Eusko Jaurlaritzak proposamen bat egingo du eta, horren bidez, Europaren etorkizunari buruzko euskal ikuspegia islatuko du

2017.eko irailak 22

  • Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, Eskualdeetako Lantaldeak eta sozietate zibilak Europaren etorkizunari buruzko hausnarketarako hiru jardunaldi antolatuko dituzte
  • Lehenengo jardunaldia irailaren 25ean, astelehenean, izango da, Deustuko Unibertsitatean, 09:30ean.
  • Ekimen hori Europako Batzordeak eta Eskualdeetako Lantaldeak EBren etorkizunari buruz irekitako hausnarketa-prozesuaren emaitza da

 

Euskadik bat egingo du Europako Batzordeak eta Eskualdeetako Lantaldeak Europaren etorkizunari buruz irekitako hausnarketarekin; horretarako, euskal ikuspegia islatuko duen proposamena egingo du. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta sozietate zibilak (Orkestra, Globernance eta Merkataritza Ganberak), bai eta Eskualdeetako Lantaldeak ere, eztabaidarako hiru jardunaldi antolatuko dituzte; bertan, unibertsitate, enpresa, gizarte-harreman, maila anitzeko gobernamendu eta gazteen enpleguaren inguruko iritziak batuko dira.

Saio horietan ateratzen diren ondorioen bidez, aberastu egingo da Eusko Jaurlaritzak egingo duen proposamena, eta gaia zabalagoa izango da. Azken helburua da amaierako dokumentuak Europaren ikuspegiaren inguruko euskal ikuspegia islatzea. Eusko Jaurlaritzak dokumentu hori Eskualdeetako Lantaldeari, Europako Batzordeari eta haren presidenteari, Jean-Claude Junckerri, bidaliko die.

GOBERNUAREN AGENDAN

XI. legegintzaldirako ezarritako lan-ildoetan, Eusko Jaurlaritzak bere agendan une garrantzitsu gisa jarri zuen Europako Batzordeko eta Eskualdeetako Lantaldeko presidenteek Europar Batasunaren (EB) etorkizunaren inguruan irekitako hausnarketa-prozesua. Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak jakinarazi zuen Eusko Legebiltzarrean, eta Lehendakariak berak asmo horren berri eman zion Europako Batzordeko presidenteari, Jean-Claude Junckerri, aurtengo maiatzean.

Dokumentu hori egiteko, Eusko Jaurlaritzak prozesu parte-hartzailea aukeratu du, foru-aldundi, gizarte-erakunde eta Eskualdeetako Lantaldearen eskutik; bertan, toki-eremuko ordezkariak ere izango dira. Hiru eztabaida-jardunaldi egingo dira. Instituzio eta erakunde parte-hartzaileak ez dira hutsetik abiatuko. Lehendakariak berak, Erromako Itunaren 60. urteurrena dela aprobetxatu eta “Europa soziala, pertsonak oinarri dituena” aldarrikatu zuen, “aniztasunean antolatua”, “subsidiariotasun-printzipioen oinarrien arabera gobernatua” eta “berritzailea eta lehiakorra”.

HAUSNARKETA JARDUNALDIAK

Oinarri horrekin, hiru hausnarketa-jardunaldi egingo dira:

-        “Europa berritzailea, enpresen, unibertsitateen eta gizartearen arteko harreman eredu berri batera” (Bizkaia).

Jardunaldia irailaren 25ean izango da Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusean (Comercialeko Faculty Club). Topaketan, ezagutzaren eta enpresaren arteko harremana, gizarteak elkarreraginerako duen modua eta abar aztertuko dira. Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, jardunaldi horretan honako hauek jardungo dute lankidetzan: Lehiakortasunerako Euskal Institutua - Orkestra eta Eskualdeetako Lantaldea. 

-        “Maila anitzeko gobernamendua, paradiplomazia eta estatu azpiko erakundeen zeregina EBn: behetik gora eraikitako Europaren aldeko apustu berria” (Gipuzkoa)

Jardunaldia azaroaren 29an izango da, Donostiako San Telmo Museoan. Bertan, zenbait kontzeptu aztertuko dira, besteak beste: demokrazia, askatasuna, giza eskubideak eta subsidiariotasuna. Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, jardunaldi horretan honako hauek jardungo dute lankidetzan: Gobernantzaren Euskal Institutua - Globernance, eta Eskualdeetako Lantaldea. 

-        “Talentuaren ekosistema europarra: gazteentzako aukera handiak” (Araba)

Jardunaldia abenduaren 14an izango da, Artium Museoan, Vitoria-Gasteizen. Bertan, hazkuntza ekonomikoa eta enpleguaren sorrera kohesio sozialaren eragile gisa aztertuko dira. Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, jardunaldi horretan honako hauek jardungo dute lankidetzan: Euskal Merkataritza Ganberak eta Eskualdeetako Lantaldea.

Hiru saio horietatik, ondorio batzuk aterako dira, eta, horien bidez, Eusko Jaurlaritzaren proposamena aberastuko da. Eusko Jaurlaritzak azken dokumentua Eskualdeetako Batzordeari, Europako Batzordeari eta haren presidenteari, Jean-Claude Junckerri, bidaliko die.