Eusko Jaurlaritzak 2.771.000 euro onartu ditu euskara sustatzeko jarduerak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2017-05-30)

logoconsejo.jpg

2017.eko maiatzak 30

Urtero 170 ekimen inguru aurkezten dira 2003an jaiotako deialdi honetara

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2.771.000 euroko kontu-sail bat onartu du 2017-2018 aldian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzetara bideratzeko.  Plan honen bitartez era askotako jarduerak lagun daitezke, guzti-guztiak euskararen erabilera sustatzearekin loturikoak. Urtero 170 ekimen inguru aurkezten dira 2003. urtean jaiotako deialdi honetara.

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartutako aginduak , 2017-2018 aldian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten du. Deialdia Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzatik bideratzen da. Eskaerak aurkezteko epea 2017ko ekainaren hasieratik uztailaren hasierara arte luzatuko da.

Diruz lagun daitezkeen ekimenak ondokoak dira: 

  • Euskararen erabilera aisialdian eta kirolean bultzatzeko jarduerak.
  • Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten jarduerak.
  • Euskara eta haren mundua etorkinengana hurbiltzea helburu duten ekimenak.
  • Haur eta gaztetxoekin ahozkotasuna lantzeko programak.
  • Mintzapraktika lantzea helburu duten jarduerak.
  • Merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzea helburu duten ekimenak.
  • ‘Euskarak 365 egun’ ekimen berriaren garapenarekin lotutako jarduerak.
  • Aisia eta kirol jardunean haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten jarduerak egitea.

Diru-laguntzetara bideratuko den zenbatekoa iazko berdina da. Diru-laguntzak jasoko dituzten proiektuek planaren betetze-maila aurkeztu beharko dute 2018ko apirilaren 15a baino lehen eta 2019ko apirilaren 15a baino lehen.