Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila: 3.537 milioi euro 2017an euskal gizarte osoarentzat kalitatezko osasun publikoa bermatzen jarraitzeko

2017.eko martxoak 01

  • Aurrekontuak handitu egin du per capita gastua, eta 1.619 €-tan utzi. Zenbateko horrek ondo agerian uzten du Eusko Jaurlaritzarentzat pertsonen osasunak nolako lehentasuna duen
  • Osasun Sailaren aurrekontuak aurreko ekitaldian baino 115,7 milioi euro gehiago izango ditu, eta Osakidetzaren barne funtzionamendura eta inbertsio teknologikoetara bideratuko dira batez ere. 
  • Osakidetzako aurrekontuan %8,3 gehiago bideratuko da azpiegiturak zein teknologia mantendu eta hobetzeko, bai Lehen Mailako Arretan, baita Arreta Espezializatuan ere 
  • 1.825 milioi euro Osakidetzako pertsonalerako bideratuko dira.

 

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztientzako kalitatezko euskal osasun sistema publikoko sarbidea bermatzen jarraitzea da Osasun Sailak 2017. urterako  jarritako 3.537.477.000 eurokoaurrekontuaren oinarrizko helburua. 

Hala nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburu Jon Darpónek, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordearen aurrean egindako bere Sailaren aurrekontuen aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzaren kontu sail handiena da, esan nahi baita Iñigo Urkullu Lehendakariaren gobernuko aurrekontu osoaren % 32.

Hain zuzen, Osasun Sailaren aurrekontu zuzkidura honek are gehiago sendotu du osasun sistema publiko eta pertsonen aldeko konpromisoa, 1.619 euroko per capita gastuaz, iazko 1.572 €-en aldean. Alde horretatik, Osasun Sailburuak adierazi duenez, aurten aurrekontua %3,4 igotzea “horrek modua emango digu Euskal Autonomia Erkidegoan bizi garen pertsonen osasuna eta ongizatea zaintzen jarraitzeko”. 

Orotara, Osasun Sailaren kontu sail handiena Osakidetzako Kontratu Programarako da, eta % 4 hazi da:  2.644 milioitara heltzen da, iazko 2.545 milioien aldean. 

Osakidetzaren aurrekontu globalaren portzentaje-banaketari dagokionez, Osasun Sailburuak nabarmendu du 55 milioi euroko hazkundea izango duela pertsonal gastuan Osakidetzan enplegua egonkortu eta Urdulizeko Ospitale berrian langile kopurua handitzeko. Beraz, 1.825 milioi eurotara bideratuko dira pertsonal gastuan, Osakidetzaren guztizko aurrekontuaren  %68,2 delarik. “Aurrekontu hauek, ondo agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzak enplegu publiko eta osasun sistema publikoaren alde duen asmo argia”. 

Halaber, Osasun Sailburuak azaldu du Osakidetzaren aurrekontu orokorreko gainerakoaren % 10,5 ospitaleetako farmaziara bideratuko dela, % 10 material sanitariora, eta % 11,3 beste funtzionamendu gastuetara. 

Bestalde, 2017. urtean, Osakidetzak 52,7 milioi euro izango ditu (alegia, % 8,3 gehiago) azpiegiturak zein teknologia mantendu eta hobetzeko, eta zenbateko hori ondorengo moduan banatuko da lurraldeka: % 20,1 Araban (Arabako Unibertsitate Ospitalea eta Amurrio, Kanpezu eta Murgiako osasun zentroak); % 41,2 Bizkaian (Biocruces Osasun Ikerketa Institutua, Urdulizko Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Galdakao-Usansoloko Ospitalea eta Zallako osasun zentroa); % 26,3 Gipuzkoan (Eibarko Ospitalea eta Alde Zaharreko zein Aieteko osasun zentroak). Gainerakoa, batez ere baliatzen da Osakidetza osoaren proiektuetarako eta ekipamendu berri erosteko.           

