Osasun sailak, Osakidetzak eta gizarte kolektiboek gizarteari eskatzen diote erne jarraitzeko GIB-aren aurrean

2017.eko irailak 20

Osasuneko sailburu Jon Darpónek Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen 2016ko Planaren memoriako datuak azaldu ditu planaren koordinatzaileak eta arlo horretan diharduten hainbat kolektibok lagunduta, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo duela gehiago kutsatzea eragozteko eta sortzen diren infekzioak lehenago hautemateko ekimen, programa eta ekintza guztiak babesten eta sustatzen

Memoriako datuen arabera, iaz Euskadin GIBaren beste 158 diagnostiko jakinarazi ziren, eta zifra iazkoaren oso antzekoa da. Infekzio berrien % 79,7 gizonezkoenak dira, gaixotasuna diagnostikatu zaien pertsonek batez beste 39,1 urte dituzte eta % 52,5ek diagnostiko berantiarra izan zuten

Euskadiko ospitaleetan erretrobirusen kontrako tratamenduan egindako gastua 36 milioi eurotik gorakoa izan zen, 2015ekoa baino % 3 handiagoa, eta guztira 5.661 paziente artatu ziren

 

GIBa duten pertsonen osasun-egoera eta bizi-kalitatea hobetu egin diren arren eta horien bizi-itxaropena gainerako pertsonenaren oso antzekoa den arren, batez ere erretrobirusen kontrako tratamenduan egindako aurrerapen ikusgarriei esker, GIBa ez da desagertutako gaixotasun bat. Urtero sortzen dira infekzio berriak munduan, Europan eta Euskadin, Euskadi errealitate horren barruan baitago, eta Osasun Sailak, Osakidetzak eta gizarte-kolektiboek mezu argia helarazi nahi diote gizarteari erne jarrai dezan.

Horixe esan du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek gaur goizean Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Euskadiko 2016ko Planaren jarduera-memoria azaltzeko Donostian egindako prentsaurrekoan. Ekitaldian sailburuarekin batera izan dira Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren koordinatzaile Antonio Arraiza doktorea, GIBaren esparruan lan egiten duten elkarteen Euskalsida federazioaren presidente Marta Pastor eta Harribeltza Elkartearen presidente Joseba Errekalde.

Osasuneko sailburuak esan du Euskadi dela gaur egun GIBaren kontrako plan bat aktibo eta errendimendu betean duen autonomia-erkidego bakarretako bat, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak, gizarte-kolektiboekin batera, bide horretan jarraituko dutela lanean. Bestalde, azpimarratu du, datuak aztertuta, baliabide guztiak jartzen jarraitu behar dela infekzio berriak saihesteko eta kasuak lehenago hautemateko ahalik eta azkarren jardun ahal izateko. Horretarako, esan du, “jarraitu egingo dugu abian dauden ekimen eta programa guztiak eta GIBa diagnostikatuta duten pertsonentzako ekintza berritzaileak sustatzen: ikastetxeetan nerabeekin egiten ditugunak; farmazialarien elkargoekin partekatzen ditugunak, esate baterako GIBaren test azkarrak; xiringak trukatzeko programak; espetxeetan gauzatzen ditugunak, drogak erabiltzen dituztenei zuzendutakoak; GKEekin batera lantzen ditugunak, etab.”.

Sailburuak erantsi du Osakidetza planteamendu berritzaile bat prestatzen ari dela GIBa diagnostikatuta duten pazienteentzat, gaixotasunaren bilakaerak erantzukidetasuna eskatzen duela eta. Bestalde, sailburuak esan duenez, iaz eta aurten, arlo horretan lan egiten duten GKEen laguntzaz, Osakidetzaren Escuela de Salud-Osasun Eskolaren Paziente Aktiboa programaren baitan “prestatzaileak” prestatu dira, horien bidez pazienteengana iritsi ahal izateko eta bere burua hobeto nola zaindu erakusteko. Era horretara lortuko da GIBa duten pazienteek autonomia handiagoz kudeatzea beren gaixotasuna eta adinean aurrera egin ahala eta, zorionez, kroniko bihurtu den gaixotasun honekin agertzen joango zaizkien osasun-arazo berriei aurre egiten jakitea.

Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren jarduera-memoriaren arabera, iaz Euskadin GIBaren beste 158 kasu jakinarazi ziren, eta zifra hori da 100.000 biztanleko 7,3 kasu berri, iazkoaren oso antzekoa. Infekzio berrien % 79,7 gizonezkoenak dira, gaixotasuna diagnostikatu zaien pertsonek batez beste 39,1 urte dituzte eta % 12k 49 urtetik gora dituzte.

Hiesari dagokionez, 1984tik 5.930 kasu diagnostikatu dira (% 51,3 Bizkaian, % 38,5 Gipuzkoan eta % 10,2 Araban), laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean hasitako beheranzko joerarekin jarraituz erretrobirusen kontrako tratamenduak orokortu izanari esker.  

 

Memoriatik ondorioztatzen den beste datu bat da infekzio berrien % 52,5ek tratamendu berankorra izan zutela. Hori dela eta, arrisku-jokabideak izan ditzaketen herritarrei Osasun Sailak gogoratzen die Euskadin, hiru lurraldeetan banatuta, 50 farmaziatan egin dezaketela, anonimotasunez, diskrezioz eta erraz, test azkarra ahalik eta azkarren hauteman ahal izateko pertsona bat GIB eramailea den. Iaz GIBaren 2.775 test azkar egin ziren, eta horiei esker eraginkortasun handiagoz jardun ahal izan zen eta diagnostiko berankorrak saihestu ahal izan ziren. Egindako test guztietatik 27 izan ziren positiboak, % 0,9, alegia.

Era berean, datuen arabera, sexua gizonezkoekin duten gizonezkoen transmisioak nagusi izaten jarraitzen du eta diagnostikatutako kasu berri guztien % 44,3 dira, transmisio heteroxesuala % 42,4koa da eta droga-injekzio bidezko transmisio parenterala % 6,3koa. 

 

Alde horretatik, bereziki sexua gizonezkoekin duten gizonezkoei zuzendutako online kontsulta inplementatu du Osakidetzak, eta horren bidez nahi duenak modu anonimoan eman dezake sexu-jokabide arriskutsuen edo sintoma klinikoen berri, horien gainean aholkua jasotzeko eta, beharrezko izanez gero, nora jo jakiteko. Azken 5 urte hauetan 526 gizonezko sartu dira aplikazioan eta erabili dute galdetegia.

Xiringak trukatzeko Euskadiko prebentzio-programari dagokionez, iaz 119.226 xiringa-kit banatu ziren: 86.000 farmazietan, 32.000 GIBaren arloan lan egiten duten GKEen bidez eta gainerakoak espetxeetan.

Bestalde, eta 2016ko memorian jasota dagoenez, Euskadiko ospitaleek 36,1 milioi euroko gastua izan zuten erretrobirusen kontrako tratamenduan, 2015ean baino % 3 handiagoa. Guztira 5.661 paziente artatu zituzten, eta pazienteko urteko kostua 6.384 eurokoa izan zen.

Hezkuntzaren eremuan ere mantendu egin da sexu-harremanekin zerikusia duten arrisku posible guztiei (GIB/hiesari, sexu-transmisiozko beste infekzio batzuei eta nahi ez den haurdunaldiari) aurrea hartzeko programa. Programa hori 16 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta azkeneko ikasturtean 84 ikastetxek eta 6.100 ikaslek hartu zuten parte.

Azkenik, Osasuneko sailburuak azpimarratu du GKEek sentsibilizazioaren eta prebentzioaren arloan egiten duten garrantzizko lana, eta adierazi du Sailaren laguntza ekonomikoa dutela eta eskertu egiten diela GIBaren eta hiesaren aurkako borrokaren emaitzetan hartuta duten funtsezko konpromisoa. Aurten 300.000 eurora iritsiko dira beren lanean laguntzeko diru-laguntzak.

 

2016 MEMORIA. Euskadiko Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Plana