Eduardo Chillida Katedra: abian da 2018ko programa Alemanian

  • Eduardo Chillida Katedra: abian da 2018ko programa Alemanian

  • DataUrtarrilak 17
  • Gaia Literatura

2013tik Frankfurteko Johann Wolfgang Goethe Universität  Unibertsitatean burutzen den Eduardo Chillida Katedrak euskal arteari buruzko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu, eta urtez-urte aditu ezberdin bat gonbidatzen du bertako ikasleei gure kulturaren inguruko edukia eskaintzeko. Aurtengo programa abian da jada eta Tobias Vogt Arte Garaikidearen Historia eta Teoriako irakasle bisitaria izango dute bertan.

Eskainiko dituen mintegiek bi bloke izango dituzte, bata Frankfurten (urtarrilak 13-14 eta 20-21) eta bestea Berlinen (urtarrilak 27-28 eta otsailak 3-4), eta klase teorikoez gain bi hirietara irteerak ere antolatu dituzte. Arteak espazio publikoan duen paperaren inguruan hausnarketa bultzatuko du programak, kasu honetan Alemaniako bi hirien arteko alderaketa eginda.

Alde batetik unibertsitateko ikasleei eskainiko dizkie eskolak Vogt-ek, eskultura garaikidearen sarrera modura. Bertan lau irteera egingo dituzte Alemaniako bi hirietan zehar, bertako eskultura eta instalazioak ikusi, deskribatu eta aztertuz, bertan dauden Chillidaren eskulturak abiapuntutzat hartuta. Bestalde, masterreko ikasleei mintegi espezializatuagoak eskainiko dizkie, 1900 urtetik honako hainbat kontzeptu eta sorkuntza metodo landuz, izen handiko eskultoreen lanak aztertuta.

Tobias Vogt artearen historian aditua da eta bere ikerketa lerroak hainbat gai jorratzen ditu: irudi eta hitzen arteko harremana, ekoizpen artistikoa arte garaikidean, artearen historiografia, edota agiri eta kontratuen bidezko artelanen egiaztatzea. 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri