Eusko Jaurlaritzak parte hartu du Altun mendian aurkitutako bost gudulariren gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanetan

foto.jpg

2017.eko azaroak 18

• Gudulari baten gorpuzkiak aurkitu ziren, baina gorpuzkia hobitik ateratzeko lanak hasterakoan, Aranzadiren taldeak lubaki berean lurperatutako bost gudulariren gorpuzkiak aurkitu eta hobitik atera ditu.
• Gorpuzkietako bat Pedro San Millán Beitia milizianoa da, 1937ko apirilean Barazar eta Zumeltza mendateetan izan ziren borrokaldietan hildakoa. Bere senideak bertan izan dira asteburuan.


Aintzane Ezenarro GOGORA institutuko zuzendaria asteburuan bertaratu da Altun mendira, Zeanuri udal-barrutian (Bizkaia), aurkitutako gerra zibileko bost gudulariren gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanetara. Horietako bat identifikatu dute Pedro San Millán Beitia milizianoa da, 1937ko apirilaren 7an Barazar eta Zumeltza mendateetako zona estrategikoa kontrolatzeko izan ziren borrokaldietan hildakoa.
Gorpua ateratzeko lanetara bertaratu dira Pedro San Millán Beitia zenaren senideak eta hauekin batera, Eusebio Larrazabal Zeanuriko alkatea, Elkarrekin Podemos-eko legebiltzarkide eta Euskadiko Partidu Komunista idazkari nagusia den Jon Hernández. Aranzadi elkarteko kideek egin dituzte lanak, Paco Etxeberria auzitegi-antropologoak zuzenduta. Gorpuzkiak lurretik ateratzeko lanetan aurkitu dituzte azkenik, bost lagunen hezur zatiak, norbanako bakoitzaren tresnak, zenbait orrazi-kargagailu, kartutxoak eta Euzkadiko Gudarostearen identifikazio-plakak. Horietako bat —21967 zenbakia duena- Pedro San Millán Beitiari dagokio eta gainontzekoak, zahar-berritu ostean, jakingo da nortzuk ziren bere lubaki-kideak.
Aztarna horiek joan den irailaren 15ean aurkitu zituzten Euskal Prospekzio Taldeko kideek Altun mendian egiten ari ziren ohiko miaketa batean. Altun mendia Zumeltza (Dima) eta Barazar mendateen artean dago, eta gerra zibilean kokaleku estrategikotzat jo zuten bi aldeek.
Ikerketen arabera, hobian aurkitutako plakan grabatuta dagoen zenbakia Pedro San Millán Beitia milizianoari dagokio. Elantxoben sortu eta Bilbaon bizi zen eta Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko kidea zen —batailoi hori gehienbat meatze-herrietatik eta Nerbioi ibaiaren ezkerraldetik zetozen afiliatuez eta zaleez osatuta zegoen—.
1937ko martxoaren amaieran, batailoia Barazar ingurura bidali zuten armada frankistak Bilbaon eta, geroago, Santanderren sartzeko helburuarekin hasitako eraso handiari aurre egiteko.
Hobien plana
Eusko Jaurlaritzak 2002az geroztik dihardu lanean Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015aren amaieran, hobiak ikertu eta lokalizatzeko 2015-2020 Euskal Plana aurkeztu zen.
Urte honetan zehar, gorpuak hobietatik ateratzeko bost saio egin dira. Txaldatxur mendian, Donostian (urtarrilak 28an); Urkullu mendian, Larrabetzun (otsailak 4an); Legution (matxoak 25ean); Lemoatx mendian (ekainak 4an); eta asteburu honetakoa Altun mendian, Zeanurin.