Ander Añibarro: "Gazteriaren presentzia funtsezkoa izango da Euskadiko eta Europako erakundeek abiatutako gizarte eta ekonomia jarduera guztietan"

26_06_18_Juv_Cooperante_(131)_-_copia.JPG

2018.eko abuztuak 11

  • Datorren abuztuaren 12an, igandean, Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatuko da

 

VG 18 08 11

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendari Ander Añibarroren ustez, “gazteriaren presentzia funtsezkoa izango da Euskadiko eta Europako erakundeek abiatutako gizarte- eta ekonomia-jarduera guztietan”. Datorren abuztuaren 12an, igandean, Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Xedea da “gazteen arazoak lehen planoan eta nazioarteko komunitatearen aurrean jartzea eta gazteriak munduko gizartearen eraikuntzan duen ezinbesteko papera nabarmentzea”.

 

Bihar ospatuko den egunaren harira, Ander Añibarrok gogoratu ditu “Euskadik gazteriaren arloan eman dituen aurrerapausoak, bai heziketari dagokionez bai enpleguari dagokionez ere. Azken honen kasuan, orain zortzi edo bederatzi urte bizitakoa baino hobea da egungo egoera, nahiz eta asko egon egiteke oraindik. Enpleguak teknologia-berrikuntzarekin batera aldatuz doaz, digitalizazioari dagokionez bereziki”.

 

“Baina gazteriak, halere, leku berezia dauka gizartearen, elkartasunaren eta iraunkortasunaren arloan, bai eta hemendik hamar urtera izango dugun ingurugiroaren diseinuan ere, bere betebehar eta eskubide guztiekin. Horrexegatik, euskal gazteek aholkularitza-foro guztietan egon behar dute, hurbileko etorkizunaren zehaztapenean bete-betean parte hartuz", nabarmendu du Añibarrok. Jarraian, “Eusko Jaurlaritzak Familiari, Haurtzaroari eta Gazteriari dagokienez abian jarri dituen ekimenak” azpimarratu ditu ere.

 

NBEko Batzar Nagusiak 1999. urtean ezarri zuen gazteek “aldaketarako funtsezko eragile” gisa duten papera urtero aitortu nahi duen eguna. Horrez gain, gazteek aurrean dituzten erronken eta arazoen inguruan sentsibilizatu nahi da gizartea.

 

Nazio Batuen ustez, “gazteak -18 eta 29 urte bitarteko pertsonak; historiako belaunaldirik jendetsuena osatzen dute egun- funtsezko eragileak dira gizarte-aldaketarako, ekonomia-garapenerako eta teknologia-berrikuntzarako, bai eta bakea bultzatzeko eta egonkortzeko ere. Beren irudimena, idealak, indarra eta ikuspegia ezinbestekoak dira gizarte guztien etengabeko garapena bermatzeko".