Hezkuntza Sailak milioi bat euro bideratu du eskola-garraioko banan banako diru-laguntzatara

bus_geltokia.jpeg

2018.eko abenduak 28

  • Eskaerak aurkezteko epea: abenduaren 29tik urtarrilaren 29ra
  • Aurreko 2017-2018 ikasturtean 1.777 ikasle izan ziren laguntza hauen onuradun

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du 2018-2019 ikasturtean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari diren ikasleak eskolara garraiatzeko banan banako diru-laguntzak arautzen dituen Agindua.

Agindua argitaratu ondoren, bihar irekiko da –abenduak 29, larunbata- eskaerak aurkezteko epea (bide elektronikoan) baldintzak betetzen dituzten familientzat. Epean urtarrilaren 29ra arte izango da zabalik. Eskaerak bide elektronikotik ez ezik (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) paperean ere aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeetan (urtarrilaren 7tik aurrera).

Milioi bat euroko kopurua duen deialdi hau honako ikasle hauen kasuetarako zuzentzen da: batetik, garraio eskubidea izan bai baina Hezkuntza Sailak antolatzen dituen ibilbideetara moldatu ezin diren ikasleentzat, edo bestalde, ikasleek beste erakunde batzuek antolaturiko garraio publikoa erabiltzeari egoki irizten zaion kasuetarako. Izan ere, eskola garraiorako indarrean den araudiak garraio publikoa erabiltzea lehenesten du, batez ere DBH ikasten ari eta zerbitzu horiek dituzten hiriguneetan bizi diren ikasleentzat (autobusa, metroa, tranbia edo trena). Hezkuntza Sailak gastu hori ordaintzen dio familiari, banan banako diru-laguntzen deialdi honen bidez.

Joan zen 2017-2018 ikasturtean deialdi honen onuradun Euskadiko 1.777 ikasle izan ziren orotara: 510 ikasle Araban, 792 Gipuzkoan eta 475 Bizkaian. Hezkuntza Sailak bermatzen du, deialdi honetara bideratzen duen diru-kopuruaren bidez (milioi bat euro), baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak onartuak izango direla.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Euskadiko ikastetxe publiko baten matrikulaturik dauden ikasleak (Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan edo DBHn), edo baita, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean daudenak ere.