Euskal erakundeek sustatutako Mugiment programak osasun-zerbitzuen eta kirol-zerbitzuen arteko koordinazioa bultzatu du, sedentarismoari aurre egiteko

2018.eko uztailak 20

  • Ekimen horri esker, hogei udalerritan orientazio-zerbitzuak sortu dira, pertsona inaktiboak bideratu ahal izateko anbulatorioetatik kirol-zerbitzuetara.
  • Jon Darpon eta Bingen Zupiria sailburuek, foru aldundietako ordezkariekin batera, proiektu horren berri eman dute gaur.

 

Gasteiz, 2018/07/20          

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment programaren lehen emaitzen berri eman dute gaur, Gasteizen izandako prentsaurreko batean. Jon Darpon Osasun sailburuak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan dutenez, hogei udalerritako osasun-zerbitzuak modu koordinatuan hasi dira kirol-zerbitzuekin lanean, sedentarismoari aurre egin eta hala eskatzen duten pertsona inaktiboak hara bideratzeko. Proiektu horren bidez, gainera, udal-mailan jarduera fisikoa sustatzeko sareak sortu dira, eta jarduera fisikoa sustatzeko gida bat jarri da martxan.  Proiektua hiru foru aldundiekin batera garatzen ari da eta, horretarako, lurralde historiko bakoitzeko ezaugarriak hartzen ari dira kontuan.

Eusko Jaurlaritzako bi sailburuekin batera, Zabalganako Gizarte Etxean izandako prentsaurreko honetan parte hartu dute Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak, Joseba Koldo Perez de Heredia Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol zuzendariak, Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko aholkulari orokorrak eta Eli Altube Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza zerbitzu buruak. Aurkezpenean jarduera fisikoa sustatzea zer garrantzitsua den nabarmendu dute eta Mugiment programak sedentarismoari modu koordinatuan aurre egiteko egiten duen ekarpena azpimarratu dute.

Jon Darpon sailburuak nabarmendu du jarduera fisikoaren sustapena lehentasuna dela Eusko Jaurlaritzarentzat: “2013-2020 Osasun Planak bost esparru ezarri zituen: ekitatea eta erantzukizuna; gaixorik dauden pertsonei arreta; haur eta gazteen osasuna; zahartze osasuntsua; eta, azkenik, ingurune eta jarrera osasuntsuak. Jarduera fisikoaren sustapenak lotura zuzena du azken bost esparru hauetako hirurekin. Hortaz, ikusten denez, sedentarismoaren aurkako borroka lehentasuna da Jaurlaritzarentzat”.

Orientazio-zerbitzuak

Mugiment programa jarduera fisikoaren sustatzaileek parte hartzeko proiektu ireki gisa planteatzen da; hasieran Eusko Jaurlaritzak ekin zion sustatzaile gisa eta, orain, aldundiek, udalek eta zenbait eremutako beste eragile batzuek –osasuna, hezkuntza, industria edo turismoa– ere lan egiten dute horren baitan. Proiektu horretako ardatzetako bat jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuak dira, udal-mailan sedentarismoaren aurka borrokatzeko eta euskal gizarte aktiboagoa sustatzeko lan egiten dutenak. Lehenengo eta behin, udalerrietako osasun-zerbitzuak (funtsean anbulatorioak) eta, kasu batzuetan, gizarte-zerbitzuak eta hezkuntza-zentroak pertsona inaktiboak identifikatzeaz eta orientazio-zerbitzuetara bideratzeaz arduratzen dira.

Horren ostean, pertsona horiei arreta emango die, hala nahi badute, ingurunean erabilgarri dauden baliabideak ezagutzen dituen aditu batek. “Orientatzaileak pertsona aktibo bilakatzen lagunduko dio, dauden baliabideen, dituen interesen eta haren premien arabera”, azaldu du Zupiria sailburuak. Zerbitzu hori osasun-arazoak dituzten pertsonei bideratuta dago, batik bat, baina herritar orok jo ahalko du bertara, eta bazterketa arriskuan dauden pertsonak integratzeko oso baliagarria izan daiteke.

“Europan, kirol- eta osasun-zerbitzuen artean koordinatutako lanak esperientzia arrakastatsu ugari ditu, baina, Estatuan, sistema hori berria da. Gainera, kasu honetan anbulatorioak ez ezik, gizarte-zerbitzuak edo hezkuntza-zentroak ere izaten dira kontuan. Sistema hori pixkanaka zabaltzeko apustu egiten dugu; izan ere, oso eraginkorra da pertsona inaktiboak identifikatu eta beren bizi-ohituretan jarduera fisikoa sartzen laguntzeko aukera eskaintzeko”, esan du Zupiria sailburuak.

Orientazio-zerbitzu hori, dagoeneko, 20 udalerritara zabaldu da: Amurrio, Aretxabaleta, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Ermua, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Legutio, Lezo, Mundaka, Oiartzun, Pasaia, Txorierri, Zarautz eta Lemoa. Gainera, gida bat zabaldu da, orientazio-zerbitzuak martxan jartzen laguntzeko.