Ekintzarako lehentasuna duen beste arlo bat Osasun Publikoa da; horren aurrekontu zuzkidura % 7,7 haziko da osasunaren sustapen eta prebentzio ekintzak areagotzeko, 2013-2020ko Osasun Planean ezarritakoarekin bat etorriz, eta Elikadura Osasungarrirako Planari arreta berezia jarriko zaio, tartean dela Haur Obesitatearen Plan Berezia, gorputz ariketa, Adingabeak eta Alkohola egitaraua… etab. 

Gainera, Osasun Sailburuak iragarri du txertoen egutegirako kontu saila % 1,1 haziko dela aurten ere, beharrezkotzat jotzen diren txertoen kopuruaren kostuari aurre egin ahal izateko.       

Bestalde, osasun tratamenduei errazago atxikitzeko laguntzek 7,1 milioi euroko aurrekontua izango dute (7.140.000 €), aurreko aurrekontuan besteko zenbatekoa, nahiz eta kontu sail hau handitu ahal izango den, laguntzak behar dituen inor kanpoan gera ez dadin.Guztira, iragarri du 14 milioi euro banatuko direla laguntzetan, beketan eta, oro har, beharrezko duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko bitartekoetan.               

Osasun Sailburuak nabarmendu du aurrekontu horiek osasun arloko gizarte desparekotasunen kontra borrokatzeko modua emango dutela, baita prebentzioaren kultura sustatu, zahartzearen erronkei aurre egin eta sistemaren iraunkortasuna zein modernizazioa bermatu ere. 

Horrenbestez, 2017. urteko aurrekontuan, ondorengo planak garatu eta osatzeko neurriak gauzatuko dira: Osasun Plana 2013-2020, Zainketa Aringarrien Plana 2016-2020, Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategia 2020, GIBa eta Sexu Transmisiozko beste Infekzioak Euskadin Prebenitu eta Kontrolatzeko 2015-2018 Plan Estrategikoa, etab. Aldi berean, 2017-2020ko Pazientearen Segurtasunaren Estrategiari segida emango zaio, baita arreta sozio-sanitariorako ildo estrategiko berriei ere. 

Errezeta bidezko farmakoak % 2,1 handituko dira, 494 milioi eurora heltzeraino. Gainera, Osasun Sailburuak adierazi duen bezala, Osakidetzako ospitaleetako farmakoen 282 milioi euroko gastuak gehitzen baditugu, Euskadiko 2017ko aurrekontuaren % 22 farmakoen gastuan joango da.  Hain zuzen ere: onkologiko farmakoetan, antibiotiko berrien erosketan, C Hepatitisari aurre egiteko tratamenduetan…eta abar. 

Bestalde, Sailburuak gogora ekarri du aurrekontu horiek ondorengoak zuzkitzeko balioko dutela: Euskadiko Onkologia Plan Integrala, Droga Mendekotasunen VII. Euskal Plana, gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko Aholku Batzorde bat, Energia Iraunkortasunerako Plana eta aldizkako Lan Eskaintza Publikoak.     

Gainera, Jon Darpónek adierazi du osasun arloko ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustuari eutsiko diotela, eta 1,5 milioi euro bideratuko dituztela ikerketa proiektuei laguntzak ematera. Halaber, adierazi du laguntza horiek handitu egingo direla berriz 2017an, RIS3 Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak Biozientziak-Osasuna atalerako bideratzen duen ehuneko berean; hori da Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren printzipio gidarietako bat.

 

ONDORIOAK

Beraz, Osasun Sailburuaren hitzak ekarriz, “aurrekontu serioa aurkeztu dugu, Osasun sailaren ildo nagusiekin, euskal gizartearen osasun beharrekin  eta euskal ekonomiaren berreskurapen testuinguruarekin ere

bat datorrena, baita, iazkoaren aldean % 3,4ko hazkundea gehituz, 2013tik izandako handiena”. Kontu hauek:

  • pertsonak lehenesten dituzte, osasunean gastu publikoaren 1.619 € erabiliz pertsonako eta urteko. 
  • apustu bat dira sistemaren iraunkortasun eta modernizazioa bermatzearen alde, baita enplegu iraunkor eta kalitatezko, hizkuntza normalizazio, genero parekidetasun eta ikerketaren zein berrikuntzaren alde ere.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 1a