"Euskadi Bonu jasangarria" aurkezpen publikoa

2018.eko maiatzak 22

EUSKO JAURLARITZAK “EUSKADI BONU JASANGARRIA” —EUSKAL ERAKUNDE BATEK EGITEN DUEN MOTA HONETAKO LEHEN JAULKIPENA— AURKEZTU DU PARISEN, 500 M/€ko BALIOAGATIK

  • Bonu honen bitartez, Agenda 2030 abiaraztea eta NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzea sustatzen da
  • Ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-kalifikazioko Sustainalytics agentzia europarrak finantza-produktu sendo, sinesgarri eta garden gisa baloratu du
  • Euskadiren aurrekontuen barne hartutako finantzatzeko diren hautatutako programen % 81 proiektu sozialak dira eta % 19 proiektu berdeak
  • Euskal ordezkaritza bihar, asteazkena, Alemaniara (Frankfurt eta Dusseldorf) joango da, ostegunean Madrilera, eta aurkezpenak ostiralean amaituko ditu Bilbon

 Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk, gaur, Parisen, euskal erakunde baten bonu jasangarriaren lehen jaulkipena iragarri du, 500 milioi euroko balioagatik. “Euskadi Bonu Iraunkorraren” aurkezpenean, Azpiazurekin batera, Amundiko (Europako errenta finkoko kudeatzaile nagusia) Errenta Finkoko eta inflazioko arduraduna, Isabelle Vic-Phillipe egon da . Gainera, 30 inbertitzaile baino gehiagorekin egindako bileran hartu du parte, Euskadiren posizionamendua eta jaulkipenaren ezaugarri nagusiak ezagutzera emateko.

Eusko Jaurlaritzak paper garrantzitsua bete nahi du bonu jasangarriaren merkatuaren garapenean, eta Euskadiren ingurumeneko, ekonomiako eta gizarteko erronkei aurre egiteko finantziazio arduratsua eta eraginkorra sustatu nahi du.

“Euskadi Bonu Jasangarriak” Agenda 2030 abiaraztea eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzea sustatzen du. Betetze hori ziurtatuta dago, ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-kalifikazioko Europako hiru agentzia nagusietako baten bitartez —Sustainalytics—. Agentzia horrek bonua finantza-produktu sendo, sinesgarri eta garden gisa kalifikatu du.

Agentziak baieztatu du, bonu jasangarriek Euskadiren gizarte- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko programak finantzatzeko balioko dutela. Gainera, aukera daitezkeen kategoriak eta helburu den biztanleria bonu berdeen eta sozialen printzipioekin lerrokatuta daudela baliozkotu du. Sustainalytics-en arabera, bai finantza daitezkeen proiektuen aukeraketa eta ebaluazioa, bai sarreren eta txostenen kudeaketa merkatuko jardunbide egokiekin bat datoz, ingurumen- eta gizarte-irizpideak Euskadiren kontratazio-politiketan integratzea barne hartuta.

Eusko Jaurlaritzak proiektu Berdeak eta Sozialak finantzatzeko eta birfinantzatzeko erabiliko du, eta BBVA, Credit Agricole CIB, HSBC, Norbolsa eta Banco Santander erakundeek burututa dago. Finantzatzeko aukera daitezkeen programak 11 kategoriatan banatuta daude:

  • Etxebizitza eskuragarria.
  • Hezkuntza eta Osasuna bezalako funtsezko zerbitzuetara sarrera.
  • Aurrerapen sozioekonomikoa.
  • Enplegua sortzea.
  • Energia berriztagarria.
  • Garraio garbia.
  • Kutsaduraren prebentzioa eta kontrola.
  • Uraren eta hondakin-uren kudeaketa iraunkorra.
  • Lehorreko eta uretako biodibertsitatearen kontserbazioa.
  • Efizientzia energetikoa
  • Klima-aldaketara egokitzea.

Finantzatu beharreko programen artean % 81 proiektu sozialei dagokie eta % 19 proiektu berdeei. Aukeraketa hori Eusko Jaurlaritzako Iraunkortasuneko Bonuen Batzordeak burutzen du. Batzordea honako hauek osatzen dute: Ogasun eta Ekonomiako lau ordezkarik, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza, Enpleguko eta Gizarte Politiketako, Osasun eta Hezkuntza sailetako ordezkari banak.

Finantziazio horretatik kanpo geratzen dira langileen gastuak, finantza-kostuak, kontingentzia-funtsak, eta finantza-aktiboak eta -pasiboak.

Batzorde horrek, era berean, finkatutako irizpideak betetzen diren ebaluatuko du, eta bonu bakoitza ordaintzen den datatik hasi eta ondorengo 12 hilabeteen barruan jaulkitako bonu iraunkor bakoitzaren gaineko inpaktu-txostena egingo du.

Alemania, Madril eta Bilbo

Azpiazu sailburuaz gain, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuorde Alberto Alberdik, Finantzen zuzendari Javier Arnaezek eta Aurrekontuen zuzendari Hernando Lacallek osatutako euskal ordezkaritza bihar, asteazkena, Alemaniara joango da. Frankfurten, goizean, hogeita hamarren bat inbertitzailerekin bilduko dira eta, arratsaldean, Dusseldorfen, inbertitzaileei aurkezpena egiteaz gain, North Rhein Westfalia eskualdeko gobernuarekin erakunde arteko bilera egingo dute. Zehazki, Axel Bendiek-ekin —Zorraren Kudeaketa Bulegoko arduraduna— eta Kirsten Haeger-ekin —Finantza Jasangarrien arduradun nagusia— bilduko dira.

Hilaren 24an, osteguna, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek “Euskadi Bonu Jasangarria” aurkeztuko dute Madrilen. Bertan,HSBCko Espainiako CEO Mark Hall-ekin, Banco Santander-eko Global Corporate Banking Iberiako zuzendari nagusi Gabriel Alonsoekin, BBVAko Global Client Coverage & Corporate Finance-ko zuzendari nagusi Álvaro Arestiekin, Alicia Vivanco, Kutxabank-eko zuzendari nagusia, Manuel Martin Muñio, Norbolsa-ko zuzendari nagusia, eta CACIBeko (Credit Agricole) Country Manager Francois Rameau-rekin bilduko da Pedro Azpiazu sailburua.

Azkenik, hilaren 25ean, ostirala, “Euskadi Bonu Jasangarria” Bilbon aurkeztuko dute, ekonomiako eragile garrantzitsuen aurrean, eta hurrengo astean, bonuaren ezarpena zabalduko da.

*Aurkezpenaren eranskina.

Paris, 2018ko maiatzaren 22a