Mugiment sareak

Mugiment programako beste ardatzetako bat jarduera fisikoa sustatzeko sareak dira. Sare horiek toki-mailan funtzionatzen dute, koordinatuta diharduten hiru mailatan: talde sustatzailea, talde zabaldua eta, azkenik, herritarrak. Talde sustatzaileak udala buru dela dihardu, eta hainbat eremutako profesionalek eratzen dute. Talde zabaldua kirol-eragileek, osasun-eremuko eragileek, gizarte-zerbitzuetako langileek eta hezkuntza- edo berdintasun-eremuko eragileek eratzen dute. Herritarrak proiektuaren protagonista dira, eta Mugiment sareko ekimen guztiak herritar aktiboak izatera bideratzen dira.

Sareen bidez, udalerrian jarduera fisikoa sustatzeko eta pertsona inaktiboei inaktibo izateari uzten laguntzeko ekimenak sortu daitezke. Sare horien bitartez erantzuna eman nahi zaie herritarren premia, interes eta lehentasunei, beren iritziak kontuan hartuta, bai eta zenbait mailatan parte hartzen duten eragileenak ere. Sare horiek 21 udalerritan daude martxan: Aretxabaleta, Azpeitia, Basauri, Berango, Bergara, Etxebarri, Getxo, Hondarribia, Kuartango, Legutio, Leioa, Lemoa, Lezo, Mundaka, Oiartzun, Txorierri, Usurbil, Urkabustaiz, Valdegovia, Zarautz eta Zuia. Mugiment sareak sortzen laguntzeko, bigarren gida bat eskaintzen da.

‘Pertsona aktiboa izateko gida’

Mugiment programaren barruan sustatzen den beste ekimenetako bat ‘Pertsona aktiboa izateko gida’ da. Argitalpen horren helburua da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa gutxitzeko ekimenak bateratzea eta, horretarako, pertsona inaktiboek inaktibo izateari uzteko neurriak lehenestea. Gida horrek jarduera fisikoari bide emateko aholkuak ematen ditu, eta onura fisikoak, mentalak eta sozialak nabarmentzen ditu. Gidak aholku horiek adin-taldearen arabera banatzen ditu: 0-5 urte, 6-17 urte, 18-65 urte eta, azkenik, 65 urtetik gora.

Aldundiak

Bestalde, foru aldundiak beren jarduketa-planak garatzen ari dira, Mugiment programaren barruan. Denis Itxasok adierazi duenez, eguneroko kirol praktika eta emakumeen kirol-praktika dira Gipuzkoako Aldundiko lehentasuna arlo honetan:  “Gipuzkoak kirolean hasteko eta hura praktikatzeko maila altuak dituen egitura sendoa du, eta emaitza bikainak errendimendu-kirolean. Gure helburua jarduera fisikoa ongizate-iturri gisa unibertsal bihurtzea da, eta emaitzak arrazoia ematen ari zaizkigu. Hitz horiek Osasunaren Euskal Inkestaren (2013) datuetan oinarritzen dira: emakumeen % 68,4 eta gizonen % 74,9 aktiboa da Gipuzkoan. Hala ere,  gaur egun, oraindik, Gipuzkoako herritarren % 28, 200.000 pertsona baino gehiago, ez da aktiboa.  Helburua da zifra hori % 5era murriztea (% 7 emakumeetan) eta 10.000 gipuzkoar aktibatzea 2019rako”.

Azaldu duenez, programa hau zuzentzen zaie, bereziki, jarduerarik egiten ez duten gipuzkoarrei, kirola egiteko zailtasun handienak dituzten horiei; erabateko berrikuntza dakar, zentzu horretan. Udalekin koordinatuz, hiru biztanleria talde nagusi definitu dira: haurrak (0-8 urte), kontziliazio arazoak dituzten helduak eta adinekoak. Biztanleria talde horiek orain arte ez dute izan benetako espaziorik tokiko eta lurraldeko kirol zerbitzuen agendetan, eta, aurreikuspenen arabera, handia izango da hobekuntza.

Bizkaiko Foru Aldundiari dagokienez, Carlos Sergio Achoteguik nabarmendu du Mugiment proiektuak bat egin duela erakundearen ildo estrategikoekin: “Bizkaiak aspalditik dauka konpromiso argi bat bere herritarrekin kirol-jarduera osasungarria sustatzeko orduan, beharrezko baldintza baita bizi-kalitate maila altuak lortzeko. Halako proiektuak onuragarriak dira, batetik, herritarren osasunean eragin positiboa dutelako eta, bestetik, Aldundiak berak ere, gizarte aktiboa izateko lanean jarraitzeko informazio erabilgarria jasotzen duelako proiektu horiei esker. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzatik Mugiment programa aurkeztu zitzaigunean, argi ikusi genuen bidelagun izango ginela”, gehitu du.

Arabako Foru Aldundiaren kasuan, lehenengo fase batean Mugiment programa ezartzeko lanei ekin diete eta programa lehenengo udalerritan garatzen hasia da. Joseba Koldo Perez de Herediak azaldu duenez, Aldundiak bere Mugiment programa zehatza aurkeztuko du epe laburrean, “besteak beste, lurraldean zehar dauden ibilbide berdeak edota bizikletarako ibilbideek sortzen duten sarea baliatuz”.

Jarduera fisikoaren inguruko datuak Euskadin.