoa.

Su Ta Garren jarraitzaile sutsuek bazuten errezelo bat, ez ote zen ikuskizun «bigunegia» izango; hala aitortu izan diete. Emaitza, ordea, bikaina izan dela uste du Gorosabelek: «Kaleko kontzertuetara joaten den jende askok esan digu antzokietako bira gozatu duela. Ausartu ginen zerbait berezia egitera, eta emaitza ona izan da».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri