Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako gehiengo sindikalaren arteko aurreakordioa

marca_ertzaintza.jpg

2018.eko apirilak 20

Segurtasun Saila eta Ertzaintzako sindikatu nagusiak, ERNE eta ESAN, akordio batzuetara iritsi dira gaur, besteak beste, Brigada Mugikorra berritzearen, adinarengatik zerbitzu aktiboa modulatzearen eta beste mugape batzuetan zerbitzuak salbuespenez eskaintzeko aukeraren arloetan, eta horiei esker kolektiboaren lan-baldintzak hobetuko dira eta herritarrei eskaintzen zaien polizia-zerbitzua modernizatuko da.

Akordioen bitartez Brigada Mugikorraren egungo premiak modernizatu ahal izango dira. Modernizazioaren ardatzak erroldaren batez besteko adina jaistea eta errolda berritzea, pertsonalaren lan-baldintzak bateratzea eta osasuna bermatzera eta baldintza fisikoak mantentzera bideratutako neurriak dira.

Plantilla berritu eta gaztetzeko espezialitate-ikastaro berriak egingo dira. Plantillaren lan-baldintzak bateratzeko, berriz, atalen ordutegiak bateratuko dira ordutegi berriaren bitartez, eta horrek ekarriko du, batetik, laguntza-taldeak desagertzea eta, bestetik, aste finkoak eta malguak konbinatzea. Brigada Mugikorreko agenteen baldintza fisikoak mantentzeko urtean ohiko 16 entrenamendu aurreikusten dira lan-orduetan, eta gero beste bi jardunaldi bateratu, eta proba fisiko espezifikoak unitatean 20 urtetik gora daramatzatenentzat.

Adinagatik modulatutako zerbitzu aktiboari (SAM) dagokionez, akordioak bermatzen du 55 urtetik aurrera zerbitzu horri heltzen diotenek erretiroa hartu arte lanaldia gaueko ordutegian egitea, eta horren osagarria gehituko zaie.

Beste alde batetik, aldeek adostu dute, beste ertzain-etxe batzuetan zerbitzua emateari dagokionez, bakoitzak bere premiak bertako baliabideekin beteko dituela, akordio arautzailean aurreikusitako mekanismoei jarraituz. Salbuespenez eta zerbitzua unitateak bere kabuz eman ezin duenean bakarrik joango dira inguruko beste unitate batzuetako agenteak.

Azkenik, lan-baimenak eskatzeko baldintzak, batzorde paritarioan erabakitzeke zeudenak, hobetzeari buruzko hainbat alderdi ere adostu dira.

Aurreakordioa negoziazio kolektiborako 103 mahaiak berretsiko du eta Ertzaintzaren Kontseiluari jakinaraziko zaio datorren maiatzaren 2rako aurreikusita dauden bi bileretan.